Sahararako elikagai bilketa egingo dute eskualdean zehar

Julene Sorarrain 2025ko urt. 22a, 09:34

Darahliko boluntarioak iaz egindako janari bilketan. (Darahli Elkartea)

Hainbat eragileek antolatuta, herriko dendetan eta ikastetxeetan bilduko dituzte. Arropak eta medikamentuak ere jasoko dituzte zenbait udalerritan.

Piztu itxaropena lelopean, aurten ere Sahararen aldeko euskal karabana abian jarriko dute Euskal Herriko eragileek, Tindufeko kanpamenduetan bizi diren milaka errefuxiatuei laguntza emateko asmoz. Horren harira, elikagaiak eta materiala biltzen hasiko dira aste honetan eskualdeko zenbait herritan.

Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte; besteak beste, arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak.

  • Azkoitia

Azkoitin ere egingo dituzte bilketak. Xabier Munibe ikastetxean otsaileko lehenengo astean jasoko dute materiala. Eta aurten, lehen aldiz, Floreaga ikastetxean ere egingo dute bilketa. Bilketa hauek kudeatzeaz ere Zestoako Wadna elkartea arduratuko da.

Otsailaren 1ean, aldiz, Eroskin izango dira bolondresak elikagaiak eta materiala biltzen, goizeko 10:00etatik 21:00tara bitartean.

  • Orio

Iriki Begik eta Esperientzia Eskola elkarteek antolatuta, Orion ere aste honetan hasiko dira elikagai bilketarekin. Zaragueta Herri Eskolan eta Orioko Herri Ikastolan sentsibilizazio hitzaldiak eskaini dituzte azken asteetan, herriko sahararrek beren herrikideen egoera ezagutarazteko, baita janari bilketak abiatu ere.

Bestalde, herritarrei zuzendutako janari bilketa egingo dute asteburu honetan, Eroski handian jarriko duten postuan. Urtarrilaren 24an, ostiralarekin, 17:00etatik 20:30era bitartean izango dira supermerkatuan; larunbatean, aldiz, goizeko 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era arte izango dira.

Gainera, otsailaren 1ean, larunbatarekin, Herriko Plazan ere postu bat jarriko dute bilketarekin jarraitzeko, eta goizez zein arratsaldez izango dira bertan, herritarrek beraien ekarpenak egin ditzaten.

  • Zarautz

Zarautzen, Saharautz elkarteak antolatuta, otsailaren 8an Eroski eta BM supermerkatuetan ariko dira bilketa egiten, goizez nahiz arratsaldez. Aldiz, herriko ikastetxeetan otsailaren 3tik 7ra bitartean egingo dituzte bilketak.

Gainera, Zarauzko elkartea arduratuko da datorren astean Getariako Iturzaeta eskolan nahiz herriko dendetan egingo dituzten elikagaien bilketak kudeatzeaz.

  • Zestoa

Zestoan, urtero bezala, otsaileko lehenengo astean egingo dute bilketa herri ikastetxean, hilaren 3tik 7ra bitartean, hain zuzen.

Herriko dendetan ere elikagaiak uzteko txoko bat egongo da, ostiral honetan hasi eta otsailaren 1a arte. Otsailaren 1ean ere udaletxe azpiko arkupetan ariko dira janaria eta bestelako produktuak jasotzen, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Wadna elkartea arduratuko da materiala jasotzeaz.

  • Zumaia

Desertuko kanpalekuetan bizi diren Saharako errefuxiatuentzako janari bilketa egingo du aste honetan Darahli elkarteak. Zumaian bakarrik ez, Oikian, Arroabean eta Aizarnazabalen ere bilduko dute sahararrentzako materiala. Bildutakoa euskal karabanaren bidez igorriko dute Tindufera (Aljeria).

Gaurtik ostiralera bitartean herriko ikastetxeetan jasoko dute materiala. Larunbatean, berriz, Eroski eta BM supermerkatuetan arituko dira janariak eta bestelako produktuak jasotzen, goizez zein arratsaldez.

Karabana kanpamenduetara eramateak kostu ekonomiko handia duenez, aurten dirua ere jasoko dute bertan elikagaiak erosteko asmoz. Darahliren kontu hauetan egin daitezke diru ekarpenak: ES05 3035 0037 4103 7005 0791 (Laboral Kutxa) eta ES05 3035 0037 4103 7005 0791 (Kutxabank). Bizum bidez ere kolaboratu ahal izango dute herritarrek, 605 70 14 63 telefono zenbakiaren bitartez.

Saharako 300 haur ekartzea da Oporrak Bakeanen erronka

Esperantzari leiho bat lelopean abiatu dute aurtengo Oporrak Bakean programa. Egitasmo honi esker, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haur sahararrek udako oporraldia Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute. Pasa den larunbatean aurkeztu zuten aurtengo edizioa, Donostiako Aiete jauregian.

Aurkezpenean izan ziren Xabier Euzkitze eta Aner Peritz zarauztarrak, egitasmoarekin bat eginez. Geroago partekatu zuen Peritzek sare sozialetan hurrengo mezua: "Saharar herriak ez du behar Euskal Herrian uda on bat igarotzea, ezta esperantza ere. Behar ditu autodeterminazioa, deskolonizazioa eta askatasuna. Baina, hori oparitu artean, eman diezaiegun bi hilabete eta esperantza bat".

Oporrak Bakean egitasmoaren helburu nagusiak dira, besteak beste, haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea, umeen osasuna hobetzea elikadura orekatuaren bitartez eta beste errealitate bat bizitzeko aukera eskaintzea.

Egitasmoaren erronka da 300 haur saharar Euskal Herrira ekartzea. Izan ere, 2022an 153 haur sahararrek igaro zuten uda Euskal Herrian; 2023an, berriz, 183 haurrek; eta iaz, 188.  Harrera familia izateko interesa edo informazioa eskuratu nahi dutenek Oporrak Bakean egitasmoaren atari digitala bisitatu dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide