Kontxako bigarren igandean jarrita mira

Julene Sorarrain-Juan Luis Romatet 2024ko ira. 6a, 09:54

Getariako eta Orioko arraunlariak, pasa den igandean, Donostiako arrapalan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Etzi jokatuko dute Donostian Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia. Orioko eta Getariako traineruek pasa den igandean lortutako emaitzak hobetzea dute helburu. Baikortasuna eta esperantza badituzte, behintzat.

Arraun munduaren epizentroa bihurtuko da Donostia berriro igandean. 11:00etan hasita, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatuko dute; emakumeen txanda izango da lehenbizi, eta, ordubete geroago, 12:00etan, gizonena. Eskualdeko traineruen ordezkaritza izango da bi saioetan. 

Emakumeetan, Orioko mirotzak ohorezko txandan arituko dira, lehen jardunaldian bigarren egin ondoren. Aurtengo arraun denboraldian jaun eta jabe izan den Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarra arituko dira horiekin txanda nagusian. 

Orioko San Nikolas ere ohorezko txandan lehiatuko da gizonetan, pasa den igandean laugarren egin eta gero. Kontxako Bandera irabazteko faboritoa den Bermeo, Zierbena eta Donostiarra izango ditu aurkari txanda horretan. Gizonetan, baita ere, Getariako Esperantza Kontxako badiako irteera puntuan izango da. Zazpigarren egin zuen lehen jardunaldian, eta igandeko lehen txandan arituko da, Hondarribiarekin, Kaikurekin eta Galiziako Caborekin batera. 

Baikortasuna iganderako

Orio Arraunketa Elkarteko bi ontzi izango dira lehian Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, eta biak ere estropada bakoitzeko ohorezko txandan arituko dira. Klubeko presidente Jon Olasagasti pozik dago Orioko arraunlariek pasa den igandean egindako lanarekin. "Emaitzak alde batera utzita, arraunlariak oso ondo ikusi ditut urte osoan zehar; oso gogotsu daude. Kontxan bertan, oso lan polita egin zuten sailkapen estropadan. Aurreneko igandea iristeko gogo handiarekin zeuden, eta nire ustez, irteeratik erakutsi zuten hori. Orain bigarren jardunaldiaren zain gaude. Eguraldi txarra izango dela diote... Gaur, berriz, esan didate hobetu egin dela iragarpena. Berdin du! Kontzentratuta gaude. Eguraldi ona edo txarra, denontzako berdina izango da".

Presidentea jakitun da Kontxako estropadak errespetu handia sorrarazten duela. "Kontxa arraunlari guztien erregina da; izan ere, errespetu handia sortzen du lehiak. Ez diet garrantzia kenduko beste lehiaketei, baina Kontxak asko markatzen du". Bigarren jardunaldira begira jarritako helburuen inguruan galdetuta, asmoa denboraldia borobiltzea dela azaldu du Olasagastik. "Urte hain ona ez eginda ere, Kontxan emaitza on bat lortzeak asko hobetzen du denboraldiko sentipena; eta alderantziz bada, asko okertzen du. Saiatuko gara onerako izan dadin. Urtea nola hasi zen ikusita, urtea borobiltzea izango da gure helburua Kontxan".  

Emakumeetan bederatzi segundo atera zizkion aurreko igandean Donostia Arraun Lagunakek Oriori, eta 24 segundo gizonetan Bermeok San Nikolas-i. Bigarren igandera begira, baikorra dela adierazi du Olasagastik. "Baikorra naiz, bai nesken kasuan, baita gizonen kasuan ere. Urteak atzera eginez gero, denetarik gertatu da Kontxan. Beraz, estropada amaitu eta erlojua geratu arte, ezin da ezer esan. Irabaztera joan behar da". 

Kontxaren historian bandera gehien astindu dituen kluba da Orio. Aurten izango ote dute horretarako aukerarik? "Nesketan abantaila txikiagoa da. Nik uste [lehen igandean] kristoren estropada egin zutela, zalantza guztiak kentzeko modukoa. Txapela kentzeko moduko urtea egin dugu, baina [Donostiakoek] ez dute huts egin inoiz ere. Agian, igandean akats bat egin eta garesti ordainduko dute... Inork ez daki".  

Seigarrenaren esperantza

Getariako Esperantza-k zazpigarren egin zuen pasa den igandean, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Arraunlari taldeak egindako lanarekin gustura da Getariako Arraun Elkarteko presidente Xabier Goikoetxea. "Behin sailkapena lortu eta gero, helburua txanda ahalik eta onena egitea zen, eta hala egin genuen. Egindako estropadarekin gustura geratu ginen, sentipen onarekin". 

Lehen igandekoak ez ziren baldintza egokienak izan Getariakoa bezalako ontzi arin batentzako, Goikoetxeak nabarmendu duenez. "Zeharo bare zegoen itsasoa, ez zegoen inolako mugimendurik, ez haizerik ere aprobetxatu ahal izateko. Ikusi zen, kuadrillek zenbat eta indar handiagoa izan, irabazteko aukera gehiago zituztela. Eta hala izan zen. Ikustea besterik ez dago zer denbora egin zuten lehenengoek eta zenbat traineruk bukatu zuten hogei minutu baino gutxiagoan".  

Eguraldiaren aurreikuspenen arabera, etzi itsaso mugituagoa izango da. Baldintza horiek Getariako traineruarentzako egokiagoak direla uste du Goikoetxeak. "Txalupak eskertuko luke; hala esan dute arraunlariek ere. Itsaso pixka bat mugitua baldin badago, gu ondo moldatzen gara, sailkatze estropadan ikusi zen bezala. Estropada batzuetan ikusi da besteen ondoan egoteko gai izan garela, eta ea oraingoan ere hala gertatzen den". 

Datorren igandera begira, helburua sailkapenean postu bat igotzea eta Donostiara joango diren herritarrei poza ematea direla azaldu du presidenteak. "Ea Kaikuk atera zizkigun sei segundo horiek jaten dizkiogun, postu bat aurreratzeko. Udan mantendu dugun postua izan da seigarrena. Aurreko igandean ikusi zen beste bost ontziak nola dauden, eta hori izango litzateke helburu polita edo denok gustura uztekoa, seigarren egitea". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide