Udaberria gainean dugu, eta naturaren urteroko espektakuluaren aurrean gaude. Landare asko jada loretan, beste asko hosto berri eta kolore berde bizikoak ateratzen... koadroan jartzeko moduko argazki ederrak ateratzeko garai aproposean gaude. Berdetze fase honetan oso azkar hazten dira landareak, neguan izan ohi duten itxura pattala albo batera utziz. Hazkuntza honekin batera, ordea, natura kontrolpean edukitzeko asmoarekin edo, desbrozadorak eta antzekoak segituan ateratzen ditugu lanera (COVIDarekin patologikoa izatera iritsi da gainera...). Eta noski, tarteka mozketa horiek beharrezkoak dira, baina planifikazio eskasarekin egiten dira orokorrean. Leku askotan, ederrenak dauden momentu honetan egiten dira sarraski handienak justu, "txukun" mantentzearen izenean. Ederrak egotea da gutxiena, ordea, hainbat espezierentzat baliagarriena ere garai hauetan izaten dira landareak, eta hori aintzat hartu gabe mozten dira sarri. "Txukunketa earra iten ai zea!" bezalakoak entzunda, bide egokian gabiltzala iruditzen zaigu, baina beste ikuspuntu bat emango dizuet lerro hauetan.
Modu orokorrean hitz egin beharrean, adibide espezifiko batzuekin ilustratuko dut nire ikuspuntua. Azpeitia-Azkoitia bidegorritik sarri pasatzen naiz bizikletan, eta udaberrian ikusgarriak jartzen dira mendi aldeko pendizak. Kolore oso biziko milaka lorek estaltzen dute udaberriro pendiz hori, baina segituan jartzen zaio espektakuluari bukaera urtero: belarra moztera etortzen diren langileek, bost bat metrotako tarte batean loratzen eta fruitua sortzen amaitu baino lehenago, dena barrenetik mozten dutelako. Moztearen aldeko arrazoiak badaude, bidegorria hartzera ere iristen baitira belarrak. Baina ez moztearen aldeko arrazoiak ere badaude, eta horietaz gutxi pentsatu ohi dugu. Oso gutxitan ohartzen gara lore horiek polinizatzaile populazioentzat –erleentzat kasu– errekurtsoak sortzen dituztela. Polinizatzaile horiei esker gertatzen da gure interesekoak diren fruituen garapena; adibidez, sagarrena eta txermenena.
Beste adibide bat: hormetako huntza. Han-hemenka oraindik ere ikusten dira horma zahar edo berriak huntzez estalita. Udaberrian hosto berrien irteerarekin bizitasun handia lortzen dute horma horiek. Huntza mantso baina etengabe hazten denez, segituan sortzen ditu bolumen handiak eta moztu beharra egoten da tarteka. Ez gara konturatzen, ordea, huntzak ere oso interesgarriak diren errekurtsoak sortzen dituela. Udaberrian arrunta izaten da huntzaren babesean hegaztien habiak aurkitzea. Udara bukaera aldera, berriz, garatzen utzi bazaio behintzat, loreak sortzen ditu, garai horretan polinizatzaileentzat errekurtso kritikoa bihurtuz. Hurrengo udaberri hasieran garatzen amaituko duten fruituak, berriz, hegazti batzuentzako berebiziko garrantzia dute jaki gutxi dagoen garai batean.
Hirugarren adibidea, erreka eta ibaietan hazten diren landareak. Udaberriarekin basoak etortzen zaizkigu herriguneetara ibaiertzean hazten diren zuhaitzei esker. Azpeitian bertan, zuhaitz zerrenda mardul bat garatu da Urolari utzi zaion kanalaren barruan. Udaberrian, berdetzen eta hazten hasten direnean, arrunta da moztu beharra dagoela aldarrikatzen duten ahotsak inguruan izatea. Moztea berriro ere "txukun" mantentzearen izenean egin behar dela edo uholdeei lekua uzteko egin behar dela esaten da (uholdeetarako ere lagungarriak izan arren, ibaiertzeko basoak urak ubidean behera duen abiadura jaisten laguntzen baitute). Baso horiek, bestalde, inguruko animali askorentzat errekurtsoak eta babesa sortzen dituzte. "Arratoientzat!" esango dute askok, baina arratoiak kontrolpean izan ohi dituzten bisoientzat, adibidez, garrantzia handiagoa dute.
Horrela, landareak mozteko orduan funtzionalitateari estetikari baino garrantzi gehiago eman beharra dagoela uste dut, funtzionalitate naturalari alegia. Ez ahaztu naturak eskaintzen dizkigun zerbitzuak (ur garbia, aireko oxigenoa, izurriteen kontrola...) debaldekoak direla, baina zerbitzu horiek garatzeko baldintza egokiak bermatu behar ditugula. Eta orduan? Ez moztu eta kontrolik gabe hazten uztea al da egokiena? Hori baino, zer eta noiz moztu gehiago pentsatu behar dela uste dut. Garbi izan, mozteak onurak bakarrik ez, kalteak ere sortzen dituela eta kalte horiek minimizatzeko kriterio batzuk erabili daitezke.
Lehenik, zertarako mozten den pentsatu beharko litzateke. Estetika hutsa bada, nik hor garbi dut kriterioa, ez moztu. Berdezalea eta ormigoifoboa naizelako izango da, baina moztu gabeko landareak ederragoak iruditzen zaizkit niri beti. Mozteak funtzio bat badu –bidegorria libratzea, adibidez–, berriz, moztu oztopo egiten duen parte horretan, demagun metro bat, eta utzi bestea kalte gutxiago egingo duen momentu baterako. Ibaiertzeko zuhaitzekin ere berdin: enbarazo edo zerbait arriskuan jartzen badu zuhaitzen batek zalantzarik gabe moztu, baina bestela utzi hazten. Bestalde, noiz moztu pentsatzea ere garrantzitsua da. Gure inguruan udazkenean egiten dute landare gehienek gainbehera, eta ziklo hori errespetatze hutsarekin onura nabarmenak sortuko genituzke. Huntzarekin, adibidez, zergatik ez itxoin hegaztien kumaketak amaitu arte eta udazken-neguan moztu, edo oraindik hobe, parte batzuk moztu gabe utzi fruituak garatu daitezen? Ea desbrozadoraren bat udazkena arte txabola zokoan mantentzea lortzen duten lerro hauek...