EAJk Urola bailarako hautagaiak aurkeztu ditu Azpeitian

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 10a, 14:49

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira, Urola bailarako hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin du EAJk Azpeitian. Garikoitz Mendizabal zestoarrak –zerrendan bederetzigarrena– eta Ane Gil azpeitiarrak –zerrendan 11.a– beren hautagaitza aurkeztu dute Basazabal jauregian, hainbat alderdikideren babesean.

Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta testuinguru horretan, Urola bailarako hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin du EAJk Azpeitian. Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak gidatuta, Garikoitz Mendizabal zestoarrak –zerrendan bederetzigarrena– eta Ane Gil azpeitiarrak –zerrendan 11.a– beren hautagaitza aurkeztu dute Basazabal jauregian. Han izan dira hainbat alderdikide ere; besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarrerako presidentegaia, Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkidea nahiz eskualdeko hainbat jeltzalekide nahiz zerrendakide.

Egibarren agurreko sarreraren ostean, Mendizabalek hartu du hitza, eta bere ibilbidea "berezia" izan dela aipatu du, batez ere kultur arloan aritu izan delako, baina aipatu du "betidanik" izan duela alderdiarekiko konpsomisoa. "Nire ekarpena egin nahi dut, eta seguru nago lan ederra egiteko aukera izango dugula", esan du. Gaur egungo gizartean jarri nahi izan du arreta, eta adierazi du "exijentea eta aldakorra" dela egungo gizartea, baita parez pare hainbat erronka dituela ere: "Demografikoa, klima aldaketa, trantsizio energetikoa, digitalizazioa, adimen artifiziala...". EAJk erronka horiei aurre egin beharko diela aipatu du, eta horretan ari dela. Bide horretan, alderdiak "ibilbide luzea" duela ere azpimarratu du. "Erabaki pila bat hartu ditu EAJk urteotan, eta etorkizunean ere hala izango da".

Jarraian, EH Bilduri ere egin dio erreferentzia. Egungo egoeraren aurrean, koalizio abertzaleak zer proposatzen duen galdetuta, "makillatuta" datozela nabarmendu du. "Zestoan, gainera, makillajerik gabe egiten dute, alkatea horrelakoa delako", esan du. Aipatutako erronkei irtenbide errazak eman nahian ari dela EH Bildu aipatu du, eta hori "populismoa" dela. Koalizioaren egiteko modua "AAB" siglekin definitu du: "Amnesia, agitazioa eta beldurra". Horren ordez, jeltzaleek "zintzotasuna" planteatzen dutela azpimarratu du. Egungo errealitatearen aurrean, barne hausnarketak egin beharko direla azaldu du, eta EAJ indar berriarekin datorrela. "Alderdiak urteetan egin duen bezala, abertzaletasunetik gurea defendatuko dugu". Hurrengo kanpainan "konfiantza berreskuratzea" tokatzen dela adierazi du, eta "ekintza ortopedikoak egin gabe, abstentziora jo edo EAJ bozkatu ez duten boto emaileak irabazten saiatu" beharko dutela esan du. "Komunikatzen asmatzen badugu, lortuko dugu".

Ane Gil, eskolatik politikara

Haren ondoren, Gilek hartu du hitza. Hauteskundeak gainean direla eta, "bi gauza" esan nahi izan ditu esaldi berean. "Gazteak, Euskadi eginez, eta emakumeak, aberria eginez, apirilaren 21eko hauteskundeetara joan behar dugu". Egungoa "etengabe eraberritzen ari den mundua eta gizartea" dela adierazi du, "mugikortasun handiko garaiak" direla. "Herrian jaio izan garen gazteak herrian errotzen saiatzen gara, baina mundua hain zabalik dago, ikastera edo lan egitera kanpora joaten baikara. Erabat aberasgarria izan daiteke hori, baldin eta ez baldin bazaigu ahazten nondik gatozen eta zertarako joan ginen. Horregatik, gazteok behar-beharrezkoa dugu zein garen eta nongoak garen jakitea, horrek egiten duelako herrian errotzea eta horrek ematen digulako benetako abertzaletasuna. Garbi daukagu euskaldun izateko erarik onena abertzale izatea dala, gure lurra maitatuz, euskaraz hitz eginda, eta gure senari harrotasunez eutsiz", esan du.

"Gazte euskaldun eta abertzaleak onena emateko prest" daudela azaldu du, "etorkizuna eraikitzeko eta aberriaren geroa erabakitzeko" bidean. "Nire kasuan, politika eginez. Horretara goaz Legebiltzarrera, Euskadi egiten jarraitzera. Baina bide hau EAJk aspaldi hasi zuen, eta hemen daukagu Joxe [Egibar] horren lekuko; bere bidea segitzen baldin badugu, ez gara galduko", adierazi du. "Euskadi askatzeko era asko" daudela esan du, eta berak, "alderdiarekin bat, eskolatik politikarako saltoa" egitea aukeratu duela. "Daukagun onena emateko momentua da". 

Bestalde, emakumeen presentzia nabarmendu nahi izan du. "Emakume gazte eta abertzaleengan" jarri du arreta. "Emakume burujabe eta askea nahi dugu, eta ez menpekoa". Historian zehar eredu izan diren hainbat emakume ere gogoan izan ditu: "Ez gatoz zerotik, gure historia daukagu, aberria eginez beraien onena eman zuten alderdiko milaka eta milaka emakume ezagutu ditugu, beren bizitzako gauza asko arriskuan jarri zituztenak herri honen alde borrokan jarduteagatik, Euskadi aske baten alde. Orain, gure txanda da; lekukoa hartuko dugu".

"Amnesiarik ez"

Urola bailarako bi zerrendako kideek hitz egin ostean, Egibarrek hartu du hitza. Proiektu abertzaleak "norbanako bakoitza" zaindu behar duela esan du, "lurraldetasuna pertsona gabe paisaia hutsa" delako. "Euskadik pertsona guztiak" hartzen dituela eta, pertsonek "oinarrizko eskubide guztiak" beteta behar dituztela nabarmendu du. Alderdi jeltzaleak historian zehar "erabaki estrategikoak" hartu dituela adierazi du, "nazio eraikuntzak eta gizarte eraikuntzan garrantzitsuak" izan direnak. "Erabaki horietan nagusiena izan da bide politiko eta demokratikoaren aldeko apustua egin izana", esan du. Iraganean ere jarri du fokua. "Bakoitzak erabakitzen du noiz hitz egin iraganaz, eta gu harro gaude gure iraganaz; guk ez daukagu amnesiarik".

Ezker abertzalea "itxurakerietan" dabilela adierazi du, baina "ondo atera" zaiela. "Asmatuko dituzte prozesu parte hartzaileak, baina aurrez erabakitakoa berrestera datoz", esan du. EAJk gauza batzuk ez dituela "ondo" egin aitortu du, baina egungo egoera EH Bilduk proiektatu nahi duenetik "urrun" dagoela nabarmendu du. "Beraien hautagaiak esaldi bat esaten du beti: 'Hau ez doa ondo'". Imanol Pradales azken hamarkadetan egindako bideari jarraipena ematera datorrela azpimarratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide