Gutuna

Guztion artean hobetu dezagun garraio publikoa!

Euskotren 30 Minutuero plataforma 2023ko uzt. 6a, 10:56

Trena Zumaiako geltokian. (Juan Luis Romatet)

Euskotren 30 Minutuero plataformak joan den urtearen bukaeratik gaur arte eman dituen pausoak azaldu ditu gutun honetan. Zumaia eta Eibar arteko tren zerbitzuaren maiztasuna hobetzea eskatzen ari dira.

2022 urtearen bukaeran hasi genuen Eibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko kanpaina. Bertan, eskatzen dugu astean zehar Zumaia eta Eibar arteko zatiaren maiztasuna handitzea, hau da, ordubetean behin izan beharrean, ordu erdiro izan dadila. Gure eskaera gutxienekotik hasi dugu, gure uste apalean egunerokoan ezinbestekoak diren ordu gure uste apalean egunerokoan ezinbestekoak diren ordu tarteak indartu beharko liratekeelako behintzat, hau da, puntako orduak: goizez (07:00-09:00), eguerdian (13:00-16:00) eta iluntzean (19:00-21:00).

Helburu horrekin Debabarrena, Urola Erdia eta Urola Kostako hainbat herritan eta auzotan sinadura bilketa egin dugu: Zumaian, Arroabean, Deban, Mutrikun, Mendaron, Altzolan, Elgoibarren eta Eibarren, hain zuzen ere. Guztira, 5.676 sinadura jaso ditugu. Aipatu beharra dago sinatzera animatu den askok adierazi digula egun guztian zehar, baita asteburuetan ere, maiztasuna ugaritzeko eskatu beharko genukeela.

Izan ere, gaur egun, Zumaia eta Eibar artean trena ordubetean behin baino ez daukagu bi noranzkoetan. Eibar eta Bilbo artean zerbitzua ordu erdiro dago (egunaren zati handi batean Elgoibartik hasita), baita Zumaia eta Donostia artean ere. Donostia-Bilbo ibilbide guztian, Altzola, Mendaro, Deba eta Arroabea bakarrik geratzen dira 30 minutueroko zerbitzu hori gabe.

Trenaz gain, autobusak daude Deba eta Eibar artean (Mallabia-Ondarroa linea), baita Zumaia eta Deba artean ere (Ondarroa-Zumaia linea). Lehenengo kasuan, autobusak orduero daude, baina ia trenaren ordutegi bera dute. Bigarren linea, aldiz, bi eta hiru ordutik behin baino ez dago, eta trenaren ordutegiarekin bat dator.

Izugarria da trenez dabilen jende kopurua, are gehiago orain, txartelaren prezioa jaitsi denetik eta erregaien prezioaren igoera kontuan izanik. Gainera, ziur gaude maiztasuna ugarituz gero, askoz ere pertsona gehiagok erabiliko lukeela garraio hori. Izan ere, lan eta eskola ordutegiak askotan ez datoz bat trenaren ordutegiarekin, eta ordu bete zain egon beharrak kotxea hartzera bultzatzen du jendea.

Hori horrela izanik, uste dugu gure herria gobernatzen duten administrazioek ezinbestean jarri behar dituztela hainbeste kezkatzen gaituen ingurumena zaintzeko baliabideak, garraio publikoa indartuz, isurketak murriztuz eta herritarron ongizatea hobetuz, besteak beste.

Ildo horretatik, gure ekimenaren arrakasta ikusita, Debabarreneko, Zumaiako eta Zestoako alkateek gure kanpaina babestu zuten, eta babes horrekin, joan den ekainaren 2an Eusko Jaurlaritzako Garraio sailera helarazi genuen gure eskaera, hau da, astean zehar Zumaia eta Eibar arteko zatian trenen maiztasuna handitzea, alegia, ordubetean behin izan beharrean, ordu erdian behin izan dadila, puntako orduetan behintzat.

Ekainaren 15ean Eusko Jaurlaritzaren erantzuna jaso genuen esanaz Euskotreni helarazi ziotela gure eskaria, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Beraz, nahiz eta tren zerbitzuaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izan, Euskotreni helarazi diote eskaera

Gauzak horrela, ekainaren 19an Euskotreni egin diogu eskaera, lehen eskutik beraien erantzuna izango dugun esperantzarekin, milaka herritarron eskariarentzat irtenbide egoki bat izango dugulakoan

Guztion artean hobetu dezagun garraio publikoa!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide