Zimenduak kolokan

"Oso prozesu neketsua da"

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 26a, 11:19

Hodei Esteban eta haren bikotekidea lehen lokala zen etxe batean bizi dira, bidean hamaika zailtasun gaindituta. 

Hodei Esteban Pertusa zarauztarrak eta haren bikotekideak ederki asko dakizkite zeintzuk diren merkataritza lokal bat hartu eta hura etxebizitza bihurtu arteko bideak dituen zailtasunak. Urtebete pasa daramate gisa horretako etxe batean bizitzen, baina hara bizitzera sartu artekoa prozesu luze eta neketsua izan zela ziurtatu du Estebanek. "Etxea egokitzeko lanek zortzi bat hilabete iraun zuten, eta lanei ekin aurreko prozesuak beste urtebete bai gutxienez".

Esteban eta haren bikotekidea alokatutako etxe batean bizi ziren aurrez, urte askoan, eta ez zeukaten etxe baten erosketan sartzeko asmorik. Etxe hartatik alde egin beharra tokatu zitzaien, eta orduan konturatu ziren herriko panorama zeinen gordina zen. «Alokairuak oso garesti, aukera gutxi, eta gutxi horiek oso baldintza eskasetan; baldintza txarrak, eta urte guztirako alokatzeko moduko etxe oso gutxi». Aitortu du bizitzan aurreneko aldiz etxebizitza bat erosteko aukera aztertzen hasi zirela. «Baina gure egoera ekonomikoan ezinezkoa genuen etxe 'arrunt' bat erostea».

Merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko aukeraren berri izan zuten orduan. "Lokal zehatz batzuek, udalak aukeratutakoek, lokal bezala erosi eta etxebizitza bihurtzeko aukera ematen zuten. Haiek ezarritako baldintza batzuk beteta etxea eraikiz gero, bizigarritasun baimena lortzeko aukera dago, eta lokal izatetik etxebizitza tasatu izatera pasatzen da. Horrela saihesten da espekulazioa, alegia, dirudunek lokalak erosi, etxe bilakatu eta merkatu libreko prezioetan saltzea". Garbi esan du Estebanek: "Etxebizitzarekin espekulatzearen oso kontra gaude".

Prezioz lorgarriagoa zitzaienez, lokal bat erosi eta hura etxe bihurtzeko bidea aukeratu zuten. "Aukeratu genuen lokalak, gainera, etxebizitza arrunt batek ematen ez dituen aukerak ematen zizkigun, eta hori ere motibazioa izan zen prozesuari heltzeko". Eta beharko motibazioa nonbaitetik atera, prozesua "neketsua" dela ziurtatu baitu. "Aurrekari asko ez zeudenez, hipoteka lortzea ez zen batere erraza izan. Erosten duzun momentuan lokala da, baina hipoteka etxe baten baldintzetan eskatzen duzu; hor bankuak pixka bat jokoz kanpo geratzen dira, eta ia inork ez zigun hipoteka aukera eman. Gainera, lokala egokitu behar duzu, eta horretarako ere diru asko behar da". Puntu horretan zailtasun asko topatu zituztela esan du: "Zati hori ez da batere erraza, eta asko horrek botatzen ditu atzera. Oso prozesu neketsua da".

Beraiek aukera hori baliatu duten arren, Estebani eta haren bikotekideari ez zaie iruditzen lokalak etxe bilakatzea denik etxebizitzarekin dagoen arazoaren konponbidea. "Lokalak beharrezkoak dira, eta herrietako lokalak etxe eta batez ere turistentzat hostel bihurtzeak herriak hiltzen ditu. Herriek denda txikiak eta halakoak beharrezko dituzte. Etxe hutsez josita daukagu Euskal Herria, eta herritar pila bat etxerik gabe dago"Hodei Esteban eta haren bikotekidea lehen lokala zen etxe batean bizi dira, bidean hamaika zailtasun gaindituta. .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide