Betizu taldea bueltan da, egun gutxirako bada ere. 2002-2006 urteen artean ETB1eko saio entzutetsu hartako protagonistak elkartu eta gala bat grabatu dute, tartean eskualdeko hiru lagunek: Ainara Epelde (Azpeitia, 1991), Telmo Idigoras (Zumaia, 1990) eta Jon Urbieta (Zumaia, 1988).
Telefono dei bana jaso zuten hirurek uda baino lehen, eta orduan jakin zuten asmoaren berri. "Proiektua martxan zutela eta parte hartzera gonbidatu nahi nindutela esan zidaten; Baleuko ekoiztetxean orain dela hilabete askotatik buruan zuten", azaldu du Epeldek. Urbieta izan zen dei horiek guztiak egin ahal izateko ezinbesteko pieza, ekoiztetxekoek zumaiarrari deitu ziotenean, etxeko lanak agindu zizkioten eta. Beste partaideen telefono zenbakiak eta datuak eskatu zizkioten hari; izan ere, Betizu saioko lagunek Whatsapp talde bat zuten beraien artean.
Nola ez, deiak "ilusio handia" egin zien hirurei, eta segituan eman zuten baiezkoa. "Hasieratik nuen argi baiezkoa emango nuela. Hori bai, banekien logistika aldetik moldatu egin beharko nuela. Izan ere, Suitzan bizita, datak behar nituen, lanean jaiegunak eskatzeko eta bidaia antolatzeko", dio Epeldek. Urbietak ere ez zuen zalantzarik egin. "Nire gogoa bazen beraiek proposatu aurretik ere, eta baiezkoa eman nuen inolako zalantzarik gabe". Zumaiarrak dio halako saioen itzulerak moda kontua ere badirela. "Azken urteotan modan jarri dira halako elkartzeak. Operación Triunfo saioarekin ere egin dute, eta uste dut hori izan dela arrazoietako bat".
Elkartu eta grabatu
Uda igaro ostean baieztatu zieten gala aurrera aterako zela, eta azaroko hiru egunetan grabatu zuten, nola ez, aurrez entsegu bat edo beste eginda. "Oso gutxi entseatu genuen. Astelehen arratsalde batean elkartu ginen lehen aldiz denok batera entseatzeko, eta hurrengo goizean errepasoa egin genuen; agertokiko posizioak begiratu, kanten hurrenkera zehaztu... Horrenbestez, astearte arratsaldean gala grabatzen ari ginen", azaldu du Epeldek. Bide beretik jo du Urbietak ere. "Abestiak ezagutzen genituen, baina aste batzuk lehenago hitzak pasatu zizkiguten. Ez genuen entsegu asko behar izan".
Bai Epelde, bai Urbieta "kanta den-denekin" akordatzen dira, "hitz guztiak goitik beheraino" dakizkite. "Momentu on guztiak buruan ditut, eta Betizuko garaia momentu on bat izan zen", azaldu du zumaiarrak. Azpeitiarrak ere uste du bizitza osorako "memorian gordeta" izango dituela Betizun abestutako kantak. "Bere garaian hainbeste aldiz kantatu genituen...". Halere, esaldi banaketetara ohitzea gehiago kostatu zaio hari. "Betizu taldean esaldi batzuk abesten nituen, eta orain, beste batzuk kantatzea egokitu zait, jende gehiagorekin batera abestu dugulako. Hain zuzen, noiz abestu behar nuen jabetzea izan da gehien kostatu zaidana".
Hala eta guztiz ere, "esperientzia oso polita" izan dela aitortu du azpeitiarrak, eta "izugarria" izan dela dio Urbietak. "Gala bukatu orduko agertu ginen denok oso gustura. Gainera, orain Primeran plataforman ikusita, esan dezaket grabaketak egin ostean nituen sentipenak eta saioa ikusi ostekoak berberak direla", dio Epeldek.
Oroitzapenen berpiztea
Hainbat lagun egiteko aukera izan zuten hiru lagunek orduan, baina denean bezala, harreman estuagoa egin zuten Epeldek eta Urbietak zenbaitekin. Urte askotan ikusi gabe izan dituzten lagunekin elkartzeko modua izateak egin du berezi esperientzia bientzat. "Denontzat izan zen berezia Betizu taldearekin bizi izan genuena, eta orain berriz elkartzea oso ederra izan da", gehitu du azpeitiarrak. Urbietak, berriz, urtero egingo luke gauza bera: "Pasada bat izan da telebistara berriro bueltatzea, aspaldian topo egin ez dudan jendearekin topatzea, abestiak berriro abestea... Oso motza egin zitzaigun".
Epeldek, bereziki, Leire Merinorekin mantendu du harremana. "Taldean aritzen ginenean ere harreman estua genuen. Biok Euskal Herritik kanpo bizi arren, elkartu izan gara bizpahiru urtez behin. Iaz, adibidez, Zarautzen elkartu ginen". Zuriñe Hidalgorekin ere egin izan du topo hark noiz edo noiz, nahiz eta ez aritu edizio berean. "Harreman pixka bat eduki dut Zuriñerekin, baina gainerako taldekideekin ez; 18 urterekin Madrilera joan nintzen bizitzera, gero AEBetara, segidan Italiara, eta orain, Suitzan bizi naiz. Orokorrean, kontaktua galdu dut Euskal Herriko jendearekin, eta ondorioz, Betizuko kideekin ere bai".
Urbietari, berriz, "oroitzapen on guztiak berpiztu" zaizkio. "Orduan oso pozik bizi ginen, eta momentu batez denbora haietara bueltatzea izan da aukera hau". Hark Mikel Zubimendirekin eta Idigorasekin mantendu du harremana, hirurak ere herri berekoak baitira. Gainerakoekin harremana berreskuratze aldera, ordea, zumaiarrak pandemia iritsi baino lehenago Whatsapp taldera mezu bat bidali zuen, berriro elkartzearen aukera adieraziz. Lagun zaharrekin "zerbait hartzeko edo bazkaltzeko" saiakera egin zuen hark, nahiz eta "bere horretan" geratu zen.
Betizuko lagunekin elkartzeak bezainbesteko ilusioa egin dio Epelderi 10-11 urte zitueneko artxiboko bideoak ikusteak. "Irudi horiek ikusteak asko mugitu dizkit barrenak. Polita izan da duela bi hamarkadako oroitzapenak berriz bizi ahal izatea". Bizitakoa "déjà vu handi bat" izan da azpeitiarrarentzat, eta adibide bezala, ETBko estudioetara sartu ziren unea, makillaje gela nahiz jantziena aipatu ditu hark. "Gala grabatu genuen platoa ere duela hogei urte grabaketetarako erabili genuen berbera zen. Pentsa, errejidorea ere bera zen. Oso polita izan da berriz hori guztia bizitzea".
Saioaren grabazioak, baina, balio izan dio Epelderi bestelako zenbait gauzaz jabetzeko ere. "11 urterekin ez zara gauza askorekin ohartzen; joaten zara telebistara, gustukoa duzuna egiten duzu, ondo pasatzen duzu, jende berria ezagutzen duzu... Baina, orain, beste perspektiba batekin ikusten dut: zer zorte onekoa izan naizen etapa hori bizitzeko aukera izateagatik eta zer-nolako oihartzuna izan zuen egin genuenak. Oihartzun horren erakusle da hogei urtera berriz elkartu izana".