Karbonoa, 'modako' atomoa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga 2022ko eka. 2a, 08:45

Konposta egiteko ontziak, Getarian. (Miriam Tamayo)

Karbono hitza esan eta pertsona bakoitzari gauza ezberdin bat etortzen zaigu burura: diamantea batzuei, bizikleten edo auto garestien atalak beste batzuei, erregai fosilak, jakietako karbohidratoak... Egia esan, karbonoa edonon dago eta batetik bestera mugitzen da nahiz mugitzen dugu, etengabe munduan zehar.

Bizitza bere ere karbonoan oinarritzen da, neurri handi batean. Gorputzak sortzeko adreilu nagusia da karbonoa; bizidunen pisuaren erdia da, gutxi gorabehera, karbonozkoa. Gainera, erregai biologiko nagusia ere karbonoan oinarritzen da: atmosferatik oxigenoa arnasten dugunean, jakiekin irentsi ditugun karbono kateekin erreakzionatuz, energia lortzen da. Energia horrek hainbat lan egiten ditu, muskuluak uzkurtzea esaterako, eta hondakin moduan karbono dioxidoa (CO2) askatzen da.

Gas moduan agertzen diren karbono formak ‘modan’ jarri dira azken aldian. Karbono dioxidoa da ezagunena, baina metanoa (CH4) ere garrantzitsua da oso. Berotegi efektua sortzen duten gasak dira biak, eguzkiak bidalitako energiaren parte bat berriro espaziora ihes egitea saihesten dutenak. Baina bi gas horiek ez dute kalte bera eragiten: adituen arabera, metanoak karbono dioxidoak baino 25 aldiz gaitasun handiagoa du energia xurgatzeko, eta horrela, karbono atomo batek 25 aldiz kalte handiagoa sortzen du metano moduan karbono dioxido moduan baino.

Klima aldaketaren aurkako estrategiak karbonoaren kudeaketan oinarritzen dira. Atmosferan ahal den eta karbono gutxien izatea dute helburu neurri horiek. Neurri ezagunena erregai fosilen erabilera murriztea da. Erregai fosila munduaren historia geologikoan zehar harrapatuta geratu den karbonoa da. Azken bi mendetan, ordea, erregai fosilak izugarri erabili ditu gizakiak, energia iturri gisa batik bat. Energia lortzeko ura irakiten jartzea izan ohi da arruntena, eta horretarako, sua erabili ohi da gehienetan. Ikatza erretzean, adibidez, bizidunen barruan gertatzen den erreakzio berbera gertatzen da, baina azkarrago; hau da, materia organikotan gordeta dauden karbono kateak oxigenoarekin lotzen dira, eta karbono dioxidoa askatzen da. Erregai fosilak autoetan erabiltzen ditugunean ere, gasolina esaterako, antzeko zerbait gertatzen da. Kasu horretan, beroaren ordez, eztanda erabiltzen da motorra mugiarazteko, baina erreakzioa ikatza erretzean gertatzen denaren berdina da: karbono kateak oxigenoarekin lotu eta karbono dioxidotara zatikatzen dira.

Erregai fosilen erabilera etengabe horrekin, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioak pixkanaka gora egin du azken bi mendeetan, eta horrela, eguzkiak bidaltzen digun energiaren parte handiagoa geratzen da atmosferan. Kostatu da, baina gaur egun guztiz onartzen da klima aldaketaren sortzailea gizakia dela, erregai fosiletan metatutako karbonoaren askatze azeleratua bultzatu duelako. Klima aldaketaren eragina, berriz, gero eta garbiago ikusten ari gara: urtero sortzen dira tenperatura errekor berriak, muturreko gertaera klimatikoak (uholdeak eta lehorteak) arruntagoak bihurtzen ari dira eta urteko ziklo markatuak desitxuratzen ari dira (maiatzean hondartzara joan gara aurten!).

Klima aldaketari aurre egiteko, ordea, erregai fosilen erabilera murrizteaz gain, badira hartu ditzakegun, baina askotan aintzat hartu ere egiten ez diren, beste neurri batzuk. Materia organikoaren kudeaketa da neurri horietako bat. Materia organiko asko sortzen du gizakiak zaborretan, jakien, fruituen eta barazkien soberakin modura. Materia organiko horren pisu lehorraren erdia karbonoa da, eta klima aldaketaren ikuspuntutik, modu hobeak eta okerragoak daude karbono hori tratatzeko. Tratamenduetako bat su ematea da, baina horrek karbono dioxido izugarri askatzen du atmosferara; bestea zabortegietara bidaltzea da. Kasu horretan, ordea, material ezberdinak elkarren gainean bolumen handietan pilatzen direnez, oxigenoa azkar ahitzen da, eta karbono dioxidoa sortu beharrean, metanoa sortzen da. Eta esan bezala, gas horrek karbono dioxidoa baino kalte handiagoa sortzen du.

Orduan, zer egin soberakin organikoekin? Konpostatu. Konpostatzean, materia organikoan metatutako ura lurrundu eta materialak xehetzen dira. Prozesu horrek metanorik ez du sortzen, eta bide batez, lurrak ongarriztatzeko produktu paregabea lortzen da. Etxeko hondakin organikoaz oroitzen gara, baina baso lanetan, soroetan eta baratzeetan ere hondakin organiko bolumen handiak sortzen dira. Gure baserrietan eta landetan, arrunta da sua erabiltzea materia organikoa desagerrarazteko, baina horrek, berriro ere, karbonoa atmosferara askatzen du. Horren ordez, hobe da material horiek birrintzea eta leku umel batean konpostatzen uztea. Horrela, urte gutxitan lur aberatsa sortuko zaigu.

Konpostatzeko garaian pertsona bakoitzak hartu behar du iniziatiba, baina kudeatzaileek ere erraztu dezakete bide hori. Nahiko arrunt bihurtzen ari dira konpostatzea bultzatzeko dirulaguntzak, norberak konposta egiteko edukiontzien banaketa edo kaleetan hondakin organikoa botatzeko edukiontziak jartzea. Baina gehiago egin daiteke alor horretan: zergatik ez izan udalerrian edo mankomunitatean batetik bestera mugi daitekeen birringailuren bat, baserrietan eta landaketetan sortzen diren materia organiko bolumen handiak erraz birrindu ahal izateko? Zerbitzu publikoa izan daiteke hori, guztion mesederako izango da eta. Azken batean, maiatzean hondartzara joatea gustura hartzen dugu, baina abuztuko uholdeak ez hainbeste, ezta?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide