Saiaz gizarte zerbitzuak prest ditu ikasturte berrirako ikastaroak eta ekintzak

Nerea Uranga 2024ko ira. 12a, 15:53

Aurreko ikasturtean Errezilen egin zuten Ongizate Emozionaleko eta Autozainketa tailerra. (Saiaz)

Errezilen, Beizaman, Bidania-Goiatzen eta Albizturren antolatu ditu ekintzak eta tailerrak. Errezilen egingo dituzten Ongizate Emozionala eta Autozainketa tailerrerako nahiz Pilates ikastarorako izena irailaren 20a baino lehen eman behar da, Saiaz gizarte zerbitzuetara joanda edota deituta.

Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak antolatu ditu 2024-2025 ikasturterako ekintzak eta ikastaroak eta haietan izena emateko epea zabaldu du. Errezil, Beizama, Bidania-Goiatzen eta Albizturren egingo dituzte, eta batean zein bestean edozein herritakoek parte har dezakete. Antolatutako ekintzen nahiz ikastaroen inguruko informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko 943-68 11 28 edota 646 47 84 14 (Elena eta Marian) telefono zenbakietara deitu edota saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Honakoak dira Saiazek prestatu dituen ekintzak eta ikastaroak:

  • Ongizate Emozionala eta Autozainketa tailerra antolatu dute Errezilen, Saioa Garmendia autozainketa emozionalean eta coach pertsonalean aditua gidari dela. Norberak bere emozioak ezagutzen eta lantzen ikasteko saioak izango dira, eta hamabostean behin egingo dituzte, astearteetan, 15:00etatik 17:00etara, Borondegin. Urriaren 1etik abenduaren 10era arte izango da, eta hileko 30 euro kostatuko da. Izena emateko epea irailaren 20an bukatuko da. Izena eman nahi dutenek Whatsapp mezua bidali beharko dute 646 47 84 14 zenbakira edota saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzi.
  • Pilates ikastaroa. Errezilen izango da, astelehenetan 15:15etik 16:15era, Borondegin. Nagore Errazkin ariko da gidari. Urriaren 7tik ekainaren 30era artean izango dira saioak, eta hileko 20 euro kostatuko da. Izena emateko epea irailaren 20an bukatuko da. Izena eman nahi dutenek Whatsapp mezua bidali beharko dute 646 47 84 14 zenbakira edota saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzi.
  • Tipi-Tapa pasiera osasuntsuak. Herritarrek elkar ezagutzeko ibilaldiak dira. Hilero edota hiru hilean behin egiten dituzte, eta ikasturtearen bukaeran egun pasa egiten dute.
  • Eguneko arreta. Adinekoentzat dinamizazio programa, memoria tailerra... Hamabostean behin egingo dute.
  • Berdintasuna. Indarkeria matxistaren aurkako talde eragilea. Eta liburu irakurketa eta solasaldia idazleekin.
  • Liburutegia. Teknologia berriak ikasten, helduentzat eta adinekoentzat. Irakurle taldea.
  • Pilates, yoga eta esku lanak. Bestelako hainbat aukera herritar guztientzat.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide