Tamainak garrantzia du

"Adinaren tamaina ere neurtuta: 18-38 urte bitartekoa". Hitza

Aitziber Sarobe Egigurenek Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua.


Bai, behintzat, udaltzain izateko Eusko Jaurlaritzak ireki dituen zerrendetan izena eman nahi duenarentzat. Gizonezkoek 1,65 cm neurtu behar dute gutxienez, emakumezkoek 1,60. Genero ez binarioa dutenek auskalo! Adinaren tamaina ere neurtuta: 18-38 urte bitartekoa. Gazteagoei zergatik ez zaien aukerarik ematen uler daiteke, zaharragoen ezintasuna ez dute argitu hedabideek. Adin horretan sasoia galtzen delako? Kontuan izanda B mailako gidabaimena eskatzen dela, ez dirudi korrika saio luzeak egitea aurreikusten duenik lanbide horrek, edo? Ez da galdera txarra Barne sailburuari egiteko… 

Ezagutzaren tamainak, aldiz, ez dio axola. Ematen duenez, ez da oso ilustratua izan behar udal agintari eta azpiegiturak zaintzeko, trafikoa zuzendu eta istripuetako atestatuak egiteko, ingurumenaren zaintza bermatzeko, lege hausteei aurre hartzeko edota kaleko istiluetan zein manifestaldietan ordena mantentzeko. Funtzio horiek eta gehiago betetzeko, Batxilergoarekin edo pareko tituluarekin nahikoa dela erabaki dute. 

Euskaraz hitz egiten jakitea ere ez da eskatzen, ez beharrezkoa, alajaina. Zertarako! Tximuak ere keinu bidez ondo komunikatzen dira, eta gu ez gara ba gutxiago izango. Ez da oraintsukoa gure herrian, arnasgunean omen dagoen honetan, udaltzain batek emandako erantzuna: «No tengo por qué contestarte en euskera». Ez dakienak, nahita ere ezin!

Halakoak aurpegiratzeko eskubidea Arabako Administrazio Auzitegiko epaile batek bermatu die udaltzain erdaldunei. Jatorrian, UGT eta CCOO sindikatuek, hurrenez hurren, B2 eta C1 euskara mailak eskatzen zituzten deialdietan jarritako salaketak daude, sindikatuen ustetan, gehiegizkoak diren eskaerak baitira horiek. Xelebrea da, gero, herritarren zaintza helburu duen lanbiderako ez ikustea beharrezkoa herritar horien hizkuntza ezagutzea. Horregatik eskatzen ote da lanbide horretarako gutxieneko altuera? Ulertzen ez dietenei gainetik begiratu eta lasai oihu egin ahal izateko? Kalean armatuta ibiltzeko baimena eskuratu dezaketela jakinda… Sindikatu horien jokabidea normala litzateke zintzoki aitortuko balute euskaldunekiko tratu ezberdintasunak ez diela ardura. Horregatik da sinesgaitza CCOO sindikatuaren aldarria Hezkuntza Lege berriaren aurrean. Eskola segregazioari aurre egiteko sare publikoaren alde egitea eskatzen dute, ikastolek eskaintzen duten zerbitzu publikoa aitortu gabe, ikastetxe pribatuen iruditeri lausoa eraikiz. Ez sindikatu horrentzat eta ezta besteentzat ere, hizkuntza ez da segregazioa eragiten duen faktore bakarra, noski; baina, sindikatu horri «euskarari dagokionez, planteatzen duena atzerapausoa da, murgiltze eredutik urrun» bezalako esaldiak irakurtzeak barregura ematen du, ez du sinesgarritasunik.

Zinismoa merkea da politikan, zuzentasun politikoan igeri egiteko ohiko estrategia bihurtu denetik. Horregatik ez gaitu harritzen udaltzainen lan poltsa berriarekin gertatu denak. Baina horrek ez du esan nahi mingarria ez denik. Non dago hor hain garrantzitsua omen den gizarte kohesioa? Hizkuntzaren gainean ez bada eraikitzen, zeren gainean eraikitzen da? Edo hizkuntza bakarraren (gazteleraren) gainean eraikitakoa da desio dutena? 

Euskaraldia abiarazteko bezperan gaude. Euskararen erabileraz kezkatzeko moduko datuekin mozkortu gaituzten ordezkari politikoak dira, administrazioa euskalduntzeko bidean, aitzindaritza hartu beharko luketenak. Zinismo hutsa hor ere. Lakuako bulegoak eta, oro har, gainerako autonomia zein lurralde mailako administrazioak bisitatu besterik ez dago horretarako dagoen borondateari neurria hartzeko. Herritarroi ahobizi izatea eskatzen digutenak, belarriprest izatearekin konformatzen dira.

Artikulu hau bukatu aurretik, gertaera benetan pozgarria zabaldu dute lau haizetara hedabide guztiek: Arangurengo lurretan Irulegi mendian dagoen Burdin Aroko herrixkan eusko-akitaniera edo baskoieraz idatzitako hitzak dituen brontzezko eskua aurkitu dute. Aranzadi zientzia elkarteak bideratutako aurkikuntza honek euskararen eta euskaldunon historia aldatuko omen du. Historia, ez oraina. 

Aurkikuntza horren berri emateko antolatutako aurkezpenean, zinismoak goia jo du María Chiviteren hitzetan, «Irulegiko eskua lehen mailako mugarri historikoa da, gure historiari eta kulturari buruz orain arte genuen ezagutzari buruzko jauzi izugarria». Bere lurraldean euskararen alde egiteak nafarren gehiengoa diskriminatzen duela uste duen Nafarroako Gobernuko lehendakariak bere kulturatzat dauka baskoiera, euskararen jatorrian dagoen hizkuntza.

Sorioneku! Eromen honen erdian umorea eta osasuna galtzen ez dituena, euskararen, eta beraz, euskaldunon kontrako etengabeko eraso honen aurrean txikiagotzen ez dena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide