A30 greba feminista orokorra

Maider Bollain: "Langileok inoiz ez dugu ezer lortu grebarik egin gabe"

Gorka Eizagirre | Maria Maya Manterola 2023ko aza. 9a, 10:00

Azken urteotan greba eta mobilizazio ugari antolatu dituzte adinekoen egoitzetako langileek, hitzarmena berritzeko eskatuz. Azaroaren 30ean ere kalera aterako dira, zaintza lanak bistaratzeko.

Zumaiako San Juan egoitzako langilea da Maider Bollain (Zumaia, 1978). Soldata izoztuak eta ratioak igo ditzaten eskatzeko, mobilizazio ugari antolatu dituzte 2019aren amaieraz geroztik, eta aurrerantzean ere borrokan jarraituko dute.

Izan ere, iazko abenduan hitzarmena lortu arren, beharrezkotzat jo du Bollainek sektoreko hitzarmena, eta herritarrei dei egin die azaroaren 30eko greba feminista orokorrean parte hartzera, "emakumeezkoei ezarri zaien zama" arintzeko balioko duelakoan.

Duela ia urtebete, iazko abenduan, ELA sindikatuak eta San Juan egoitza kudeatzen duen Zaintzen enpresak hitzarmena sinatu zuten. Ordura arteko hilabeteak nola gogoratzen dituzu?

2019an hasi ginen borrokan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak hitzarmenaren alde. Greba mugagabe bat egin genuen guztiok, baina eten egin behar izan genuen martxoan, pandemia hona iritsi zelako. Pentsatu genuen ez zela greba egiteko momentua, egoiliarren hobe beharrez. 

Momentu oso gogorrak bizi izan ditugu pandemian. Zaintzari balioa eman zitzaion momentu hartan, eta sentitzen zen esparru horretan gauzak aldatzeko beharra, baina gero, ahaztu egin zaigu dena: ratioek berdin jarraitzen dute, langile gutxi gara. Alegia, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak ez dituzte ratioak igotzen. Gure eskaera beti izan da hori; ezin dugu lanean korrika eta presaka ibili. 

Soldata igoera lortu zenuten, ezta?

Pandemia amaitzerakoan akordio bat lortu zen UGT sindikatuarekin, baina gure enpresa ez zegoen hor sartuta. Adostutako soldata igoera hori ez ziguten eman, eta horregatik erabaki genuen iazko abenduan greba mugagabea egitea. Hamabi egun egin genituen greban, eta lortu genuen hitzarmena. Oso pozik gaude lortutakoarekin, baina aipatu behar da soldata igoera bat besterik ez genuela lortu akordioarekin. Hala ere, onartu egin genuen, guretzat igoera ere garrantzitsua delako.

Herrian babes handia izan genuen hilabete haietan. Dena den, UGT sindikatuak sinatutako akordio hori 2024ra artekoa da, eta beraz, uste dut beste greba bat prestatzen hasi beharko dugula aurki. Izan ere, grebarik gabe ez dugu inoiz ezer lortu.

Herriaren aldetik bai, eta egoiliarren senitartekoengandik, jaso al duzue babesik?

Bai. Beraientzako ere gogorra da egoera, eta askotan esaten digute: "Beste greba bat? Berriro?". Hala ere, gutxieneko zerbitzuak  bete behar izaten ditugu. Egoiliarrei ez zaie ezer falta izaten, nahiz eta ez den izaten gauza bera. 

Familiartekoek kexaren bat badute, horiek aldundiari helaraztea eskatuko nieke; ez guri, eta ezta enpresari ere. Guk ezin dugu ezer egin. 

Askotan aipatzen duzue lan baldintzak hobetuta zerbitzua bera ere hobea litzatekeela. 

Bai, lan baldintzak hobetuz gero, gu lasaiago egongo ginateke. Lankide asko dauzkat antsietatearekin, eta askotan hori nahi gabe bada ere aitona-amonek pairatu behar izaten dute. Langileon baldintzak hobetuta, egoiliarrak ere hobeto leudeke, eta merezi dute ondo zainduta egotea.  

Beraz, esan daiteke hitzarmena sinatu arren okerrera egiten jarraitzen duela langileen egoerak?

Bai. Gaur egun etxean denbora gehiagoz egoten dira aitona-amonak, eta egoitzetara datozenak nagusiagoak direnez, okerrago datoz. Psikogeriatrikoko asko datoz orain, baita gazteak ere. Gaixotasun psikiko asko dago, eta adinean aurrera egin ahala etortzen dira. Horri erantzuteko langile falta ikaragarria daukagu. Denbora asko eskaini behar zaie pertsona horiei, eta horregatik ere okertu da egoera.

Protokoloak desberdin daude pandemiarengatik. Lan gehiago egin behar da orain, baina langile kopuru berarekin. Eta, horrez gain, etortzen diren langile berriek ez dute irauten. Bi egunez lan egin eta joan egiten dira, ezin izaten baitiote lan karga horri eutsi. Baldintzak hobetzea da jendeak lana ondo egiteko aukera bakarra. 

Pandemia aipatu duzu. Zure ustez, ezohiko egoera horrek balio izan al zuen zaintza lanen prekarietatea bistaratzeko?

Zaintza lanek duten garrantzia agerian geratu zen, baina gero, ez dute hatz bat bera ere mugitu, ez Osakidetzaren arduradunek, ez gainerako zaintza lanenek ere. Pandemian dena ziren txaloak, baina txaloekin ez dugu ezer ere egiten. 

Egoitza bakoitzak bere kabuz negoziatu behar izan du akordioa. Falta al da sektoreko hitzarmenik? 

Bai. Sektoreko hitzarmen bat izango bagenu, ez genuke enpresekin akordioak egiten ibili beharko. Sektoreko akordioa behar dugu, horrela denak ondo egongo ginatekeelako. 

Aldundiak diru gehiago inbertitu behar du; ez da asko eskatzea. Jende gehiago eta gutxieneko baldintza batzuk behar ditugu. 

Lanean zaintza, eta lanetik kanpo ere bai. 

Ia denok emakumezkoak gara sektore honetan. Lanera joan behar gara, handik kanpo seme-alabak dauzkagu, etxea… Langile asko bananduta daude, beste batzuk alargunak dira, eta lan karga handia da emakume batentzat. Ez luke horrela izan behar, baina hala da. Aldatu beharko genuke. 

Azaroaren 30a aldarri hori kalera ateratzeko eguna izango al  da?

Bai. Greba feminista zaintzarekin lotuta dago, eta zaintzak guztia zeharkatzen du: etxea, seme-alabak, senarra, aita, ama, amona… 

Zama handi bat ezarri digute emakumeoi, eta egoera horri buelta eman behar diogu. Herritarrei eskatu nahi diet azaroaren 30eko greba feminista orokorrean eta mobilizazioetan parte hartu dezaten hau guztia aldatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide