GIBaren birusa hautemateko test azkarrak, farmazian eskuragarri

Iraia Oteiza 2024ko aza. 29a, 13:04

GIBa atzemateko test azkarra. (Guka)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 60 farmaziatan saltzen dituzte gisa horretako test azkarrak; eskualdean, Azpeitiko eta Zarauzko farmazia banatan. 

Hiesa eta GIBaren birusa hautemateko probak hasiera batean ospitaleetan eta anbulatorioetan bakarrik egiten zituzten arren, orain farmazietan ere eskaintzen dute GIBaren test azkarrak egiteko aukera.

Esperientzia hori aitzindaria izan zen Europan, eta 2009ko martxoan iritsi ziren testak Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, Eusko Jaurlaritzaren Hiesaren Aurkako Planaren, Osasun sailaren eta Euskadiko Farmazialarien Elkargoaren eskutik. Aurrena botikako profesionalek egiten zituzten testak, baina testa erosi eta bakoitzak bere etxean egiteko aukera ere badago egun.

"COVID-19a hautemateko testaren antzekoa da GIBaren test azkarraren funtzionamendua ere. Honetan, baina, hatza zulatu eta odol tanta bat atera behar da ondoren aztertu ahal izateko. Hamabost minutuan ateratzen du emaitza", azaldu diote hedabide honi farmazia bateko lankideek. Test azkar horien erabilera orrian adierazten duenez, testek %99,8ko fidagarritasuna dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluak azpimarratu duenez, 2009tik 2023. urte amaierara bitartean GIBa hautemateko 32.694 test azkar egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 224k eman zuten emaitza positiboa, hau da, testen %0,7k.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 60 farmaziatan saltzen dituzte gisa horretako test azkarrak; eskualdean, Azpeitiko eta Zarauzko farmazia banatan. 

2030erako helburuak

Nazio Batuen Erakundeak hiesaren aurkako borrokan 95-95-95 izeneko helburua ezarri du 2030era begira. Hau da, GIBaren birusa duten pertsonen %95ek haien egoera serologikoa ezagutzea, diagnostikoa jasoa duten pertsonen %95ek birusaren aurkako tratamendu goiztiarra jasotzea, eta %95ek karga biral detektaezina eta, beraz, transmititu ezin dena izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide