Saretzen

Unai Egaña: "Bizikidetza posible da orduko 30 kilometroko abiadura muga dagoen tokietan"

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 31a, 13:53

Unai Egaña, Zarauzko Bide Heziketaz eta Mugikortasun Seguruaz arduratzen diren udaltzainetako bat. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Bide Heziketaz eta Mugikortasun Seguruaz arduratzen diren udaltzainetako bat da Unai Egaña (Zarautz, 1972). Oinezkoek, bizikletek eta autoek espazio bera partekatzen duten mugikortasun ereduaren defendatzaile sutsua da, eta gainera, ahalik eta arau gutxien jarrita egitearen aldekoa. "Balio kontua da, indartsuenek ahulenekiko duten errespetu kontua".

Iazko Mugikortasun Astean bizikletaren erabileraren inguruko azterketa sakona egin zenuten herrian: zenbat bizikleta dauden, herritarrek bizikleta zer motatako bidaiak egiteko erabiltzen duten... Zergatik egin zenuten azterketa?

Beti eduki dugulako jakin-min hori, ez baita erraza kontaketa egitea. Erregistro bat badaukagu, baina ez ditugu bizikleta guztiak erregistratuta, eta erabaki genuen Mugikortasun Astearen barruan galdeketa egitea, estimazio bat egiteko.

Azterketa horrek baieztatu zuen datuetako bat da Zarautzen herritar baino bizikleta gehiago daudela. Espero al zenuten hori?

Sumatzen genuen, eta estimatzen genuen, baina sorpresa ere hartu genuen kopurua ikusita. Intuitiboki bagenekien, baina datutan ikusteak beste dimentsio bat ematen dio kontuari.

Zarautzen inguruko herrietan baino ohitura handiagoa dago bizikletaz ibiltzeko. Zergatik?

Batetik, orografiak eta lautada izateak erraztu egiten duelako; bestetik, distantziek lagundu egiten dutelako; eta kultura eta ohitura ere badago. Nik 52 urte dauzkat, eta 6-7 urte neuzkanetik joaten nintzen ikastolara bizikletaz. Are gehiago, orain dela 70 bat urte, tailerretan, bakoitzak bere bizikleta izaten zuen, orain autoak bezala, eta denak bizikletan ibiltzen ziren alde batetik bestera. Beraz, kultura eta trasmisioa egon dira, eta baldintzak egokiak dira, gehienbat lautada delako, eta joan-etorriak bi kilometro ingurukoak direlako; hamar kilometroko ibilaldiak izan balira, jendeari gehiago kostatuko zitzaion bizikleta hartzea.

Bizikleta al da Zarautzen lehenetsi beharko litzatekeen garraiobidea?

Bai, bai; dudarik gabe. Eredu bezala erraza da ulertzeko, zaila da egiteko. Kanpin bateko elkarbizitza nolakoa da mugikortasunari dagokionez? Oinezkoak, bizikletak… Egunerokoan zailagoa da, presa dela, eginbeharrak direla… Garraiobide bakoitzak bere bidea izan beharrean, segregatutako bideak izan beharrean, egin beharko litzatekeena da herriko errepide guztietan gehienezko abidura muga murriztu, bizikletan ibiltzea posible izan dadin; alegia, errepide guztietan bizikletak lehenetsi, eta beste ibilgailu guztiak haren abiadurara moldarazi; azken finean, bizikleta erdigunean jarri.

Urtero egiten dituzue herritarrak bizikletan seguru ibiltzera bultzatzeko kontzientziazio kanpainak. Ez al dakite egokite ibiltzen? 

Ez da ezjakintasun kontua, arriskuak neurtzeko kontua da. Arriskuak neurtzen jakin behar da, eta arrisku horien aurrean nola babestu. Argiak erabiltzeko kanpaina egiten dugu 08:00 aldera oraindik ilun egoten den garaian. Beste ibilgailuentzat ikusgarri izan zaitezen, ikusgaitasuna irabazteko, inportantea da argiak erabiltzea. Bide heziketa lantzen dugu 6-18 urte arteko ikasleekin herriko ikastetxe guztietan, eta ez dugu arauen partea bakarrik lantzen, norbera arriskuez kontziente izatearen garrantzia azaltzen saiatzen gara, zergatik hartzen ditugun arrisku horiek, eta nola babesten garen horiek saihesteko. Gure helburua ez da 16 urtera bitartean kaskoa jaztea legeak derrigortzen duelako, baizik eta babestu nahi dutelako eta konturatzen direlako inportantea dela. Argiak erabiltzea kaskoa jantzita ibiltzea baino errazagoa eta erosoagoa da 16 urteko gazte batentzat, hor sartzen direlako besteek esaten dutena eta abar. Horregatik jarri genuen arretagunea batez ere argietan.

Isunik jartzen al duzue bizikletan beharrezko segurtasun neurriak hartu gabe ibiltzeagatik.  

Berez, ahal dela, heziketa da gure lana, isuna jarri beharra heziketaren porrota baita, baina jartzen ditugu, sinesgarritasuna irabazteko bada ere.

Oinezkoek, bizikletek eta autoek espazio berbera partekatzen duten mugikortasun eredua defendatzen duzu. Posible dela iruditzen zaizu? 

Balio kontua da, indartsuenek ahulenekiko duten errespetu kontua; besteei min emateko beldur hori sentitzen baduzu, neurriak hartuko dituzu zaurgarrienak diren horiek ez kaltetzeko. Eta ardura handiena zeinek dauka? Kalterik handiena egiteko aukera daukanak, eta mugikortasunaren kasuan, badago eskala bat: motordun ibilgailuak, bizikletak eta oinezkoak. Jendeak segurtasun arazoak eta bizikidetza arazoak nahastu egiten ditu. Adinekoak, beraien burua zaurgarri sentitzean, kexatu egiten dira espaloietan bizikletak, patineteak eta abar ibiltzen direlako, baina estatistikek esaten digutena da benetako arriskua errepidean dagoela, bizikletak eta ibilgailuak dauden tokian.

Eta zein litzateke erronka Zarautz bezalako herri batean?

Motordun ibilgailuen abiadura murriztea, bizikletak ere errepidean seguru sentitzeko, eta horrela, espaloitik ibili beharrik ez izateko. Azken erreformak eta norabide horretan doaz. 30 kilometroko gehienezko abiadura dagoen tokietan bizikidetza posible da.

Azpeitian, adibidez, plazan bizikletaz ibiltzea debekatuta dago, eta plaza bizikleta gainean zeharkatzen dutenei udaltzainek errieta ere egiten diete batzuetan. Egoki ikusten al duzu hori?

Azpeitiko plazaren zabaltasuna ikusita, berez ez dut pasatu ezinik ikusten; aldapa pixka bat badu baina… Zarauzko itsas pasealekuan ere berez, legez, debeketuta dago bizikletan ibiltzea, eta ari gara horri buelta eman nahian. Egun batzuetan ezinezkoa da han bizikletan ibiltzea, jendearen joan-etorria izugarria izaten delako, Azpeitiko plazan egun jakin batzuetan gertatuko den bezala, baina zentzuz jokatuz gero ez luke arazorik sortu beharko.

Umeekin eta gazteekin bide heziketa lantzen jarduten duzu, baina helduekin lan bera egingarrri ikusten al duzu? Emaitzik eman al luke?

Umeekin gustura ibiltzen gara, eta beraiek ere bai gurekin, baina, berez, gustu handiz, enpresetara sartuko ginateke; izan ere, herrian gertatzen diren lan istripuen %30 trafiko istripuak izaten dira. Guk ohiturak baino gehiago, arriskuen kudeaketa lantzen dugu,. Horretarako, adin eta testuinguru bakoitzean faktore desberdinak hartu behar izaten dira kontuan; adibidez, adinekoekin erorketak prebenitzeko tailerrak egiten ditugu. Ohiturak eta joerak aldatzea eta egoera berrietara egokitzea denoi kostatzen zaigu, baina egin daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide