Euskal Green New Deal

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko urr. 6a, 09:00

Haize errota baten irudia.

Eolikoak ere helduko omen dira gure eskualdera, eta bazterrak ederki nahastu ditu albisteak. Ez da gutxiagorako, Norvegiako Statkraft enpresak Iberdrolaren dorrearen adineko diametroa duten bost errota eoliko eraiki nahi baititu Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan. Batzuek jasangarritasunaz hitz egiten digute, besteek naturaren txikizioaz. Batzuek bizi dugun hondamendi ekologikoari aurre egiteko bide dela esaten digute, baina bada horren guztiarenoinarrian interes ekonomikoak daudela dioenik. Heldu da, dirudienez, "kapitalismo berdea".

Argi dago gaur egungo sistema kapitalistak natura txikitzen duela eta energia kantitate ikaragarriak behar dituela bere biziraupena bermatzeko. Hau da, etekin ekonomikoak bermatzeko, gastu energetiko ikaragarria du. Are gehiago, sistema honen funtzionamenduak paradoxa argigarri bat du: ez du axola energia baliabideen kantitateak, gehiago badago edota haren sorreraren edo kontsumoaren efizientzia hobetzen bada, kontsumoak gora egingo du. Horrek errebote efektua izena du, eta ikatzaren erabilerarekin konturatu ziren horretaz. Pasa dira urteak, baina trena ez da gelditu. Funtsean, interes ekonomiko-politikoak agintzen duen sistema batean bizi gara, zeinetan natura bera ere dirua lortzeko bitarteko den. Horren adibide garbia da programatutako zaharkitzea delakoa: gaur egun erosten ditugun objektuen bizitza txikitzearena, aurremeditazioz, berriro eros ditzagun. Dirua, dirua eta dirua.

Horren aurrean, badirudi Statkraftek irtenbide bat planteatzen digula: energia berriztagarriak. Enpresaren izaera publikoa azpimarratu da askotan, horrek enpresa onaren izaera emango balio bezala. Baina gutxik esaten dute badela beste petrolio enpresa publiko bat Norvegian bertan. Beraz, nekez esan dezakegu aldaketa energetiko estrategiko baten parte direla. Aipatutako enpresak Equinor izena du, eta haren errentagarritasuna ezbaian dago, epe luzera begira behintzat. Ondorioz, hor agertu zaigu Statkraft, ziztu bizian puztu eta puztu, Equinorrek Norvegian utziko lukeen zuloa tapatzeko prest.

Eta orduan? Zergatik hitz egiten da geroz eta gehiago energia berriztagarriaz? Zergatik daude geroz eta proiektu berriztagarri gehiago? Ba, justu, erregai fosilen eskasiaren aurrean etekin ekonomikoak bermatzeko. Erregai fosilak geroz eta gutxiago egonda, eta, beraz, horietatik geroz eta diru gutxiago lortuta, enpresariek beharrezkoa dute beste bitarteko batzuk bilatzea interes ekonomiko horiei eusteko. Beraiek trantsizio ekologikorako pausoa dela esango dute, natura babesteko bidea dela irudikatu, baina guretzat, gure inguruneko baliabideen eta etorkizunean beharko diren baliabide eskasen espoliazioa besterik ez da.

Beraz, horrelako proiektuak ez datoz arazo errealei erantzutera, eta gutxiago dira jendarte xumearentzat; kontrara, zentzugabekeria hutsa dira. Inolako aldaketa ekonomikorik eta politikorik gabe ezin dugu hitz egin nolabaiteko kapitalismo ekologikoaz. Zergatik? Kapitalismoak berak ezin duelako biziraun natura esplotatu eta kaltetu gabe, kapitalismoa inoiz ezin delako izan jasangarria. Horregatik, ezin ditugu halako proiektuak irtenbide gisa planteatu, are eta gutxiago gure lurren eta baliabideen txikizioa badute oinarrian. Guzti horren atzean interes partikular politikoak, ekonomikoak eta alderdikoiak daude, eta ez nolabaiteko iraultza berdea. Beraz, ez dezagun herritarren borondate ona nahastu naturaren hobe beharrez egiten den edota argia merkeago ordainduko den fantasiak salduz. Sistema horretan, ez dago iraultza berderik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide