Getarian, urte askoan, Gora Elkano abestu izan dute festetan, bandera igotzean eta. Lehiaketa batetik ateratako abestia izan zen, 1922an ospatu zuten lehen mundu biraren 400. mendeurrenaren harira egindakoa. Donostian egin zuten lehiaketa, Jexux Aldalur Getariako abesbatzako zuzendariak kontatu duenez, "baina herrian beti abestu izan dena ez da lehiaketa irabazi zuen abestia, bigarren gelditu zena baizik, German Landazabal musikariak egindakoa".
2008an, ordea, orduko udalak erabaki zuen herriko ereserki ofiziala aukeratzeko lehiaketa egitea, eta gaia ere jarri zuen: Getaria. Erun Ortiz Kultura teknikariak ondo gogoan du prozesu hura, idazkari lanak egin baitzituen berak. "Lehiaketako gaia Getaria zen, eta bost musikari aurkeztu ziren. Ondoren, epaimahaia osatu zen, eta horiek hiru finalista aukeratu zituzten. Epaimahaikideak izan ziren Ekaitz Balentziaga zinegotzia, Garikoitz Mendizabal txistularia, Juan Jose Ocon Gazte Orkestrako zuzendaria eta Aitor Uria Getariako Musika Bandako zuzendaria", kontatu du. Finalistetako hirutik bi, berriz, Urola Kosta eskualdekoak ziren: Xabier Zabala zarauztarra eta Jose Luis Frantsesena azpeitiarra. Hirugarrenak irabazi zuen lehiaketa, ordea: Txomin Mujika Latxa elgoibartarrak. Letra, berriz, Aitzol Arriolarena da.
"Finalisten piezak abesbatzarako eta bandarako egokitu zituzten, eta irabazlea aukeratu zen elizan egindako kontzertuan, 2008ko uztailaren 19an. Getariako Musika Bandak eta abesbatzak jo zituzten hiru piezak, eta oso polita izan zen, eliza bete egin zen", gogoratu du Ortizek. "Zozketaz erabaki zen piezen hurrenkera, esan zen finalistak zein ziren, baina ez zer pieza zen zeinena, entzun genituen piezak, eta amaieran, bertan ziren herritarrek bozkatu egin zuten gustukoena".
Gaur egun, Getaria abestiaren letra herritar gehienek badakitela azaldu dute Aldalurrek eta Ortizek, eta horiekin bat dator Ane Loidi Berdintasun zinegotzia. "Festetan abesten da, baita kontzertu batzuetan ere; denok ikasi dugu. Gazteek ere badakite. Ikaragarria da; oilo ipurdia jartzen zaigu, herri osoak abesten duelako", esan dute. Abestia motza eta erraza dela azaldu dute, eta horrek ere laguntzen duela.
Bi aldaketa
Abestiaren letra bi aldiz moldatu dute 2008tik hona, "bietan egileekin adostu ondoren". Aurreneko moldaketa 2012an egin zioten. Ereserki originalak "800 urtetan gure etxe ta herri" zioen, eta aldatu egin zuten, 800 urtetan beharrean "mende luzetan" jarriz. Bigarren aldaketa, berriz, aurtengo martxoan egin dute, oraingoan ere egileekin hitz egin ondoren, eta udalbatzak aho batez onartuta: "arrantzale, itsasgizon" beharrean, orain "saregile, arrantzale" da. "Herritar batek iaz egin zuen proposamena, berdintasuna kontuan har zedin eskatuta, eta egokia ikusi zen aldaketa", esan du Berdintasun zinegotziak: "Ereserkiak, herriek eta gizarteek bezala, dinamikoak izan behar dute, eta aldaketa horrek, gainera, ez du errealitatea desitxuratzen; alderantziz, errealitatea hobeto islatzen du, emakumeek arrantzaren munduan ikaragarrizko garrantzia izan dutelako, hasi familia aurrera ateratzetik, arraina saltzetik....".
Orain, beraz, honela gelditu da getariarren ereserkia:
Getaria
San Antonen magalean
Malkorberen babesean
Gipuzkoako itsas kaia
Kantauriko harri bitxia (bis)
mahasti ta txakolin
saregile, arrantzale
ez dago besterik!
bihotzeko Getari
Oi Getari
zahar ta berri
mende luzetan zehar
gure etxe ta herri
lehengo ta oraingo
getariarrok
pozez ta ozen diogu
gora Getaia!
Getaia! oi Getaia!
Hiruren gustukoa da herriko ereserkia, baina beste kantu kutun batzuk ere badirela esan dute. Antxuaren ereserkia, esaterako, oso polita iruditzen zaie. Aldalurrek kontatu du herriko abesbatzan kantatu ohi dutela: "Berez ez da Getariako abesti bat, baina geureganatu bezala egin dugu, urtero antxoaren festa egiten delako. Dena den, letrari aldaketa batzuk sartu nizkion neuk, jendeak esaten zuelako atuna ere bazela Getariakoa eta ez zela esaten abestian. Hala, atuna hitza sartu nion. Gero, berdela ere hemengoa dela esan zuten, eta hori ere sartu behar izan nion", azaldu du.
Garai batean herrian En epoca de invierno abestia asko kantatzen zela ere oroitu dute, "orain galduta" dagoen arren; "oso-oso herrikoia izan zen bere garaian". Bazkari bueltan eta kantatzen omen da oraindik, eta Aldalur pentsakor mintzatu da: "Bururatu izan zaigu herriko erretiratuen egunean abestea, baina ahots batera dagoenez sinpleegia iruditu izan zaigu beti. Hala ere, abestu daiteke, eta agian, bat baino gehiago hunkituko litzateke".