Itzalpeko lanetan buru-belarri

Gorka Eizagirre - Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 4a, 12:00

Arraunak sakrifizio handia eskatzen du, baina ez arraunlariei bakarrik: klubetako boluntarioek lan andana egiten dute urte osoan zehar, eta horietako seik beren esperientzia kontatu dute.

Sakrifizio handia eskatzen duen  kirola da arrauna; traineru denboraldiari begira pasatzen dute urtearen zati handia dozenaka arraunlarik eskualdean. Ikusten den lana eta sakrifizioa da haiena, baina badira itzalean, isilpeko lanean, aritzen diren beste dozenaka arraunzale: arraun klubetako boluntarioak.

Denboraldia pil-pilean den honetan, haietako batzuekin elkartu da Urola Kostako Hitza: Getariako Arraun Elkarteko Eugenio Camiorekin, Orio Arraunketa Elkarteko Iñaki Sarasua eta Jose Luis San Sebastianekin, Zarautz Arraun Elkarteko Arkaitz Zulaika eta Larraitz Lizarralderekin, eta Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko Luis Mari Goikoetxearekin.

GETARIA

Klub txikia da Getaria Arraun Elkartea, "baina klub handietan adina lan" izaten dute han ere, "jende gutxiagoren artean egiteko". Hala uste du, behinik behin, Eugenio Kamio klubeko boluntarioak. Klubaren sorreratik dabil elkartean, 1976. urtetik. Hamar bat lagun hasi zirela du gogoan, eta oraindik jarraitzen duen arren, uste du «enbarazu ematen» gehiago dabilela, laguntzen baino: "Hemen lan gehien egiten dutenak lauzpabost dira, guk haiei lagundu besterik ez dugu egiten", esan du. Lanei dagokienez, "denetarik" egin behar dela azaldu du: "Bulegari, presidente, bidaia agentziako langile...".

Garai batean paper eta diru kontuen ardura ere izandakoa da Kamio, baina uste du "orain negar gehiago" egin behar izaten dela, "dirua ere gehiago behar da eta". Arraunlariak animatzeaz ere mintzatu da: "Espainiako Txapelketa batean, bateletan, irabazten gindoazen, eta bukaeran, lau arraunlarietatik bat gelditu egin zen nekatuta; gu marruka aritu gintzaizkion animatzen. Nola edo hala irabazi genuen, eta bale", kontatu du bitxikeria gisa.

Ikusten ez den lana da berena, eta jendea "txarra esatera bakarrik" gerturatzen dela dio. "Baina borondate onarekin egiten da lan hemen, dena ondo joan dadin", erantsi du. Hori bai, etxe barruan "beti giro ona" izan dutela azpimarratu du: "Kluba sortu zenetik arraunlari mordoa pasatu da hemendik, eta zorionez, denek egiten dute kasu; beraz, zerbait ondo egingo genuen".

Lanik gustukoena zein duen galdetuta, "batere ez", erantzun du azkar asko: "Estropadak ikusi, hori egiten dut gustura", bota du.

Azken denboraldiak gozoak ari dira izaten zentzu horretan, eta lana agian ez da errazago egingo, baina bai "harrotasunarekin". "Egindakoaren fruituak ikusten dituzu; iazkoa ikaragarria izan zen. Uste dut arraunak eragin zuela getariarrek harrotasunez esatea getariarrak zirela".

ORIO

Iñaki Sarasuak eta Jose Luis San Sebastianek urte asko daramatzate Orio Arraunketa Elkartearen bueltan lanean, "arraunzale amorratuak" baitira. «Gazteak ginenetik jarraitu izan dugu herriko trainerua batetik bestera, eta asko bidaiatu dugu horrela, baina arraunean ez dugu sekula egin. Ni pilotaria izan naiz, eta Jose Luis, berriz, mendizalea eta abentura kirolzalea", azaldu du Sarasuak. Hala ere, "kolore horia bihotzean" daramate, eta elkartean ardura postuak izan dituzte: Sarasuak 1986tik 1993ra hartu zuen klubaren gidaritza, gerora zuzendaritza taldeko kide izandakoa bada ere; San Sebastian, berriz, 2001ean sartu zen zuzendaritzan. "Guk 2005ean utzi genuen elkarteko zuzendaritza, baina beti egon gara prest klubean laguntzeko. Zuzendaritza berriko kideei esan genien behar zutenean laguntzeko prest egongo ginela, eta halaxe ari gara ordutik. Izan ere, badakigu zeinen garrantzitsua den elkartearentzat laguntzaileen lana", aitortu du San Sebastianek.

Eskatzen dietenerako prest izaten dira, baina badituzte hainbat zeregin urtero-urtero errepikatzen direnak. "Adibidez, estropadetan gu arduratzen gara epaileen karpa muntatzeaz, baita soinu sistema prestatzeaz ere". Horrez gain, esatari lanak egitea ere tokatzen zaio San Sebastiani askotan. "Urtean zehar sei estropada inguru izaten dira, baina izan dira hamabost estropada antolatu behar izan ditugun urteak ere", azaldu dute. 

Bi boluntarioen ustez, oso garrantzitsua da laguntzaileen lana aitortzea. "Gure garaian garrantzi handia ematen zitzaion arraunketa olinpikoari, eta klub asko ezagutu genituen. Horietako askotan, arraunlariek beren kirol ibilbidea bukatutakoan, elkartean laguntzaile lanetan jarraitzen dute, eta gustatuko litzaiguke Orion ere ohitura horrek indarra hartzea. Herriko gazte mordoa aritu da klubean arraunean, milatik gora izango dira, baina oso gutxi animatzen dira gero laguntzera. Nahi genuke elkartetik pasatutako gazte horiek laguntzaile aritzeko pausoa ematea". Gogoratu dute egunero izaten dela zeregina, ehunka lan txiki egoten direlako elkartean. "Gaur egun, une jakin batzuetan laguntzen dugu guk, deitzen digutenean, baina badago bere denbora librea hipotekatzen duen talde bat elkartean laguntzeko, eta pertsona horiek egiten duten lanari garrantzi handia eman behar zaio, familiarekin egoteko denbora edo aisialdiko denbora horretara bideratzen baitute. Konpromiso handia da, eta egiten duten lana eskertu behar zaie", nabarmendu du Sarasuak.

ZARAUTZ

Harkaiz Zulaika eta Larraitz Lizarralde Zarautz Arraun Elkarteko boluntarioak dira, eta arraunlariekin estropadaz estropada ibiltzen dira urte guztian zehar. "Normalean, delegatu lanak egiten ditugu, eta gaztetxoak eta senior mailako taldeak estropadetara eramateaz ere arduratzen gara", azaldu du Zulaikak. Astean zehar lan kontuengatik elkartean laguntzeko zailtasunak izaten dituztenez, asteburuetan jarduten dute nagusiki boluntario lanetan. "Larunbata eta igandea libre izaten ditugu, eta beraz, ez zaigu inporta ahal dugun neurrian laguntzea; gustura egiten dugun lana da, gainera", aitortu dute.

Zulaikak ondo ezagutzen du elkartea, umetan ZAEn arraunean ibilitakoa delako, eta beti ikusi izan ditu boluntarioak elkartean laguntzen. "Jon Artolak eta haren taldeak elkartearen gidaritza hartu zutenean, laguntzeko prest egongo ginatekeen galdetu ziguten, eta baiezkoa erantzun genien; lehen besteek gugatik egin zuten, eta orain guri tokatzen zaigu". Izan ere, Zulaikak argi du elkarte batek ondo funtziona dezan "ezkutuko lana egiten duen jende asko" behar dela. Lan "polita" dela ere azpimarratu du bikoteak, eta arraunzaleak izanik, arraun mundua bizitzeko beste modu bat dela uste dute. "Aurten liga guztiak pil-pilean daude, eta gozatzen ari gara".

ZUMAIA

Luis Mari Goikoetxearen izena estuki lotuta dago Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteari. Hainbat urtez izan zen klubeko presidente, eta gaur egun ere presidenteordea da. Lana "ondo" egitea gustatzen zaiola aitortu du, "ahalik eta arazo gutxien izateko gero". Klubaren sorreran ere parte hartu zuen Goikoetxeak berak, 1975. urtean.

Mende erdian, boluntarioek egin beharreko lanak "asko aldatu" direla azaldu du Telmo Deunekoak: "Lehen ontziak eta arraunak egurrezkoak izaten ziren, eta haiek arazo gehiago ekartzen zituzten. Norbaitek hanka gaizki sartzen bazuen, ontzia zapaldu egiten zuen eta ura egiten zuen. Gaur egun, dena karbono zuntzezkoa da. Garestia da, baina bestela, gaur ditugun ume guztiekin, txikizio ederra egingo genuke". Bulegoko lanak ere aldatu dira, baina horiek, ez onerako: "Orain agiri eta paper kontu gehiegi egiten da; burokrazia gehiegi dago gauza onerako. Kontxako estropadetarako, esaterako, aurrena Internetez bidali behar da dokumentazioa, eta gero bertara eraman; oraintxe horretan izan naiz [asteartean]".

Zazpi bat boluntario aritzen dira lanean gaur egun klubean, eta erreleboa gustura emango luke Goikoetxeak. "Amorratzen gaude gazteagoak gertura daitezen", dio, baina momentuz ez da halakorik gertatu. Hala ere, aitortu du lanik zailena ez dela berena: "Lan gogorrena? Arraunlariena. Ezin dugu kexatu haietaz. Penagarria da, baina gurean ez dute zentimorik kobratzen, ez garelako iristen". Erreleboa etorri bitartean, klubean jarraitzeko asmoa du Goikoetxeak. "Ni bizi naizen artean ez dut nahi kluba abandonatuta gelditzea eta gainbehera joaterik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide