Nola argitaratu zientzian

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga 2022ko ira. 15a, 08:45

Zientzialariek hainbat artikulu argitaratu ohi dute. (Hitza)

Duela egun batzuk aldizkari batera zientzia artikulu bat bidali nuela esan nion lagun bati. Erantzuna: "Horrela egingo duzue zuek soldataren aparteko diru poltsa!". Beste hainbat kontutan bezala, gizarteak zientziak nola funtzionatzen duen ez dakiela erakutsi zidan erantzun hark. Eta badu bere garrantzia artikulu zientifikoak nola eta zergatik argitaratzen diren jakiteak, aurrerapen zientifikoak nola zabaltzen diren erakusten baitu neurri handi batean. Bide batez, atzean prozesu zorrotz bat dagoela ikusteak edozer ez dela argitaratzen erakuts dezake, eta zientzian fede gehixeago izatea ere ekar dezake.

UROLA KOSTAKO HITZAn idazteko pribilegioa dut nik. Hemen nire iritzia ematen dut gai ezberdinen inguruan, eta inork ez du ‘zuzentzen’ nire lana (euskarari ostikoren bat eman ez badiot, behintzat...). Baina hori ez da horrela aldizkari zientifiko batean lan bat argitaratu nahi dudanean. Hasteko, artikulua idatzi behar da. Artikulua bakarka edo tamaina ezberdinetako taldeetan prestatu ohi da, beti ere idazten den horretan eragina izan duten pertsonak sartuz. Mendiko lanean, laborategian, analisietan, idazten eta abarretan parte hartu dutenak agertzen dira autoreen artean, eta guztiek dute lana hobetzeko erantzukizuna. Baditut nik hiru lankideren artean idatzitako artikuluak, baita dozenaka batzuk biltzen dituenak ere. Autore guztien artean adostasun batera iritsi ondoren, lanaren kalitatea, mezua eta jakintza esparruaren arabera, aldizkari egokia bilatzen da. Gaur egun, aldizkari zientifikoen espezializazio maila izugarria da. Imajina dezakezuen edozer gairi buruzko aldizkari espezifiko bat, edo batzuk, daude: minari buruzkoak, egurraren propietateei buruzkoak, xomorro arraroei buruzkoak... Artikulua bidali aurretik, aldizkariak dituen formatua, luzera eta beste eskakizunak betetzen diren ikusi behar da, eta betetzen ez badira, beste aldizkari bat topatu edo artikulua eskakizun horietara moldatu beharra egoten da.

Aldizkarira lana bidalitakoan, artikuluak lantzen duen gaiaren inguruan aditua den editore batek hartu ohi du. Aldizkariek editore kopuru ezberdinak izaten dituzte: aldizkari txikiek dozenaka batzuk, eta handienek ehunka. Editore horiek lana irakurri eta berrikusiko duten beste zientzialari batzuk topatzen dituzte. Berrikusle horiek antzeko gaietan lan egin ohi duten beste ikerlari batzuk besterik ez dira. Ikertzen duenak argitaratzen duen bezainbeste jardun ohi du berrikusle lanetan ere. Egun batean aldizkari batera artikulu bat bidaltzen da, eta hurrengoan beste batetik idazten dizute lan bat berrikusteko eskatuz. Horrela, berrikusle horiek –bitik dozena erdira bitartean izan daitezke– lana kritikatzen dute, eta argitaratzeko modukoa ez dela esan edo hobetu beharreko kontuak zein diren azpimarratzen dute. Hobetzeko kontuak denetarik izan daitezke: idazteko modua, ikerketaren diseinu kaskarra, erabilitako kalkulu okerrak edo beste hainbat. Horietako kontu batzuk zuzen daitezke, kalkuluak adibidez, baina beste batzuek ez dute erremediorik, eta konponezinak diren akatsak direlako, artikulua ezin dutela argitaratu erantzun dezakete. Berriro hasierako puntura joanda, artikulua hobetzea eta beste aldizkari batera bidaltzea izan ohi da biderik ohikoena. Zuzenketak egin ondoren argitara dezaketela erantzuten badute, berriz, zuzenketa horiek egiten saiatu edo aldaketak zergatik ez diren egin nahi justifikatu behar da. Berrikusleak eta editorea konbentzitzea lortzen bada, onartuko dute lana eta aldizkarian argitaratuko da. Prozesu horrek argitaratzen diren artikuluak kalitate altukoak izatea bermatzen du.

Hori guztia eginda, ordea, aldeko dirurik ez dugu ikusten zientzialariok, ez besteen lanak berrikusteagatik, ezta gureak argitaratzeagatik ere; ez bat-batean behintzat. Argitaratzeagatik askotan ordaindu ere egin behar izaten da, gainera; milaka euro kasu batzuetan. Orduan, zer? Erotuta al gaude? Zergatik hartu lan hori gure gain, gainera, ordaindu egin behar denean? Dudarik gabe, gizartearentzat garrantzitsua da egiten diren lan zientifikoen emaitzak publiko bihurtzea; izan ere, horrela, beste zientzialariek aurkikuntza horiek oinarritzat hartu eta haratago eraman dezakete jakintza esparrua. Baina zein da zientzialari batek artikuluak argitaratzeko endredua hartzeko arrazoia? Bere etekin zientifikoa idazten dituen artikulu kopuruaren eta horien kalitatearen arabera neurtu ohi da neurri handi batean. Etekin zientifiko horren arabera, errazago lor daitezke lan eskaintza berriak, soldata igoerak edo proiektu berriak. Horrela, argitaratzen ez duenak ez du karrera zientifikoan aurrera egiteko modurik, eta beste lanbide batean amaitzea da arruntena. Azken batean, zuzenean sosik eman ez, baina gustuko lan horretan jarraitu ahal izatea baimentzen du artikuluak argitaratzeak. Diruak baino gehiago balio du horrek!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide