Ilargira noiz berriro?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga 2022ko aza. 10a, 09:00

Ilargia. (Hitza)

Duela egun batzuk elkarrizketa interesgarri bat izan nuen lagun batekin. Ilargira joan ginela sinestea zaila egiten zitzaiola esan zidan. Ez zuen bere arrazonamendua Interneten ugari diren konspirazio bideoen inguruan kokatzen. Bideo horietako askotan agertzen dira logika barregarria edo zuloz betetakoa erabilita edozer  aurkikuntza ukatzen dutenak. Ez, nire lagunari sinestezina egiten zitzaion, duela 50 urte iritsi baginen ilargira, hainbeste denboraren ondoren berriro joan ez izana. Eta nahikoa zitzaion argumentu hori bere garaian ilargira ez ginela iritsi pentsatzeko.

Askotan, ezjakintasunak laguntzen du pentsaera horietan. Ilargitik ekarritako materialak gordetzen dituzte Ameriketako Estatu Batuetako hainbat lekutan. Norbaitek esan dezake hori ere ipuina dela. Baina ilargiko materiala iristen zaigu, guk ekarri gabe ere, meteorito moduan, eta ilargira egin ziren bidaiei lotzen zaizkien materialek ezaugarri berberak dituzte. Ilargiko arrokak eta mundukoak erraz bereizten omen dira, teknika aproposak erabilita. Baina gizakirik gabe ilargira bidali diren tramankuluek ere ekarri izan dituzte gizakia ilargira joan zenean utzitako seinaleak: ontziek lur hartu zuteneko puntuak, erabilitako ibilgailuen arrastoak, eta nola ez, zaborra (marka da...). Ezjakintasunari lotuta askok diote "ilargira joan ziren hartan"; baina oso gutxik dakite Apolo programa famatuaren barruan sei joan-etorri egin zirela lau urteko tarte batean, eta ez zirela behin bakarrik izan bertan.

Baina gaiak badu beste irakurketa bat ere: garaiak aldatu egiten direnarena. Espaziora egindako bidaiak garestiak dira, oso, eta lortzen den etekinarekin alderatzen baditugu, momentuz behintzat, ez dute zentzu handirik. Bere garaian, gizakia ilargira bidaltzea munduko potentzien arteko guda bilakatu zen: teknologia hori garatu eta banderatxoa han jartzen zuenak munduko nazio boteretsuenaren titulua lortuko zuen. Eta horregatik erabili zen diru publiko ugari hura finantzatzeko. Bere momentuan Ameriketako Estatu Batuek ilargira joateko programan erabili zuten dirua (portzentajeetan emanda) Europak ikerketan, edozein dela ere esparrua, erabiltzen duenetik gertu dabil. Hau da, ikerketan inbertsioa bikoiztu beharko litzateke edo lantzen diren beste esparru guztiak dirurik gabe utzi beharko lirateke ilargirako programa bat finantzatzeko. Erokeria hutsa! Ea zein den plan hori herritarren artean saltzen hasten den politikari ausarta!

Baina garaiak ere aldatu egiten dira. Historiak behin eta berriz erakutsi digu garai zehatz batean apustu egokitzat genuenak interesa galdu dezakeela edo, baldintzen aldaketa dela eta, justifikatzeko zailak bihur daitezkeela. Teknologian behin baino gehiagotan gertatu da hori. Gogoratu Zeppelinak. Garai batean luxuaren irudia ziren. Mantso, baina luxu gorenekoan mundu osoan zehar bidaiatzeko aukeraren ametsa sortu zuten. Gero, baina, hegazkinak garatu ziren, azkarragoak eta arrisku txikiagoa zutenak. Hala, Zeppelinaren bidea amaierara iritsi zen. Bidaiariak Atlantikoan zehar abiadura supersonikoan mugitzen zituen Concordea ere izan genuen. 1969an hasi zen martxan, eta 2003an erretiratu zen, kostuen gorakadagatik eta tamalez ospetsu bihurtu zen istripu baten ondorioz. Ia hogei urte dira hegaldi supersoniko komertzialik martxan ez dagoela, nahiz eta bere garaian etorkizuneko hegaldietan erabiliko zen teknologiatzat hartu zen.

Historia ez lineala, eta belaunaldiz belaunaldi gehiago, handiago, azkarrago... izango dela amets bat da dudarik gabe. Gainera, sortzen dituzten mugak oso bistan jarri zaizkigulako dela hori horrela esango nuke. Baliabide ez berriztagarrien amaiera datak gero eta zehaztasun handiagoarekin ezagutzen ditugu. Eraikin, azpiegitura eta edozein jardueratarako beharrezko lurzorua gero eta urriagoa da. Ur kantitate eta kalitate arazoak urtetik urtera nabarmenagoak dira. Eta dena borobiltze aldera edo, klima aldaketaren uztarria gero eta astunagoa da (jasanezina izaten hasi da munduko leku askotan). Horrek guztiak gizartearen garapenaren planteamendu aldaketa eskatzen du. Optimizazioranzko bidea hasi beharrean gaude. Optimizazioa baliabideen erabileran. Optimizazioa erregai fosilen erabileran. Optimizazioa lurzoruaren erabileran. Optimizazioa naturaren kontserbazioan. Eta optimizazio horrek aldaketak ekarriko ditu. Beharbada, hegaldiak asko garestitu behar dira sortzen duten kaltea nolabait konpentsatzeko. Beharbada, garraio publikora bultzatu behar da gizartea, eta auto pribatuaren erabilera penalizatu. Beharbada, bakoitzak izan dezakeen etxe kopuruari mugak jarri behar zaizkio. Egia esan, ez dakit zein den irtenbidea, baina argi dagoena da aldaketa beharrean gaudela. Eta aldaketa hori guk gidatutakoa eta graduala izatea hobe, hondamendien araberakoa eta bat-batekoa baino. Ilargira joatea baino hobe...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide