Landare itsutasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2022ko abu. 4a, 11:15

Hainbat landare eta lore mendian (Argazkia: Aitziber Sarobe Egiguren)

Mende berrian sartzearekin batera eman ziguten aditzera Plant Blindness bezala ezagutzen den fenomenoa James Wandersee eta Elisabeth Schussler botanikariek. Sendagileentzat ez da gaixotasuna, baina horrek ez dio larritasunik kentzen gertaerari.

Landareak izendatzeko eta bereizteko gaitasuna galdu dugu, haien erabilera eta propietateen ezagutzarekin batera. Hirietako bizimoduarekin lotzen den gertaera da, naturatik aldentzeak ekarri duen ondorioa. Arrazoiak bilatzen hasita, gizakion eboluzioan ikusmenak izan duen bilakaera aipatzen da: nonbait, gizakiok arreta handiagoa jartzen dugu pertsonengan eta azkar mugitzeko gai diren animaliengan, mugitzen ez diren landareengan baino.

Kontuak kontu, gertaera horren adibide dira EHUk eta Aranzadik berriki egin duten ikerketa baten ondorioak: 12-13 urteko ikasleen artean, %80tik gora eskatzen zitzaizkien hamar animalia zerrendatzeko gai izan diren bitartean, %7 ere ez dira iritsi beste hainbeste landare izendatzera. Ikerketa helduekin eginda, datuak ez lirateke asko aldatuko, ziurrenik...

Ahaztu nahi dugun baina presente behar genukeen pandemia garaian, inoizko argien nabarmendu zen gertaera hau: etxe barruan preso egonda, leihoetatik ikusitako loreak harriduraz partekatu ziren sarean. Lorezainen geldialdi behartuaren ondorioz, belarra loratzeraino hazi zen, eta herri-hirietan ohikoa ez den udaberriaz gozatu ahal izan genuen. Belardien eta lorategien abandonuaren, utzikeriaren, ondorio ederra izan zen hori; zenbaitek "zikina" edo "sasitzea" deitzen dion ordenarik eta neurririk gabeko kolore leherketa usaintsua. Estetika eta usadio kontua izango da, edo lorezainen lanbidea mantentzearen ordaina, baina ez da erraza ulertzen lorategien eta belardien kudeaketa bortitz hori. Loratzen ez uzteak ez du laguntzen gero eta ikusezinagoak zaizkigun landareengana hurbiltzen.

Landare itsutasuna, baina, ez da herri-hirietako kontu hutsa. Landa eremuan ere, oso zabalduta dagoen gaitza da. Gure baserritar eta lur-jabe gehienek ez dute baso naturalik ezagutu; soroetan eta belardietan landatutako pinu landare gazteak hazi bitartean, naturalizazio-prozesuak ezagutu dituzte, berdin utzitako larreetan; euren hitzetan, mendia zikintzen ikusi dute. Jabe horietako askok ez dute ulertzen sasi eta sastraka horien atzetik zuhaitzak hazten direla, berez; bere horretan utzita ere, berezko basoak, hariztiak gehienetan, sortuko direla. Prozesu horrek gizaldi bat baino gehiago eskatzen duenez, ez dute ikusi eta horregatik, ez dute sinisten.

Baserritarrek sasiari amorrua izatea ulergarria da. Euren bizi osoa zelaiak "garbi" mantentzen aritu ostean, urte
gutxiren buruan asunak, karduak, sasiak, txilarrak eta oteak hazten ikusteak euren bizimoduaren akabera adierazten du. Abereak badira baserritarrak aberats egiten dituztenak, naturalizazio-prozesuak abere falta adierazten baitu. Hori da, usu, baserritik eta baserrian bizi denaren begirada, errespetuz hartu beharrekoa.

Baina bada ezjakintasun horri etekin paregabea atera dionik. Egur ekoizpenera bideratutako monolaborantza intentsiboa sustatu dute foru aldundiek azken hamarkadetan. Soro eta zelai aberatsetan hazitako pinuek dirua eman zuten lehen bi turnoetan, baina hirugarrenak gaitza besterik ez du ekarri. Monolaborantza intentsiboaren ingurumen eraginak, bereziki lurzoruan, jasanezinak dira gurea bezalako orografia malkartsu eta klima hezean. Hori jakinda ere, eragin horiek neurtu eta mugatu beharrean, administrazioa egurgintza enpresen mesedetan aritu da epe motzeko etekinen bila. Basoak eta landaketak bereizi gabe, baso naturalak eta biodibertsitatea mespretxatuz, gizakiaren esku-hartzea ezinbestekoa dela sinestarazi du.

Berezko prozesuei amorru biziz erantzuten dien administrazioa daukagu: egurzaleen zein abeltzainen mesedetan, natur ingurunea muturreraino ustiatzea baimendu baitu; azken kasuan, belardien kontserbazioarekin bateragarriak ez diren abere-kopuruak eta azpiegiturak sustatuz.

Pandemiak erakutsi digunez, gizakia bere ingurunearen eta biodibertsitatearen menpekoa da. Ez dakigu nola eta zenbateraino, eta horregatik, lehentasunezko helburua izan beharko luke gero eta kinka larriagoan dagoen biodibertsitatea berreskuratzea: etekin ekonomikoak helburu horretara baldintzatzea.

Onez edo txarrez egin beharko dugu. Ekologistok lehen aukeraren alde egiten dugu eta horregatik gabiltza landare itsutasunari erremedioa jarri nahian. Herrian edo landa eremuan, funtsean, landare itsutasuna gauza bera baita: ezjakintasuna. Zoritxarrez, suteen harira hedabideetan entzuten ditugun azalpen interesatuekin elikatzen ari diren ezjakintasuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide