A30 greba feminista orokorra

Zaintzaren inguruko aldarrikapenak ozen entzun dira herriz herri eguerdiko protestetan

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 30a, 15:06

Orion eguerdian egin duten manifestazioko irudi bat. (Andrea Zipitria)

"Instituzioak interpelatzeko, enpresariak salatzeko eta zaintza eremuan inolako ardurarik asumitzen ez duten gizonak ere seinalatzeko" atera dira kalera. Jende asko elkartu da protestetan. Herriz herriko mobilizazioen jarraipena, albiste honetan.

Euskal Herriko Koordinadora Feministak gaurko deitutako greba ari da eragina izaten herrietan. Goizean goiz ekin diete pikete informatiboei eta errepide mozketei han-hemenka, eta eguerdi partean, ia herri guztietan egin dituzte elkarretaratzeak nahiz manifestazioak zaintza sistema eraldatzea eskatuz.

Herri batzuetan geldialdiak ere egin dituzte zaintza guneetan; haur eskola, eguneko zentro eta halakoetan.

Ikusi hemen argazki bildumak:

Protesten ondorengo irakurketetan, antolatzaileek garrantzitsutzat jo dute mugimendu feministaren aldarriak gaur kalera atera izana, "instituzioak interpelatzeko, enpresariak salatzeko, eta zaintzaren eremuan inolako arduradik asumitzen ez duten gizonak ere seinalatzeko".

Emakume pentsiodunen egoera salatu, eta haientzat 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu dute, eta etxeko langile egoiliarrak ere izan dituzte gogoan: "Etxeko langile internek ez dute inolako eskubiderik gaur egun: ez atsedenerako, ez gaixotasun baimena izateko, ez langabezia zein greba eskubiderik".

Gaur egungo sistema "kolapsatuta" dagoela eta berehala "egoera larriei buelta eman behar" zaiela aldarrikatu dute. "Ardura eta konpromisoz, erabakiak hartu eta aldaketarako momentua da. Gobernuei borondate politikoa eskatzen diegu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletan, foru aldundietan... zaintza sistema publikoaren bidean urratsak emateko eskatzen dugu". 

Mugimendu feministak aliantzak eraikitzen jarraituko duela ere esan dute, "euskal zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide