Saretzen

Ibai Ederrek %78ko betetze maila du, azken urteetakoen batez bestekotik gora

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 22a, 08:10

Ibai-Eder urtegia, airetik ikusita.

Ibai Eder urtegiko ura da etxeko iturritik ateratzen dena, eta Mikel Zubizarretarekin hitz egin du hedabide honek urtegiari buruzko hainbat xehetasunez hitz egiteko.

Azpeitia eta Beizama artean, Nuarbeko eta Matxinbentako lurretan dagoen Ibai Eder urtegiak ematen die edaten eskualdeko herriei 1991n eraiki zutenetik, hasi Azkoititik eta Aiara arte. 11.300.000 metro kubikoko edukierarekin, inguruko urtegietatik handiena da, eta gaur-gaurkoz, betetze maila onenetakoa ere badu; %78koa, Mikel Zubizarreta urtegiaren arduradunak Hitzari jakinarazi dioenez. "Datu ona da, historikoki izan dugun mailatik edo batez bestekotik gora gaude aurten". 



Tokikomek azken hogei urteetako tenperaturen eta prezipitazioen datuak eskuratu ahal izan ditu, baita urtegienak ere, baina horietan ez da gorabehera handiegirik atzematen Urola Kostari dagokionez behintzat. Adituen arabera, izan ere, urte tarte handiagoko lagina behar da horretarako. Zentzu horretan, Zubizarretak ere azaldu du "batere erraza ez" dela erantzutea ea klima aldaketarekin lotuta urtegietan ezer arrarorik sumatu duten: "Urte guztiak ez dira berdinak izaten, eta egiten duen euriak, egiten duen momentuaren arabera, urtegiko ur mailari era batera edo bestera eragiten dio". Azken urteetan, hori bai, "euria gutxiagotan baina kantitate handiagotan" egiten ari da. 

Urtegietan nahikoa ur egoteko urtegietatik gorako lurretan arreta jarri behar dela uste dute adituek [irakurri erreportaje sail honetako elkarrizketa], eta Zubizarretak zehaztu du Ibai Ederretik gora dauden lur asko Beizamako Udalarenak direla eta "urtegiaren ondoan dauden lur gehienak, pribatuak".

Kontatu du "askotan" hitz egin izan dutela udal horretako "arduradun batzuekin" gai horri buruz: alegia, urtegitik gorako landa lurretan edo basoetan landatzen denak urtegiari eragiten diola –pinudia dago, eta beraz, ur asko behar du–, baina momentuz, gaiaz ez dute esku hartzerik egin urtegiko arduradunek. "Zenbateraino ahalko genukeen ere ez dakit", dio Zubizarretak.

Iturria: Gipuzkoako Urak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide