Zortzikoa Gipuzkoako txapelaren atarian

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 10a, 17:10

Gipuzkoako Txapelketaren finalean ariko diren zortzi bertsolariak, Ilunbe atarian. (Aritz Mutiozabal)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala aurkeztu dute gaur eguerdian Ilunben. Aner Peritz Euzkitze zarauztarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak adierazi dute, hurrenez hurren, "nahiko motibatuta" eta "gorputzaldi onarekin" iritsi direla azken txanpara.

Kamera aurreko sesioa izan dute aurrena. Sesio luzea, gainera. Ilunbe bizkarrean utzi eta zortzi finalistak aurrera begira, irribarre urduriekin edo behartuekin; ondoren, gauza bera zezen plazaren lehen atean; eta azkenik, larunbatean agertoki izango duten Donostia Arena barruan, baina harmailetan. Argazkien zorabioa atzean utzita, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala aurkeztu dute prentsa aretoan.

Zortzi bertsolari igoko dira larunbatean oholtza gainera: Alaia Martin, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz Euzkitze, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Horiekin batera, Ane Ezenarrok eta Iker Iriartek izango dute ekitaldia aurkezteko eta gaiak jartzeko ardura.

Bertsolari guztiek bat egin dute gustura daudela finalera sailkatu den zortzikoarekin, eta gaineratu dute beste pare bat gehiago ere izan zitezkeela haiengana batu zitezkeenak. Oro har, 2011tik hona asko aldatu da argazkia. Gipuzkoan dagoen aniztasunaren isla dela nabarmendu dute, eta aldaketari ahotsa jarri nahi diote.

Martinek, Iguaranek, Gaztelumendik, Labakak eta Elustondok eskarmentutik hitz egin dute; batzuek oso zentratuta, kontzentratuta eta hasieratik presente egoteko asmoarekin, eta besteek, egoera aprobetxatu eta arrastoa uzteko nahiarekin, Elustondo bezala.

Etxekoak sentsazio onekin

Finalera sailkatu diren berrien artean daude Artetxe azkoitiarra eta Peritz zarauztarra, Rekondorekin batera. Biei ala biei luze egin zaie txapelketaren dinamika, maiatzean ekin ziotelako jardunari. "Luzea bezain polita izan da", adierazi du Artetxek, eta kontuan izanda eten batetik itzuli dela oholtzetara, "gozatu egin dut entseguetan eta txapelketan".

Peritz ere sentsazio onekin iritsi da finalera, baina onartzen du sorpresa izan dela. "Nahiko motibatuta nago, eta pozik", baieztatu du zarauztarrak. Edonola ere, adierazi du beldurra ematen diola finaleko "dimentsioak", baita "aretoak eta mediatizazioak" ere. Ifrentzuari begiratuta, emaitza onerako dela uste du.

Artetxek dio "gorputzaldi ona" duela larunbaterako, eta finalean egon baino "zerbait  gehiago egin" nahiko lukeela: " Hori lortzen badut, pozik ez, oso pozik geratuko nintzateke". Ekiteko gogoz dago, eta saiatuko da entzuleek merezi dutena ematen.

Peritzek ez dio exijentziarik jarri nahi emaitzari, ezta puntuazioari ere. Aukera baliatu nahi du dakiena egiteko eta esan nahi dituen gauzak esateko. "Horretan asmatu nahiko nuke. Eta, nola ez, ondo pasatu!", azpimarratu du.

Sari emaileak

Aurten 50 urte bete dira lehen haurren bertso eskola sortu zenetik: Leintz bailaran izan zen, Almen ikastolaren barruan. Urteurren bereziak ardaztu du aurtengo bertso urtea Gipuzkoan, eta "ezinbestean, txapelketa ere", aditzera eman du Ane Ezenarrok gai jartzaileak. Hori horrela, Almeneko lehen ikasle Arantzazu Loidik jantziko dio txapela txapeldunari, eta Patxi Goikolea irakasleak emango dio saria 25 urtez azpiko bertsolari onenari.

Finaleko saioa 17:00etan hasiko da, baina Ilunbeko ateak 15:30ean zabalduko dituzte. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko gomendioa egin die bertsozaleei, jende asko bilduko denez, azken orduan trabarik ez egoteko.

Finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke larunbat goizera arte. Sarrerak geratuko balira, larunbatean bertan jarriko lituzkete salgai, 15:00etatik aurrera, Ilunbeko txarteldegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide