Egungo gizarte aldakor honetan, teknologia, eta bereziki, digitalizazioa, ezinbestekoak bilakatu dira egunerokotasuneko esparru guztietan. Digitalizazioaren gaia, ordea, ez da aukeran etorri zaigun zerbait. Eskualde gisa, guztien artean aurre egin beharreko erronka da, inor atzean utzi gabe. Hala eta guztiz ere, enpresa guztiek ez dute oraindik eraldaketa digitalerako aurrerapausoa eman, edo horretarako aukera izan, eta horrek eten edo arrakala digitala bezala ezagutzen duguna sortzen du.
Urola Kostako Udal Elkartearen enpresa zerbitzua, bereziki hiru arrakala digital motaren inguruan lan egiten ari da eskualdean: alde batetik, erabilera eten digitala dago, teknologia digitalen trebetasunarekin eta erabilerarekin lotutakoa; bestetik, belaunaldien arteko eten digitala; eta azkenik, generoaren eten digitala.
Digitalizazioa enpresen mundura eramanez gero, salto hori egitea eta teknologia nahiz mundu digitala egoki kudeatzea funtsezkoa bilakatu da enpresek egungo merkatu globalizatuan lehiatzeko gaitasuna izan dezaten.
Errealitate horren jakitun izanik, Urola Kostako Udal Elkartearen enpresa zerbitzuaren helburua da lehiakortasun hori hobetzeko laguntza eskaintzea, enpleguaren sorrera bultatzeko eta eskualdearen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz. Hori horrela, digitalizazioari lotuta hiru ildo nagusi lantzen ari da:
1. Zerbitzu eta teknologia digitaletara sarbidea errazteko azpiegitura egokien garapena: laborategi teknologikoa eta coworking espazioa.
2. Enpresei zuzendutako ahalduntze digitalerako programak garatzea: datuen kudeaketa, negozio digital berrien merkaturatzea, segurtasun digitala, 4.0 industria…
3. Enpresen digitalizaziorako dirulaguntzak, kalitatezko euskarri teknikoak lortzeko.
ETE Digitala
Enpresentzako ahalduntze digitalerako programen artean, Udal Elkarteak ETE Digitala Urola Kostan izeneko egitasmoa du martxan; eskualdeko enpresa txiki eta ertainei 4.0 industria ibilbidean aurrera egiten eta digitalizazioaren alorrean urrats berriak egin ditzaten laguntzeko programa, hain zuzen.
Egitasmo hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskualde desberdinetako garapen agentziek 2017tik martxan duten estrategiaren barruan kokatzen da. Baina, gaur egun, digitalizazio estrategiaz haratago, ezinbestekoa da ibilbide horretan urratsak egitea, eta horretarako, abian jarri du udal elkarteak ETE Digitala programaren deialdi berria.
ETE Digitalaren edizio berria 2022ko uztailean hasi zen, eta 2023ko udara arte luzatzea aurreikusten da. Lau fase ditu, eta horietako lehena gauzatzen ari da orain; sentsibilizazio fasea, alegia. Fase horretan, digitalizazioari buruzko informazio jardunaldiak egingo dira. Ondoren, identifikazio fasea dator, enpresen momentuko heldutasun digitalaren inguruko diagnostikoa egiteko. Hirugarren fasean, definizio fasean, enpresaren eraldaketa digitalerako ibilbide orria garatu eta lan ildoak identifikatuko dira. Azken fasean, garatutako digitalizazio plan hori abian jartzeko lehen urratsak egiteko laguntza eskainiko da.
Deialdia zabalik dago eskualdeko enpresentzat
ETE Digitala progamaren deialdia zabalik dago eskualdeko enpresentzat, bereziki, enpresa industrialei edota bezero industrialei zuzendutako enpresentzat. Landuko diren proiektuek lotura izango dute digitalizazioarekin, 4.0. industriarekin eta datuen kudeaketa nahiz horien balorizazioarekin (negozio erabakiak hartzeko lagungarri izan dadin).
Programa %100 diruz lagunduta dago eskualdeko enpresentzat.