Azaroaren 25a

Indarkeria matxistaz nazkatuta daudela erakutsi dute Urola Kostako ehunka herritarrek

Erredakzioa 2024ko aza. 25a, 20:17

Itaiak Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean egin ditu mobilizaziak; Mugimendu Feministak, berriz, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean; eta Getarian herriko emakumeek kokoteraino zertaz dauden adierazteko aukera izan dute. Ehunka lagunek parte hartu dute eskualdearen luze zabalean egin dituzten mobilizazioetan. 

Gaur Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izaki, eskualdeko herritarrak mobilizatzera deituak zeuden arratsalderako, eta ehunka izan dira hango eta hemengo elkarretaratzeetan zein manifestazioetan parte hartu duten lagunak. Arratsalde partean, Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zestoan, Zarautzen eta Zumaian egin dituzte indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioak, Itaiak antolatuta batzuk, Mugimendu Feministak antolatuta besteak, eta denetan ere ardurak hartzeko eta borrokatzeko beharra nabarmendu dituzte. Beizamako eta Errezilgo hainbat lagunek, berriz, Bidania-Goiatzen Saiaz mankomunitateak deituta egin duten elkarretaratzean parte hartu dute.

Itaiak Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean egin ditu mobilizazioak. Azaroaren 25a "borrokarako eguna" dela esan dute, eta horregatik, "matxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa" aldarrikatu dute. Emakumeek indarkeria matxista "egunero" jasaten dutela salatu dute Itaiako kideek, eta hainbat datu eman dituzte: "2024an gutxienez bost emakume hil dituzte Euskal Herrian. 2023an, Hego Euskal Herrian egunero 24 eraso salatu ziren, eta are gehiago dira isilean geratutakoak". Itaiak uste du egoera horrek "larritu edo haserretu beharrean", gizartean "gero eta inpaktu txikiagoa" eragiten duela.

Era berean, adierazi dute "kultura matxista hedatzen" ari dela azkenaldian, eta horren larritasuna nabarmendu dute: "Batetik, matxismoa ez dela existitzen diote, eta matxismoaren aurkako diskurtsoa emakumeok sozialki indartzeko asmakizun ideologikoa dela diote. Bestetik, matxismoa ukatzen duten horiek, indarkeria matxista kasuak erabiltzen dituzte diskurtso arrazistak zabaltzeko. Errealitateak, ordea, erasotzaileak sektore eta jatorri ezberdinetakoak direla erakusten digu".

Erakundeen eta "politikari profesionalen" jarrera ere jarri dute jopuntuan, eta horien "hitzontzikeriez eta itxurakeriez nazkatuta". Erasoen aurrean "posizionatzea eta erantzutea guztion ardura" dela adierazi du Itaiak, eta horretan jarraitzeko "konpromisoa" erakutsi du. "Matxismoa betikotzen duen gizarte kapitalistaren aurrean, zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten alde" agertu da antolakundea, eta sozialismorako hautuan berretsi: "Guk indarkeria matxistarekin behin betiko amaitu nahi dugu, eta horretarako, sozialismaoren aldeko hautua egin dugu".

Mugimendu Feministak, berriz, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean egin ditu mobilizazioak, eta hark Euskal Herrian aurten indarkeria matxista tarteko hildako bost emakumeak ekarri ditu gogora. "Zoritxarrez" oraindik ere mobilizatzeko arrazoiak asko direla azaldu dute mobilizazioen sustatzaileek; izan ere, haiek salatu dutenez, egunerokoan "erabat normalizatuta" daude erasoak, bortxaketak, beldurrak, hilketak...

Forma berriak eta aldaketa motelak

Gaineratu dutenez, sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitistak forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko: "Sexu erasoen gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, indarkeria matxista kasuen trataera bortitza komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anomioa... Ez dira kasu isolatuak, eta emakumeen osasun fisikoan eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemikoaren parte dira".

Gauza berberak aldarrikatzen urteak daramatzatela azaldu dute Mugimendu Feministako kideek, aldaketak "oso motel" ari direla ematen, eta ardurak hartzeko ordua dela ohartarazi dute. Gizon gehienen konplizitatea eta konpromiso falta gaitzetsi dute, eta baita komunikabideek indarkeria matxistaren aurrean duten "rol garrantzitsua" nabarmendu ere, gaineratuz sare sozialak "mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko eta gorputzak kontrolatzeko" tresna direla. Erakundeei, berriz, inbertsioak "behar den tokian" egiteko eskatu diete: "Prebentzio programak behar ditugu, hezkuntzan inbertsioa, esparru anitzetako profesionalentzako formakuntza, erasotuak direnentzako baliabide errealak eta efektiboak.

Konponbidea eraikitzen jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu dute, eta horretarako, beharrezkotzat jo dute aliantza feministetatik, antolakuntzatik nahiz borrokatik eragitea. Halaber, jarrera erreakzionarioak borroka feministaren lorpenekiko erantzunak direla esan dute, eta garbi utzi dute: "Ez bazara konponbidea, arazoa zara".

Getarian, herritarren testigantzak

Getarian, bestalde, ekitaldi berezia egin dute gaur arratsaldean; izan ere, han, herriko emakumeak izan dira protagonistak. Azken asteetan kokoteraino zertaz dauden adierazteko aukera izan dute, eta gaurko ekitaldian, herrian bildutako testigantzak irakurri dituzte.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide