Gizarteko kolektibo guztiei leku bat eman nahian

Julene Sorarrain 2024ko aza. 15a, 10:00

Maria Zubimendi eta Ainara Iribar, Bipil elkartearen zuzendariak, aste honetan Orioko kiroldegi aurrean. (Julene Sorarrain)

Bipil elkarteak adineko pertsonei zuzendutako Bixi Bizi egitasmoa sortu du. Orion martxan da, eta hainbat saio egingo dituzte eskualdeko beste herri batzuetan ere: Aian, Getarian eta Zumaian.

Ainara Iribar, Maria Zubimendi eta Ane Aldalur zumaiarrek osatzen dute Bipil ongizate eta kultur elkartea. Apirilean jarri zuten martxan irabazi asmorik gabeko egitasmo hori, gizarteko kolektibo ezberdinei ongizatearekin eta kulturarekin zerikusia duten jarduerak eskaintzeko asmotan. "Bipil guk hirurok sortua da, eta guk kudeatzen ditugu administrazioa, finantzak, diru laguntzak eta komunikazioa. Home made [etxean egina] bezala definitu dugu", azaldu du Zubimendik.

Elkartearen barruan sortutako lehenengo proiektua da Bixi Bizi. "Helburua da adineko pertsonei beren gaitasun kognitiboa eta fisikoa hobetzeko eta autonomoa izaten jarraitzeko programa bat eskaintzea. Tresna bezala erabiliko ditugu kultura eta sormena, izan ere, Maria musikaria da, eta ni, berriz, entrenatzailea. Beraz, Mariarekin eta askotariko kolaboratzaileekin, musika eta dantza bezalako diziplinak landuko dituzte. Nirekin, berriz, arlo fisikoa landuko dute, bereziki mugimendua eta indarra", eman du aditzera Iribarrek.

Herriaren beharra asetzen

Egitasmoaren proba piloturako Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako Susperka beka jaso dute. Etorkizunera begira, ordea, eskualdeko hainbat herritan finkatu nahi dute programa. "Arte eta sorkuntza arloan, diziplina ezberdinetako kolaboratzaileak lortu nahi ditugu. Helburua ez da ikastaroak ematea, baizik eta sorkuntza tresna bezala erabiltzea beren egoera hobetzeko. Arte eta sormen saioetan, oraingoz, dantza arloko Jone Amezaga da kolaboratzaile bakarra. Baina etorkizunera begira, asmoa sarea zabaltzea, diziplina gehiago lantzea eta herri bakoitzak dituen beharrak asetzea da", gehitu du Zubimendik.

Aurreko astean egin zituzten egitasmoko lehenengo bi saioak, Orion: "Udalak arlo fisikoko saioak egitea eskatu zigun, behar hori nabaritu dutelako adineko herritarren artean. Izan ere, adin batetik gorakoek mugitzeko dituzten zailtasunak azpimarratu zituzten". Hori horrela, 45 minutuko bi saio egin zituzten Karela kiroldegian. «Hasieran, hiru joko egin genituen elkar ezagutzeko. Ondoren, beroketa bezala, hainbat mugikortasun ariketa landu genituen. Eta azkenik, talde txikietan banatu eta globoak eman genizkien. Ezin zuten lurra ukitu, beraz, asko mugitu behar ziren. Azkeneko zatian, indarra landu genuen. Eta saioa arnasketa ariketekin amaitu genuen. Gure metodologia probatzen ari gara, beraiek ere ezagutu egin behar dutelako zer den indarra, mugimendua, oreka edota malgutasuna lantzea. Programa egonkortzen bada, talde ezberdinak egin beharko ditugu, hala nola adinaren, gaitasunen eta bakoitzak landu behar duenaren arabera".

"Adinekoen egunerokora eraman nahi ditugu ohitura osasuntsuak"

Ainara Iribar
(Entrenatzailea)

Sormen arloko saioetan ere antzeko metodologia erabiliko dute. Zubimendik, musika erabiliz, jolas batzuk planteatuko dizkie parte hartzaileei: "Esaterako, erritmo batzuk praktikatuko ditugu hitzekin, eta gero, horiek musika instrumentu batzuetara eramango ditugu. Gero, eraikuntza lana eginez, denek ezagutzen duten abesti bat kantatuko dugu. Ez da beharrezkoa musikan aditua izatea. Musika jolas bezala erabiliko dugu, burua aktibo mantentzeko". Zubimendik argitu du saio horiek ez direla "terapia" arlokoak: "Arte eta sorkuntza tailerretan helburua da artistaren eta adineko pertsonen arteko zubia sortzea. Sorkuntza tresnak emango dizkiegu, eta beraiek erabakiko dute zer egin nahi duten. Ni eta kolaboratzaile guztiak arte arloan gara espezialistak, ez psikologian edo heziketan".

Egitasmoaren hastapenetan, elkarteko kideek herri bakoitzaren testuingurua ezagutzeko beharra nabaritu zuten, eta testuinguru horren harira, beren programa moldatu behar izan zuten: "Udalekin harremanetan jarri gara, eta horiek erakutsi digute herri bakoitzean behar eta egoera ezberdinak daudela. Udalek transmititzen digutena ahalik eta ondoen moldatzen saiatu gara gure programara, batez ere proba pilotua delako eta 2025. urtera begira ez dakigulako zer bilakaera izango duen. Baina, egonkortze aldera, uste dugu herri bakoitzari behar duena eman behar diogula".

"Artistaren eta pertsonaren arteko
zubia sortzea da helburua"

Maria Zubimendi
(musikaria eta kultur teknikaria)

Proba pilotua amaitu ostean, programaren balorazio orokorra egingo dute. "Alde batetik, erabiltzaileekin bilduko gara, saioetan beren burua nola ikusi duten galdetzeko. Administrazio aldetik, herri guztietako udalekin hitz egingo dugu, herrian ikusten dituzten beharrei buruz hitz egiteko. Erantzunak jasotzen ari gara egitasmoan interesa duten herrietatik, eta, jarraian, bertako udalekin biltzen gara. Beharren arabera, maiztasun ezberdina izango dute saioek herri bakoitzean. Bestalde, kolaboratzaileen laguntza beharko genuke. Proiektuan jende gehiagok parte hartzea nahi dugu".

Erabiltzaileen erantzunak jaso ondoren, "oso emaitza positiboak" lortu dituztela jakinarazi dute: "Hurrengo saioa hilaren 28an eskainiko dugu Orion, eta parte hartzaileek esan digute entrenatzen hasiko direla egun horren harira. Azken finean, hori da helburua, ohitura osasuntsu hauek beren eguneroko bizitzara eramatea, mugitzearen eta burua lantzearen garrantziaz jabe daitezen".

Saioak eskualdean zehar

Baliabideei dagokienez, Orioko Udalak kiroldegiko tatamia utzi die antolatzaileei. Aiako saioetan, berriz, jubilatuen Goiz Argi espazioa izango dute erabilgarri, eta Zumaian, Oxford aretoa. "Material aldetik, esterillak, halterak eta musika instrumentuak ditugu. Zentzu horretan, nahiko autonomoak gara", azaldu dute Bipileko kideek.

Oriora ez ezik, programa eskualdeko beste herrietara zabaltzeko asmoa ere badu elkarteak. Hilaren 27an, lehen aldiz izango dira Zumaian, eta 28an, aldiz, bigarren saioa eskainiko dute Orion. Datorren hilean ere izango da aukerarik parte hartzeko, abenduaren 4an Zumaian izango baitira goizean, eta arratsaldean, berriz, Aian. Getarian abenduaren 18an egingo dute lehenengo saioa. Gainera, datorren urtean Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute programa, saioak eskaintzeko asmoa baitute Itsasondon eta Ordizian.

Informazio gehiago eskuratzeko, 697 73 22 31 zenbakira deitu daiteke, baita maria@bidaiatuz.eus helbidera idatzi ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide