Ostiral arratsaldean Barakaldon 84 urteko emakume bat hil zuen bere semeak, eta hilketa hori eta oro har indarkeria matxista salatzeko hainbat elkarretaratze egin dituzte azken egunotan eskualdean. Urola Erdiko Itaiak deituta, larunbat arratsaldean Azpeitian egin zuten aurreneko protesta mobilizazioa, eta atzo eguerdian beste bana egin zuten Azkoitian eta Zestoan. Azpeitiko Feministan Sariek deituta, berriz, atzo eguerdian egin zuten elkarretaratzea Azpeitiko plazan. Dozenaka lagunek parte hartu dute lau kontzentrazioetan.
Itaiak antolatutako mobilizazioak Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelopean egin dituzte. Barakaldoko hilketa gaitzesteaz gainera, hildako emakumearen familiakoei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi diete elkarretaratzeetan parte hartu dutenek. Baina ez hori bakarrik; "nazkatuta" daudela ere adierazi dute. 2024ak utzitako zenbaki "gordinak" gogora ekartzeko baliatu dituzte bilkurak: Euskal Herrian sei hilketa matxista, eta eskualdean bertan gutxienez 43 eraso matxista, azkena abenduaren 31n bertan. "Eta hemen gaude, urte hasi besterik ez denean egin, beste erailketa matxista bat salatzen".
Itaiaren ustetan, zifra horiek agerian uzten dute emakumeak oraindik ere zapaldutako posizio batean daudela. "Ez dugu onartuko indarkeria matxista existitzen ez dela edo asmakizun ideologiko bat dela bezalako ideiak zabaltzerik, indarkeria matxista ukatzeak horiek normalizatzen dituelako eta erasozaileen inpunitatea handitzen duelako".
Indarkeria matxista emakumeek egunerokoan jasaten duten "gaitzik gordinenetakoa" izan arren, jendearen artean geroz eta inpaktu txikiagoa sortzen duela uste du Itaiak, eta egoera horri buelta emateko bidea "antolatzea eta borroka egitea" direla iritzi dio. "Emakumeok lehen lerroan egon behar dugu, baina ez da nahikoa; gizarte osoaren inplikazioa behar da".
Itaiak eta atzo plazan bildutako herritarrek aurrerantzean ere borrokan jarraituko dutela berretsi zuten, "eraso matxistak desnormalizatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta ideologia matxista eta atzerakoiei eta horiek zuritzen dituzten alderdiei eta sektoreei aurre egiten", eta borroka horretan norbere alea jartzeko deia egin zieten gainontzeko herritarrei ere.
Ardurak hartzeko deia gizonei
Azpeitiko Feministan Sariek, bere aldetik, Barakaldoko hilketa ez ezik, Azpeitian azken egunetan izandako bi eraso matxistak ere salatu ditu elkarretaratzea eginda. "Zoriontasuna eta armonia performatzera derrigortuta gauden garaiotan, Gabonetan, errealitateak beste kolpe bat eman digu. Izan ere, sistema heteropatriarkalak eta indarkeria matxistak ez dute etenik, eta egunero jasaten ditugu horien ondorioak". Urte berria zaharraren bide beretik hasi dela eta, "minduta, nazkatuta eta amorratuta" daudela adierazi dute. "2024a Euskal Herrian sei erailketa matxistarekin amaitu genuen, eta urte berria bide beretik hasi dugu".
Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte, eta esan dute ez dutela inolako erasorik onartuko. "Gogoratu nahi dugu eraso gehienak hurbilekoek eta ezagunek egindakoak izaten direla, Azpeitiko azken kasu hauetan azaleratu bezala edo Barakaldokoa kasu". Era berean, azpimarratu dute kasuok ez direla gertaera isolatuak. "Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta egunerokoan zanpatzen gaitu". Indarkeria matxistaren ertz ugariak ere nabarmendu dituzte. "Ertz asko ditu, eta askotarikoak dira adierazpideak: sexu erasoak, komentario eta jarrera misoginoak, zaintzen banaketa desorekatua, lan banaketa sexuala, soldata arrakala eta abar".
Horiek horrela, emakumeenganako indarkeria salatzeko eta horri aurre egiteko antolatzen jarraituko dutela adierazi dute Azpeitiko Feministan Sareko kideek: "Saretzen eta feminismotik eragiten. Baita indarkeria eragiten eta hura eusten duten gizon, instituzio eta, orokorrean, sistema heteropatriarkal kapitalista eta koloniala salatzen eta interpelatzen ere". Egungo jarrera konplizeak alboratzeko eskatu dute, eta "jendarte antolaketa sexistari" aurre egiteko benetako neurriak hartzeko exijitu. "Gure bizitzak daude jokoan".
Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dute. "Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Gu ez gara isilduko, erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi dira, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte". Indarkeria matxistari aurre egitea guztien ardura dela eta, gizarteari ardurak hartzea exijitu diote. "Bereziki, gizonei. Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete". Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde borrokan segituko dutela esanez bukatu dute bilkura.