Azkoitia: Kantu solemneak eta alaiak, barra-barra

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 28a, 09:00

Inazio Alberdi 'Pipix'. (Guka)

Herri guztiak bezala, kantuzalea da Azkoitia, eta askotariko abestiak egin dituzte herriko musikagileek, horietako batzuk oso maitatuak, eta hunkidura handia sortzen dutenak beste batzuk. Inazio Alberdi Pipix ia sei hamarkadaz ibilia da Azkoitiko Musika Bandan, eta parrokiako abesbatzako zuzendaria ere bada. "Eliza mailan, behintzat, Urrategiko agurra esango nuke dela herrian maitea; Jose Inazio Aldalurrena da. Andremarietan abesten den Salbea ere berezia da; ni jaio nintzen urtetik abesten dela uste dut, 1942. urtetik". Otañoren Ave Maria ere aipatu du, hori ere festetan abesten dena.

Miguel Mari Azpiazu herritarrak egindako lana goraipatu du, "meza eta kantu asko atera dituelako abesbatzarentzat". Azkoitia izeneko kantua dauka, Andre Maria egunaren bezperan plazan kantatzen dena. Anaitasuna futbol klubaren ereserkia ere harena da, baita Gabon kantu ezagun bat ere: "Hiru errege, artzaitxo pilo bat, Belengo poz zurian...". Candido Beristain zenak, berriz, herriko elkarte gastronomiko askoren ereserkia atera zuela gogoratu du Alberdik. "Danborradan jotzen dira haren doinuak, baita Azpiazuren Azkoitia ere".

Andremarietako abestiaz galdetutakoan –"Ama, nahi dezunian, jokaizu loterixe..."– berriz, barrez hasi da Alberdi: "Doinua Aida operako zati bat da, eta hitzak, berriz, parranda giroan sortutakoak", azaldu du. Herrian bada denek dakiten beste abesti bat ere, Exkerra anai-arrebek sortutakoa: Din-don. Kruz Mari Alberdi Poxpi zenak sortu zuen Azkoitiko plazako karilloi erlojuari idatzitako abestia, eta orain, eguerdiro entzun daiteke herrigune osoan, karilloi erlojuak berak jotzen duelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide