Eskualdeko hiru ikastetxe daude Arnasetik bideo sormen lehiaketako finalisten artean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 21a, 09:00

Iazko Arnasetik bideo sormen lehiaketaren lehenengo edizioan Salbatore Mitxelenako ikasleak saritu zituzten DBH 3. eta 4. mailako kategorian, 'Sormen tailerra 2' lanagatik. (Arnasa Gara)

Bihar egingo dute sari banaketa ekitaldia Modelo aretoan eta Zarautz bertako bi ikasle taldek eta Azkoitiko beste batek dituzte sariak irabazteko aukerak.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta, Arnasetik bideo-sormen lehiaketa egin dute bigarren urtez jarraian eta irabazleak bihar jakinaraziko dituzte Zarauzko Modelo aretoan. 18:00etan hasiko da sari banaketa eta hautagaien artean eskualdeko lau talde daude: Bi Zarautz bertakoak dira eta beste biak Azkoitia eta Zestoakoak.

Nolanahi ere, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleen bideogintza gaitasuna saritzea baino, helburu nagusia da bideoak sortzeko ariketak balio diezaiela hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzeko eta arnasguneek euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia balioan jartzeko. Horregatik, lehiaketaren bigarren edizioak "arrakasta handia" izan duela ebatzi dute antolatzaileek 112 lan aurkeztu dituztelako, orotara.

Adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta aurkeztu dituzte bideoak eta DBH 1. eta 2. mailako ikasleenak izan dira gehienak. Erdia baino gehiago: 63. Horien guztien artean hiruk baino ez dute lortu finalera sailkatzea eta Azkoitia BHIko ikasleek sortu duten Axkottiko Epaitegia da bat.

LH 5. eta 6. mailan, berriz, 34 lan aurkeztu dituzte, baina eskualdeko bakar batek ere ez du lortu finalera sailkatzea. DBH 3. eta 4. mailan, azkenik, 15 bideo aurkeztu dituzte eta parte hartzerik txikiena izan izan duen kategoria izan da, beraz. Bada, final horretan izan du Urola Kostak ordezkaritza zabalena, hain justu; izan ere, Zarauzko La Salle ikastetxeko eta Salbatore Mitxelena ikastolako taldeek osatutako bideoak daude finalean. La Salleko ikasleek Arnasgunea deitu dute haien proposamena eta Salbatore Mitxelenakoek Deika.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide