GUTUNA

Apirilak 6, justizia euskararentzat

Intza Gurrutxaga, Luken Etxabe, Haritz Lagarreta eta Ibon Leibar 2025ko mar. 30a, 07:45

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldearen kartelak.

Apirilaren 11n Euskal Herrian Euskaraz taldeko (EHE) bi euskaltzale epaituko dituzte Baionan, eta hilaren 6an Lapurdiko hiriburuko kaleak hartzera deitu dute kolektibo horretako kideek gutun honetan.

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan, euskaldun gisa mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets Arzallusek: "Iritsi gara, hemen, beste denak bezala, estatuek ondo zapalduta, bortxatuta, eta guk bakarrik sedukzioz egin genezake. Gu munduko jatorrenak izango gara!".

Badirudi, gure eskubideak ahapeka aldarrikatu behar ditugula, ez oso ozen, eta, ahal dela, inor molestatu edo mindu gabe. Badirudi, euskaraz bizitzeko aldarria ez dela zilegi edo ez, behintzat, lehen lerrora ekartzeko eta zalaparta gehiegi ateratzeko modukoa. Badirudi, euskaltzaleon “kapritxo” bat besterik ez dela hau guztia. Erraietaraino sartu dizkigute halako mezuak, paradoxikoki, euren ama-hizkuntzan bizitzeko eskubidea bermatuta dutenek sartuta. Horrela, konplexuz bete nahi gaituzte, baina euskaltzaleok antigorputzak indartsu ditugu eta, iazko Korrikan argi geratu zen modura, euskaldun izateaz harro dagoen herria da Euskal Herria.

Euren arauen, legeen, eginbideen… aurrean jarrera sumisoa eta obedientea hartu dezagun nahi dute espainiar nahiz frantziar estatuek. Zertarako? Euskaldunon gaineko egiturazko zapalkuntza eta bazterketa iraunarazteko. Horregatik, egoera iraultzeko, uste dugu ezinbestekoa dela desobedientzia jarrerak indartzea, Euskararen Errepublikarantz bidea egiten jarraitzea eta bizi dugun zapalkuntza egoera bistaratzea nahiz konfrontatzea. Une oro zapaltzaileen aurrean makurtzeak gure eskubideak eta askatasuna murriztea besterik ez dakar eta horren erakusle dira gaur arte egindako borroken esperientziak. Borroka feministak, LGBTI+ kolektiboarenak, ekologistak, langileriarenak, antimilitaristak... zalapartarik edo konfrontaziorik sortu gabe lortu al ditugu egungo eskubideak? Borroka euskaltzalea salbuespen izango da, agian, eta gu oraindik ez gara horretaz ohartu?

Aldaketak eragin nahi dituena eta ahaldundu nahi duena ahoa zabaltze hutsagatik izango da batzuentzat zalapartatsua eta deserosoa; gehienetan, aldaketarik nahi ez duten horientzat eta euren botere posizioan eroso daudenentzat. Hori dela eta, helburuak eta jomugak ongi zehaztuz, borrokak piztea eta konfrontatzea dagokigu euskaltzaleoi, betiere, arduraz jokatuz eta kolektiboki antolatuz. Isilpeko lana eta zalaparta uztartuz, eta Euskararen Errepublika ipar hartuz, zimendu sendoak jartzen dihardugu. Euskara eta euskaldunak larrialdi egoeran gaude eta horregatik, orain da euskararen aldeko borroka erdigunera ekartzeko eta hainbatetan aipatu dugun olatu berria indartzeko unea. Duela mende erdi pasatxo, egungoa baino zulo ilunagotik ateratzea lortu zuen gure herriak; orain ere, ziur gaude, lortuko dugu!

Abenduaren 3an, Baionako Justiziaren Jauregian, euskararentzat justizia aldarrikatu genuen. Batzuentzat, zalaparta gehiegi sortu dugu, gure hizkuntza eskubideen aldarria urrunegi eraman dugu; "delinkuenteak" gara eta horregatik, apirilaren 11n, epaitu egingo gaituzte. Zapalkuntzaren arduradun eta zapalkuntza bera legitimatzen duten egiturek zer egingo dute bada gurekin? Zigortu eta geldiarazten saiatu, horretarako, tresna oso eraginkorrak dituzte: errepresio poliziala nahiz ekonomikoa eta horrekin guztiarekin eragiten duten beldurra. Obedientziaren izenean zapaldu egin nahi gaituzte, ez diezaiogun zapalkuntzari obedinentziaz erantzun!

Apirilaren 11n, ez dituzte, soilik, bi euskaltzale epaituko, euskararen eta askatasunaren aldeko borrokan ari den herri oso bat baizik. Horrenbestez, eman diezaiogun erantzun kolektibo bat bizi dugun zapalkuntzari eta injustiziari eta apirilaren 6an, bete ditzagun Baionako kaleak euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide