Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakinarazi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen parte hartze datua, eta orain gutxi jakinarazi du arratsaldekoa. Hain justu, 18:00ak arteko parte hartze datuak eman dituzte: Aian, %50,03koa izan da parte hartzea; Aizarnazabalen, %50,09koa; Azkoitian, %53,77k bozkatu dute; %49,46koa izan da parte hartzea Azpeitian; %51,85ek bozkatu dute Beizaman; Errezilen, %50,33k eman dute boza; Getarian jaso da eskualdeko daturik altuena, %63,04ko parte hartzearekin; Orion, %52,54 bertaratu dira hauteslekuetara; %55,91ko datua jaso dute Zarautzen; Zestoan, %51,26k eman dute botoa; eta Zumaian, parte hartzea %54,90ekoa izan da.
Gipuzkoan, berriz, %50,73koa izan da bigarren parte hartze datua; %36,7koa izan zen duela lau urte. Araban, %48,73k eman dute botoa 18:00etarako, %33,2koa izan zen arratsaldeko parte hartzea 2020an; eta Bizkaian izan da ehuneko altuena, %51,87koa, hain zuzen. 2020an, %27,43koa izan zen ehunekoa lurralde horretan.
Hiru lurraldeak kontuan hartuta, %51,03ko parte hartzea izan da arratsalderako. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hamabost puntu egin du gora parte hartzeak, %36koa izan baitzen orduan. Dena den, gaurko parte hartze datuak ez dira erabat konparagarriak aurreko hauteskundeetakoekin; izan ere, gaur, 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak, orain arte egin ohi zutena baino ordubete geroago, 14:00etan eta 19:00etan jakinarazi baitituzte.
Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.