Eduki babestua

ETE Digitala Urola Kosta: piztu zure enpresak duen potentzial digitala

Erredakzioa 2024ko eka. 28a, 10:36

Juan Mari Tolin

Zure enpresa Urola Kostan erroldatuta baldin badago eta bost eta ehun langile bitartean baditu, ezin diozu Urolako Kostako Udal Elkarteak enpresaren eraldaketa digitala bideratzeko eskaintzen dizun laguntzari uko egin. Datorren udazkenean, ETE Digitala Urola Kosta programaren deialdi berria abiatuko da, eta bertan izena ematera gonbidatzen zaitugu.

Izan ere, egungo merkatu globalizatuan lehiatzeko funtsezko aldagaia bihurtu da digitalizazioa. Teknologia berrien aplikazioari esker, enpresa txiki eta ertainen negozio unitateak eraginkorragoak eta lehiakorragoak bihurtu dira; laburbilduz, hobeak.

Edozein aldaketa prozesuk erronka baten aurrean kokatzen gaitu, eta eraldaketa digitala ez da salbuespena. Beharrezkoa da ezagutza eta teknologia, eragile askoren inplikazioa eta lidergo sendoa balio kate guztian ezartzea. Finean, digitalizazioak eragiten duen balio erantsian sinistu beharra dago, eta garrantzitsua da inbertitzea, giza baliabideetan, baliabide ekonomikoetan...

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen ETE Digitala Urola Kosta programaren bitartez, Urola Kostako Udal Elkarteak enpresen eraldaketa digitalaren eremuan eragin nahi du. Berrikuntza teknologikoek merkatuaren erritmoa ezartzen dute, eta hortik kanpo geratzea dagoeneko ez da aukera bat. Eraldaketa prozesuari ekin behar diote enpresek, eta deialdia aukera paregabea da digitalizazioaren inguruko informazioa jasotzeko, enpresa bakoitza non kokatzen den ezagutzeko, eraldaketa digitalerako estrategia garatzeko, lan lerro estrategikoak identifikatzeko edota planen jarraipena egiteko.

Digitalizaziorako prozesu horretan, mugarri nagusiak bost dira: sentsibilizazio fasean, trebakuntza saioak eta berrikuntzarako aurre diagnostikoak gauzatzen dira; identifikazio fasean, enpresen beharretan oinarrituta, heldutasun digitalaren diagnostikoak egin eta lan ildoak proposatzen dira; zehaztapen fasean, digitalizazio planaren garapena egiten da; jarraipen fasean, lehen urratsak egiteko aholkularitza eskaintzen da; eta, azkenik, partekatze fasean, prozesuan zehar ikasitakoa jardunaldi batean eta praktika onen gida batean zabaltzen da.

30 digitalizazio plan

Urola Kostako Udal Elkartean, digitalizaziorako urrats honetan ere, bailara ikuspegia indartzeko beharra ikusi da, eskualde gisa erantzuteko erronkari. Sare publiko-pribatuan lankidetza sustatzea funtsezko baldintza da arrakasta bermatzeko eta urteetan belaunaldiz belaunaldi egindako lana enpresa ekosisteman txertatzeko.

Garatu diren deialdietan eskualdeko 71 enpresak parte hartu dute sentsibilizazio ekintzetan, eta, guztira, 30 digitalizazio plan garatu dira, bereziki, industriari eta hango jarduerei loturiko sektoreetakoak. Hain zuzen, plan horiek bultzatu dituzten enpresetako batzuk uztailaren 4an elkartuko dira Urola Kostako Udal Elkarteak antolatu duen jardunaldi batean, euren esperientzia partekatzeko.

Korta S.A.U., Galdona Burdindegia eta Otzarreta Think & Make 2023an digitalizazio plana garatu duten enpresetako batzuk dira. Hirurek balioa eman diote Urola Kostako Udal Elkartetik sustatu den prozesuari. Leire Astigarraga Kortako Eraldaketa Digitalerako teknikaria da, eta haren iritziz, digitalizazio prozesuak "merkatuan efizientzia eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate parametroak areagotuz»". Hark argi du "zerbitzu eta produktuak hobetzen laguntzen duela" digitalizazioak.

Imanol Guesalaga Otzarretako kudeatzaileak, gainera, «prozesua erraza» dela nabarmendu du: "Aholkulari baten laguntzarekin berehala identifikatzen dira beharrak, zailtasunak, proiektu bakoitzera nola hurbildu, eskura dauzkagun laguntzak eta abar".

Ildo beretik, Galdona Burdindegiko Begoña Yeregui administrazio laguntzaileak zera gaineratu du prozesuari dagokionez: "Lanerako metodologia berrantolatzen laguntzen du, bestelako ikuspuntuak txertatuz. Gainera, emaitzak hobetzeko ikastaroak edo aplikazioak eskura jartzen ditu".

Deialdi berria, laugarrena, urria aldera argitaratuko da, eta, bitartean, edozein zalantza argitzeko, enpresa@urolakosta.eus idatz dezakezue.

Digitalizazioa ezartzeko dekalogoa

1. Prozesua definitu eta zabaldu. Prozesua inplikatuta dauden eragile guztien artean adostu, definitu eta zabaldu behar da, ikuspegi orokorra lehenetsiz.

2. Lidergoa eta talde eragilea. Enpresa guztiaren inplikazioa beharrezkoa bada ere, lidergoa hartuko duen talde heterogeneoa ezinbestekoa da.

3. Ibilbide orria. Ibilbide orria marraztu behar da enpresaren helburu, hazkunde, langileen behar eta bezero ikuspegia kontuan hartuz.

4. Aldaketetan sinistu. Zuzendaritzatik hasita, konfort egoera areagotu eta aldaketetan sinistu behar da.

5. Estrategiak bateratu. Erronka nagusienetarikoa da eraldaketa digitala eta epe ertain eta luzeko helburu finantzarioak uztartzea.

6. Erritmoa zehaztu. Eraldaketa digitalaz mintzo garenean, inbertsio egokia beharrezkoa da, erritmo egokian gauzatu ahal izateko lehiakortasuna kaltetu gabe.

7. Talentuan inbertitu. Digitalizazio prozesuek langile espezifikoak behar dituzte, eta talentuan zein formazioan inbertitzea beharrezkoa da.

8. Prozesu integrala. Balio integratuko proposamena diseinatu behar da; nahiko ohikoa da modu isolatuan egitea, eta proiektu horiek ez dira arrakastatsuak.

9. Gastuak kontrolatu. Eraldaketa digitaleko prozesuak galbidera joan daitezke inplementazio kostuek aurreikusitako irabaziak gainditzen badituzte.

10. Jarraipena eman. Enpresaren konpromisoa beharrezkoa da, batez ere zuzendaritzarena, denboran zehar jarraituko dutela bermatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide