Getariako Udalak 2023an jarri zuen martxan idazleek herriko ostatuetan sormen egonaldiak egiteko egitasmoa, eta hiru idazlek izan zuten horretarako aukera joan den urtean: Olatz Mitxelenak, Iñigo Martinezek eta Oihane Zuberoak. Bigarren ediziorako izen ematea itxita, epaimahaiak erabaki du zeinek egingo dituzten egonaldiak aurten: Jon Artano zestoarra da horietako bat, eta beste biak Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia) eta Garazi Arrula (Tafalla, Nafarroa) dira.
Guztira zazpi proiektu aurkeztu dituzte, eta epaimahaikideek astearte honetan ebatzi dute egonaldiak zeini eskaini. Artanok hil honetan bertan egingo du astebeteko egonaldia Harritarte apartamentuetan, garatzen ari den kazetaritza lan bat lantzen jarraitzeko. "Andeetan hegoaldetik iparraldera egindako bidaian bildutako istorioak lantzen ari da, Anderik Ande proiektuaren bigarren alea litzate, 2023an argitaraturikoa Juanaren ostean. Bigarren liburu honetan Argentinan eta Txilen ikertutako gaiak agertuko dizkigu", azaldu dute epaimahaikideek. Hegoaldean du behin-behineko izenburua lanak.
Meabek ere urtarrilean egingo du egonaldia Getaria apartamentuetan, "poemaz osatutako thriller ukituko nobela bat" ontzeko. "Jubilazioaren atarian dago Agurtzane izeneko narratzailea, atezaina da Bilboko auzo bateko DBHko ikastetxe batean. Ikasle bat hilda agertzen denean abiatuko da nobela, narratzailea heriotza ikertzen hasten denean".
Martxoan izango da Arrularen egonaldia, San Prudentzio hotelean. "Protagonistaren biografiari segika, hainbat gai jorratuko ditu Arrulak eleberrian: sektak, fedea eta sinesmenak, emakumeen kontrako indarkeria askotarikoa, norbere hautuaren eta koertzioaren arteko mugak, kulpa, indibidualismoaren errepresentazioak eta abar".
Epaimahaia Uxue Alberdi idazleak, Imanol Agirre Garoa liburu dendako arduradunak, Ekaitz Esteban Kultura zinegotziak eta Mikel Gartziarena irakasleak osatzen dute.
Udala, gustura
Estebanek azaldu du hiru idazleen lanak "sormen prozesuan" daudela, eta proiektuak aurkeztu dituzten guztiei "lagina" eskatu diela epaimahaiak aurten, "kalitateaz gain, lana aurreratuta izateari ere balioa eman nahi izan zaiolako". Iazko partaideek oraindik ez dituzte argitaratu beren lanak, baina Estebanek azaldu du aurten direla plazaratzekoak liburuak, horietako bat udaberri aldean.
Getariako Udala "oso gustura" dago egitasmoarekin, eta hurrengo urterako ere deialdia egingo duela iragarri du jada. "Udalaren egitasmoa asko gustatu zaie idazleei, eta parte hartu duten idazleak oso gustura gelditu dira, baita ostatuak ere. Udala, berriz, oso eskertuta dago ostatu horiei, azken batean beraiek direlako musu-truk eman dietenak astebeteko egonaldia idazle hauei", adierazi du.
Udalaren egitasmo hau irabazi asmorik gabekoa da, helburuak "herriko turismo baliabideak kultur sortzaileen eskura jartzea eta euskarazko idatzizko sorkuntza bultzatzea" direlako.