Narrondo eta Iraeta arteko bidegorriaren eraikuntza proiektua onartu du aldundiak

Nerea Uranga 2025ko api. 1a, 13:12

Iraetan bidegorriaren eta oinezko bidearen lanak. (Ixidro Arrieta)

Narrondo, Arroabea eta Iraeta lotuko dituen bidegorriaren eta oinezko bidearen lanak bederatzi hilabeteko epean egitea aurreikusi dute, eta 3,2 milioi euroko aurrekontua izango du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu du Narrondo eta Iraeta arteko bidegorriaren eta oinezkoen bidearen eraikuntza proiektua. Obra hori egiteak "Urolako Bide Berdea osatzea" ahalbidetuko duela azpimarratu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak. Behin Narrondo, Arroabea eta Iraeta lotutakoan, Zumaiatik Zumarragaraino 36 kilometroko ibilbideko bidegorria eta oinezkoen bidea osatuko dira, Urolako trenbide zaharraren trazadura segituz.

Eraikiko duten bidegorriaren eta oinezko bidearen tarte berriak 4,15 kilometroko luzera du, eta bederatzi hilabeteko exekuzio epea aurreikusi dute foru aldundiko arduradunek. Denera, 3.220.463 euroko (BEZa barne) lizitazio aurrekontua du obrak.

Foru bozeramaileak azaldu duenez, Narrondotik Iraetara arteko jarduketa Gipuzkoako Bidegorri Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren barruan kokatzen da eta Europako Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren –NextGenerationEU– finantzaketa jaso du.

Era berean, Berasaluzek "oso positiboki" baloratu du proiektua onartu izana: "Gipuzkoako Bide Berdeen sarea ez da azpiegitura hutsa: mugikortasun iraunkorrago, seguruago eta konektatuago baten aldeko apustu sendoa da". Tarte berrian, ingurumena trazadurarekin "integratu" behar izan dutela ere azaldu du.

Gipuzkoako Bide Berdeen bosgarren ibilbideari segida emango dio eraikiko duten tarte berriak, eta foru bozeramailearen esanetan, etorkizuneko Mutrikurantzko bigarren ibilbidearekin ere lotuko da.


Iraetan bidegorriaren lanak. (Ixidro Arrieta)

Obraren xehetasunak

Bidegorri tarte berriaren ezaugarriei eta eraikuntzaren xehetasunei buruz honako azalpenak eman dituzte gaur aldundiaren ordezkariek: N-634 errepidearen ondoan doan zatian, plaka albeolarrekin osatutako egiturak, oinezko eta txirrindularientzako seinaleztatutako pasabide seguruak, bereizketa eta segurtasun elementuak, eta malda leuneko arrapalak eraikitzea aurreikusi dute. Arroabearen ingurutik aurrera, trazadura Urolako trenbide zaharraren plataforma osoa baliatuz egingo dute, "ibilbidea irisgarriagoa eta ingurumenean eragin txikiagokoa izan dadin". Toki horretan, garbiketa lanak, zoladuraren berrikuntza, kaltetutako elementuen ordezkapena eta seinaleztapenaren eta argiteria sistemaren instalazioa egingo dituzte.

Argiztapena ibilbide osoan jarriko dutela adierazi dute, baita AP-8 eta GI-631 azpiko pasabideetan ere. Euri uren hustubide eta drainatze sistema egokiak izango dituela ere aurreratu dute.

Iraeta eta Narrondo arteko zatian bidegorria egin arteko bidea eta prozesua luzea izaten ari da. Urteetakoa izan da Arroabeko herritarren eta Zestoako nahiz Zumaiako udalen bidegorri zati horren eskaera, eta agindu-agindu izan dute unean uneko agintariek egingo dutela eta obrak hasiko dituztela, baina bitartean denbora pasatu da. Iazko ekainean hasi zituzten bide zati horretako bi tunelak egonkortzeko lanak, lanak egiteko hamazortzu hilabete beharko zituztela azaldu zuten, eta horretan ari dira oraindik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide