Denboraleek Hego Euskal Herriko itsasertzeko hamahiru hondartzatan jasaten duten inpaktua aztertu du Azti zentro teknologikoak. Ocean and Coastal Management aldizkarian argitaratu berri du emaitza, eta bertan ezaugarri geomorfologikoen garrantzia azpimarratzen du. Kostaldea "modu eraginkorrean kudeatzeko" bi faktoretan jarri dute arreta ikerlariek. "Batetik, hondartza lehorraren zabalera eta altuera hartu behar da kontuan –hau da, itsasgoraren gainetik dagoen hondartza gisa definitzen dena–, eta bestetik, hesi naturalen –dunak– eta artifizialen –hormak– altuera".
"Gure ikerketen emaitzen arabera, zenbat eta handiagoa izan hondartza lehorraren zabalera eta altuera eta defentsa hesiaren altuera, orduan eta handiagoa da denboraleen aurkako babes naturala", esan du Aritz Abalia Aztiwko ozeanografia operazionaleko adituak. "Horrek azpimarratzen du parametro horiek oso garrantzitsuak direla denboraleek eskualde mailan izan dezaketen eraginaren ebaluazioan. Eta, horretaz gain, balio horiei eusteko beharra azpimarratzen du ikerketak, higadura mugatuz, kostaldeko eremuak babesteko", zehaztu du Abaliak.
Bestalde, bideometria estazioak epe luzerako datuak biltzeko "etengabe mantentzearen garrantzia" azpimarratu du Aztik, "funtsezkoa baita froga zientifikoetan oinarritutako kostaldea kudeatzeko". Ikerketa hau euskal kostaldearen erresilientzia hobetzeko "urrats garrantzitsua" dela iritzi dio erakunde horrek, "alerta goiztiarreko eskualde sistema sendo bat garatzeko oinarriak ezartzen dituelako".
Hamahiru hondartza
Bizkaian La Arena, Arrigunaga eta Arriatera hondartzak aztertu dituzte, eta Gipuzkoan Saturraran, Ondarbeltz, Deba, Itzurun, Santiago, Gaztetape, Malkorbe, Zarautz, Antilla eta Hondarribia. Eskualdeko hondartza guztietan aritu dira, beraz.
Ikerketa egiteko, Aztik 150 kilometroko luzeera estaltzen duen bideometria-sarea erabili du, eta sare horrek euskal kostaldeko hondartza nagusiak aldi berean monitorizatzea ahalbidetu du. Gainera, "funtsezko datuak ematen ditu kostaldea kudeatzeko tresnak garatzeko". Tresna horiek erabilgarriak dira "hondartzaren bilakaera morfologikoa epe luzera aztertzeko". Epe laburrera begira, berriz, honako aplikazioak dituela esan du Aztik: okupazio dentsitatea, itzulera korronteak detektatzea eta iragartzea eta denboraleen eraginaren jarraipena egitea, besteak beste.
Euskal bideometria sarea Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Portu Agintaritzak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute.
Hondartzak hiru kategoritan
Denboraleen aurrean jasotako datuetan oinarrituta, Aztik hiru kategoritan sailkatu ditu hondartzak. Lehendabiziko multzoan daude olatuek defentsa hesietan duten inpaktua eta gainditzeak nagusi diren hondartzak. "Horren adibide garbia Zarauzko hondartza da, non hondartzaren altuera 3,5 metrotik beherakoa den eta hare lehorraren zabalera ez den 30 metro baino gehiagokoa". Aztik azaldu du mota horretako hondartzek dutela "kalteberatasun handiena" denboraletan gertatzen diren kalteen aurrean. "Zarauzko hondartza euskal kostaldeko kalteberatasun handieneko gunetzat hartzen da. Donostiako hiriarekin batera, euskal kostaldean denboraleek eragindako kalteengatiko aseguru-erreklamazio gehien dituen udalerria da Zarautz".
Bigarren multzoan, olatuek defentsa hesietan noizbehinka eragiten duten hondartzak daude. "Adibidez, La Arena hondartza, 4-6,5 metroko garaierarekin eta 40-75 metroko hare lehor zabalerarekin. Mota horretako hareatzek kalteberatasun txikiagoa dute denboraleetan izandako kalteen aurrean, aurreko taldearekin alderatuta", azaldu du zentro teknologikoak.
Hirugarrenean, olatuek defentsa hesietan noizbehinka baino eraginik ez duten hondartzak daude: "Kalteak izateko joera txikiagoa dute, hondartza horiek 7,5 metroko altuera dute eta 50 metrotik gorako hare lehor zabalera. Esaterako, Hondarribia eta Arrigunaga hondartzak".
Aztik hedabideetara bidalitako oharrean ez du zehaztu Getariako, Orioko eta Zumaiako hondartzak zer kategoritan leudeken.