Ander Izagirre: "Mende askoan itsasoa izan zen bidea gure kostaldean, eta lurra, konplikazio bat"

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2023ko urr. 24a, 08:54

Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak gaztelaniazko saiakerako Euskadi saria irabazi du Vuelta al pais de Elkano liburuarekin. Donostiako Tabakaleran izan da hedabide hau Izagirrerekin eskualdeari lotutako liburuaz, liburuaren euskarazko bertsioaz eta esku artean dituen beste proiektuez hitz egiteko.

Elkano aitzakia hartuta, herriak itsasoarekin izandako harremana azaltzen eta orain bost mendeko eta egungo gizarteak alderatzen saiatu da Ander Izagirre (Donostia, 1976) kazetari eta idazlea Vuelta al país de Elkano liburuan, eta egindako lanari esker gaztelaniazko saiakerako Euskadi saria jaso du. Getaria eta eskualdea ardatz dituen liburuaz aritu da egilea Hitzarekin.

Idatzi ahal izateko pedalei eragin behar omen diezu. Liburu hau idazteko bederatzi etapatako bidaia egin zenuen bizikletaz. Nola eragin dio liburuari bidea fisikoki egite horrek?

Liburuan esaten dut niri gustatzen zaidala mundua ulertzea bai buruarekin eta bai hankekin. Adibidez, liburu honetan geografia oso inportantea da ulertzeko gure herriak non dauden kokatuta eta zergatik dauden dauden tokietan. Gure historia ezin da ulertu geografia gabe, eta Getariatik abiatu ginenean, taldeko lagunei esan nien ez ginela joango errepidetik, errepidea oso modernoa delako. Mende askotan, zer zen gure kostaldetik mugitzea lurrez? Bada, Getariatik abiatu ginen hango erromatar kaltzada zati oso piko batetik, eta lehenengo kilometroan denak bizikletatik jaitsi eta arrastaka ziren. Alegia, garai batean, errazagoa zen itsasoz mugitzea; itsasoa zen bidea, eta lurra, konplikazio bat. Bizikletarekin ulertzen duzu oso ondo gure herri hau itsasoari begira egon dela historian. 

Liburuan, Getariaz gain, aipatzen dituzu Zumaia, Orio eta Zarautz ere. 

Zonalde hori guztia gure itsas historiaren epizentroa da. Eta liburu honetan deskubritu dut, historialari, arkeologo eta abarrekin hitz eginez, ezin dugula gure historia ulertu itsas historia ulertu gabe. Elkano aitzakia da: hor zeuden familia nabigatzaileak, hemendik abiatzen ziren merkatariak, gero baleak ehizatzeko; gure ekonomia, politika, historia... dena hortik abiatzen da. Gaur egungo gure erakundeak ulertzeko ere, ezinbestekoa da gure historiaren atal hori. Kostalde hau oso aberatsa izan zen halako ekimenetan: itsasontziak eraikitzen, ontzietan nabigatzen, munduan zabaltzen...   

"Bizikletarekin ulertzen duzu gure herria itsasoari begira egon dela historian"



Duela 500 urteko gizartean, politikan, ekonomian... murgildu zara liburuan, eta aldi berean, jende asko elkarrizketatu duzu, orduko eta gaurko gizarteak alderatuz, orduko eta gaurko antzekotasunak eta kontrasteak topatuz.

Hori zen asmoa: parez pare jartzea XVI. eta XXI. mendeak eta ulertzea gaur egun zeintzuk diren gure esplorazioak, ikerketak, bidaiak, gure meritu eta bekatuak, eta niretzat sorpresa izan zen ikustea gure arbasoak zeinen lotuta zeuden orduko globalizazioari edo munduari erromatarren garaietatik hasita. Esaterako, Zumaian bada garai hartako agiri bat, non zerrendatuta dauden urtebetean edo bitan hildakoak eta non hil ziren. Bada, harrigarria da, bat Flandrian hil zelako, beste bat Afrika iparraldean, beste batzuk Sevillan, beste batzuk Ternuan, beste batzuk Asian ez dakit non... Eta Getarian, berdin. Guk uste duguna baino askoz bidaiariagoak eta globalagoak ziren, eta beste kulturekin, hizkuntzekin eta jendearekin harreman handia zuten.     

Albaolak urte asko daramatza ideia bera transmititzen, eta Elkano Fundazioak ere bide beretik egin zuen. Zuk ere liburuan behin eta berriz azpimarratu duzu: gure lurraldea itsas herria izan da.

Bai, neu ere ez nintzelako oso kontziente, eta ohartu nintzen nik ere ez nekiela ondo interpretatzen gure paisaia, gure herriak. Ikusten ditugu Getaria edo Gaztelugatxe, eta zeinen leku politak diren pentsatzen dugu. Baina Gaztelugatxen ermita badago, ez da gaur egun selfieak egiteko; egin zuten, kostako ermita guztiak bezala, erreferentzia izan zedin, itsasotik ikusia izateko. Itsasotik egindako begirada baten ondorioz sortutako ingurua dugu, eta ahaztu egin dugu. Ez dakigu zergatik dagoen ermita bat punta horretan. Ez da kontu estetiko bat, hil ala biziko kontu bat baizik. 

Getariaren kokapenaz, liburuan diozu herri bat egiteko oso toki txarrean dagoela.

Erortzen ari da; duela urte gutxi erori zen beste puska bat itsas labar horietan. Inguru geografiko hori oso malkartsua da, eta beraz, zergatik egin zuten herria  han? Bada, San Anton irlaren babesean, portu oso on bat egin zitekeelako, itsasoari begira beti. Hortaz, gure burua ulertzeko, itsas historia ezagutzea ezinbestekoa da.

Historialari neutrorik ez dago, ezta kazetari neutrorik ere. Liburuan, ordea, zuri eta beltzetatik urrundu zara, eta gris eta matiz asko daude. Liburua idazterakoan norbere aurreiritzi eta juzguei kontra egitea izan da zailtasun handiena, edo besteren bat?

Bizitza esplikatzeko formula sinpleak askotan oso eraginkorrak izaten dira eta arrakasta izaten dute, oso erraz esplikatzen dutelako zerbait. Baina, gero, beti ikusten duzu ez datorrela bat errealitatearekin. Horregatik, uste dut kazetariok egin behar duguna dela pixka bat saltseatzea eta geure buruari galdetzea ea ziur gauden zerbait benetan horrela izan zela eta batzuk hain gaiztoak edo hain miresgarriak izan ote ziren benetan. Nire lana, batez ere, izan da adituekin egotea; nik interpretazio batzuk egiten ditut, baina, betiere, benetan gauzak ezagutzen dituen jende horren azalpenei jarraituta. Nik, kazetari bezala, badakit ezjakin hutsa naizela, eta ustez oso ondo ezagutzen nuen lurralde batean, zer deskubrituko nuen nik? Horregatik hasi nintzen jendeari galdetzen. 

"Gaztelugatxen ermita egotea ez da kontu estetiko bat, hil ala biziko kontua baizik"



Hain zuzen, bidaia bederatzi egunekoa izan zen, baina oso eremu desberdinetako jende askorekin hitz egin duzu, tartean getariar eta zarauztarrekin: Aitor Arregi sukaldariarekin, Xabier Alberdi historialariarekin, Axi Muniain surflariarekin... Nolakoa izan da sukaldeko lan hori?

Atzetik urte osoko lana egon zen, etengabe ideia berriak etortzen zitzaizkidalako. Historialari edo arkeologo batek kontatzen zizkidan garai bateko itsas istorioak ezagutzean, gure jarrera itsasoarekiko nola aldatu den pentsatzen nuen: gaur egun, itsasoa plazera eta aisialdiko espazioa da. Garai batean itsasoa zen bizimodua ateratzeko lekua, eta arriskua: inor ez zihoan plazeragatik itsasoan barrena. Gaur egun, aldiz, euskal kostaldean jende asko bizi da surfaren inguruan. Miarritze, esaterako, leku oso kaskarra zen olatu asko zeuzkalako; ez zuen inoiz portu handi bat izan. Olatuak kaltea ziren. Bat-batean, XX. mendetik, olatuak aldeko dira; uste dut zinegotzia dutela surf kontuetarako bakarrik. Liburu honek ez zeukan ideia oso argi bat hasieran, baina batekin hitz egiten nuenan, okurritzen zitzaidan beste norbaitekin ere hitz egin behar nuela.

Esan duzu hasieran liburuak ez zeukala helburu argirik. Behin, zure liburua irakurri berri zuen irakurle fin batek esan zuen eskola guztietan derrigortu beharko luketela liburu hau irakurtzera. Helburu pedagokikoa izan dezake, ludikoa... Orain, perspektibarekin begiratuta, nola ikusten duzu zeuk?

Ulertzen dut irakurle horren iruzkina, neu ere ezustean harrapatu ninduelako: zenbat gauza ezagutu ditudan, ustez ondo ezagutzen dugun gure herrialdean. Liburu hau egiterakoan, Bolivian edo Groenlandian idazten izan nintzenean bezala jokatu dut: jendearekin egon, eta ikusi ea zer aurkitzen dudan, eta jende horrek esandako istorioekin joan puntuak lotzen. Horrela ikusi nion ideia argi bat edo puntu zentral bat liburuari. Ez zen aurrez pentsatutako zerbait izan, eta hori izan da polita.

Paragrafo batean oso ondo biltzen duzu ideia nagusi hori: "Zertarako balio du Elkano batek?...", hasten da esaldia. 

Elkano Fundazioak bultzatutako proiektu bat izan da hau; askatasun osoz esan zidaten nahi nuena egiteko, eta nik esan nien ez naizela historialaria eta ez nintzela historia kontuetan sartuko. Elkanoren figuraren inguruan debateak, kongresuak, eztabaidak, polemikak daude, eta konturatu nintzen Elkanok horretarako balio zuela: oso informazio gutxi daukagu berari buruz, eta oso errelato desberdinak eusteko erabili izan da. Esan bezala, historia ez da neutroa, eta interesgarria da zer egiten dugun gure historiarekin eta zer narrazio egin dugun gure herriari buruz. Konturatu nintzen askotan euskal kulturaren narrazioa egin dela itsasoa pixka bat ahaztuta. Orain ari gara berreskuratzen.

Lehen Asterixen mitoa zegoen: uste zen hizkuntza eta kultura mantendu ditugula mendeetan zehar hemen egon garelako itxita eta ez delako inor etorri gu kutsatzera. Baina justu alderantziz izan zen: euskaldunek parte hartu zuten garai bakoitzeko dinamiketan oso puntako paperetan –onerako eta txarrerako–, eta horri esker gai izan ziren beren baldintzak jartzeko eta errespetatuak izateko; hau da, bizirik eta zabalik egon zirelako mantendu ziren. Mertxe Urteaga arkeologoak esaldi bat esan zidan, eta agian horixe izan zen liburuko ideia honen abiapuntua: "Euskarak eta euskal kulturak iraun bazuten ez zen izan erromatarren aurka, erromatarrei esker baizik". Hori guk beti entzun izan dugunaren erabat kontrako ideia da. Horrek zer pentsatua eman zidan.

Vuelta al país de Elkano liburuak bigarren zatirik izango al du?

Liburuaz hitzaldiak ematera joaten naizenean, liburuaren ibilbidean agertzen diren herrietan ez da arazorik izaten, baina Arrasatera joan nintzen, eta jendea pozik gelditu arren, esan zidaten ea nola ez nuen Arrasate sartu liburuan, han oso istorio interesgarriak baldin bazeuden. Badakit, baina aukeraketa bat egin behar izan dut. Hortaz, ez dakit obligazio hori izango dudan noizbait, eta liburuaren bigarren atal bat idatzi hor falta den guztiarekin, baina entziklopedia bat ere ezin dut idatzi, kar-kar.

Liburuaren euskarazko bertsioa prestatzen ari zarete, eta oso bestelako liburu bat argitaratzear ere bazara.

Bai, Julen Gabiria ari da euskaratzen liburu hau, eta liburu berria, berriz, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera idatzi dut, haren bizitzari buruz; egunotan argitaratuko da. Beste asmo batzuk nituen urte honetarako, baina Zuhaitzek esan zidanean liburu bat idatzi nahi zuela berari buruz eta bere bizitzaren laburpena egin zidanean, gauza oso tragikoak umorearekin nahastuz, erabaki nuen beste guztia alboratzea eta horri heltzea, inoiz ez zaidalako eskuetara hain istorio handirik iritsi. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide