Amancay Gaztañaga: "Ikasleek hitz egin nahi dutenaren inguruko obrak prestatu ohi ditut"

Iraia Oteiza 2024ko aza. 20a, 14:00

Amancay Gaztañaga. (Urtzi Oteiza)

Ikusleen Saria banatuz eta Sorgin baratza antzezlana taularatuz amaituko dira Azpeitiko 42. Euskal Antzerki Topaketak asteburuan. Amancay Gaztañagak zuzentzen duen Eromen Produkzioak taldearena da lana.

Eromen Produkzioak Zestoako antzerki eskolako kideak arduratuko dira Azpeitiko 42. Euskal Antzerki Topaketak ixteaz. Sorgin baratza antzezlana taularatuko dute horiek Soreasu antzokian, igandean, 19:00etan. 35 lagun arituko dira eszenan, Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ekuador, 1980) antzerki irakasle, zuzendari eta aktore zestoarraren gidaritzapean. Obraren nondik norakoak azaldu dizkio Gaztañagak hedabide honi.

Sorgin baratza lana taularatuz itxiko dituzue aurtengo Antzerki Topaketak. Zehazki, zer kontatzen du prestatu duzuen obrak?

Jolas eszeniko bat da. Gizakia liburu baten bila dabil, liburu horrek munduko sekretu eta gertakizun guztiak gordetzeko eta aurreikusteko ahalmena baitu. Informazioa boterea denez, guztiek nahi dute liburu hori eskuratu. Baina noren eskuetan geratuko da liburua? Horretaz hitz egingo du antzezlanak.

Ikasleen kezkak abiapuntu hartuta sortu duzue antzezlana.

Normalean ikasturte hasieran hasten gara zeren inguruko obrak egin nahi ditugun pentsatzen. Gazan [Palestina] gertatu den guztiarekin ikasleen artean bazegoen halako nahigabe moduko bat, gizakiak burua edo zentzua galdu ote duenaren inguruko kezka bat, eta horri tiraka osatu dugu Sorgin baratza antzezlana. Ikasleek hitz egin nahi dutenaren inguruko obrak prestatu ohi ditut.

Antzezlana taularatuko duzuen aurreneko aldia izango al da?

Zestoako Antzerki Asterako prestatzen ditugu beti ekitaldiak. 2023an hasi ginen Sorgin baratza prestatzen, eta 2024ko ekainean antzeztu genuen estreinakoz Zestoan, Lili jauregiaren inguruko basoan. Polita eta berritzailea izan zen, basoan eta ilunpetan antzezteko aukera izan genuelako, nahi genuen bezalaxe. Igandekoa ezberdina izango da, han eremu libre batean antzeztu genuena eremu itxi batera eramango dugulako oraingoan.

'Sorgin baratza' antzezlanaren une bateko irudia. (Utzitakoa)

Zenbat lagun ariko zarete eszenan?

Jende asko elkartuko da aurtengoan, orotara 35 lagun ariko baitira eszenan. Obra honetarako, talde guztiak elkartzea pentsatu dut, umeak zein helduak. Normalean bananduta egiten dituzte obrak, bakoitzak berea, baina aurtengoan denak elkartzea nahi nuen, guztien kezkatik abiatutako obra bat sortu dugulako. Adin guztietako antzerki ikasleak igoko dira igandean Soreasuko oholtzara, pentsa, 8 urtetik 74 urtera bitartekoak ariko dira eszenan, guztiak elkarrekin.

Talde txikiak zuzentzetik talde handi bat zuzentzera igaro zara, beraz. Erraza izan al da obra aurrera ateratzea?

Egia esan, obra zuzentzea nahiko eromen izan da, baina ongi moldatu gara. Publikoari esperientzia berri bat eskainiz estreinatu genuen lana, gauez, basoan eta elkarrekin antzeztu genuelako. Soreasu bezalako areto handi eta eder batez ere ikasle guztiek gozatzea nahi nuen. Zestoan ez daukagu halako oholtzarik, eta halako aukera bat denek izatea nahi nuen. Beraientzat oso esperientzia ederra eta gogoangarria izaten da Antzerki Topaketetan parte hartzea, nahiz eta gero oso urduri egoten diren.

Aurretik ere izan zarete Antzerki Topaketetan, eta Eromen Produkzioak osatzen duzuenok hainbat sari ere eskuratu izan dituzue horietan. Zer-nolako aurreikuspenak dituzue aurtengorako?

Antzerki eskola bat garenez, ikasleek ahalik eta esperientzia eszeniko gehien izatea da gure helburua, eta ez sariak irabaztea. Soreasu bezalako plaza handi batean antzezteak hazten laguntzen die ikasleei, esperientzia hartzeko eta ikasten jarraitzeko balio dielako.

42. Antzerki Topaketak izango dira aurtengoak. Besteak beste antzerki zuzendaria, irakaslea eta aktorea zarenez, nola ikusten duzu antzerkia egun?

Antzerkia indartsu ikusten dut. Zestoako eskolan daukagun esperientziari begira esango nuke oso ongi funtzionatzen duen proiektu bat dela, eta hamalau urte igaro dira jada eskola martxan jarri genuenetik. Egia da elikatu egin behar dela une oro, diru laguntzei begira ere egoten garela eta proiektuak aurrera jarraitzeko horien beharra ere badugula. Ezin gara lasaitu, baina antzerkia indarrean dagoela iruditzen zait. Herritarrak asko inplikatzen dira, gustatzen zaie antzerkiaren munduan barneratzea, eta hori da niretzat garrantzitsuena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide