Energia eolikoa bai, parke eolikoak ez

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2022ko mar. 31a, 12:24

2009an, Gazumeko parke eolikoaren kontra Zelatunen egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Ander Lasa)

Energia-iturri fosilen prezioaren gorakadak (aurreikusi zitekeen) ondorio larriak izan ditu ekonomian, eta beraz, gure bizimoduan. Horrek, lehendik gero eta ozenagoak bihurtzen ari ziren ahotsak altxatu ditu energia berriztagarrien alde; bereziki, energia eolikoaren alde. Ukrainako gatazka guda bihurtu eta gutxira, Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoaren sailburuak "energia larrialdi egoeran gaudela" adierazi zuen petrolioaren, gasaren eta elektrizitatearen prezioen igoera aitzaki hartuta. Hitza hartzen hurrengoa, Urkullu lehendakaria bera izan zen, duela hamabost bat egun, Kanaria uharteetatik, La Palmatik hain zuzen ere: lehengaien eta energiaren prezioen garestitzeak "gerra ekonomiara" eraman gaituela, eta efizientzia energetikoa lehenesteko garaia dela esan zigun, energia-iturri alternatiboen aldeko apustua egiteko garaia, energia eolikoaren eta hidrogenoaren alde eginez, hain zuzen.

Zehazki, hauxe da Urkullu lehendakariak eskatu zuena: energia berriztagarrien azpiegiturak interes publikokoak izendatzea; hala, ingurumen legediaren bermearekin, azkarrago eraiki ahal izateko. Horra ba, zertara zetorren Tapia legea. Egoera txarretan beti izaten omen da etekina ateratzen duenik, eta ez da horixe adibide txarra.

Penagarria da, benetan, gure agintariak Ukrainako gertaera lazgarrien atzean ezkutatzea energia eta lehengaiekiko dugun menpekotasuna erakusteko. Ez gaur eta ez atzo; hamarkadak pasatu dira peak-oil edo petrolioaren gainbehera noiz eta nola gertatuko zen erakutsi zigutenetik. Lehengaien ekoizpenari eta garraioari buruzko merkatu globalari buruz, berriz, zer esan. Lehen sektorearen industrializazioa zeren eta noren mesedetan sustatu duten ezkutatzeko ez dago Ukrainara joan beharrik. COVID-19ak erakutsi digu zein azkar itxi nahi dituzten gure herriko azokak merkataritza gune handietara bidaltzeko jendea, saldoka. Tokian tokiko produktuen ekoizpena eta kontsumoa ez da gaur agintean daudenen eredu ekonomikoa.
Ukrainakoa bada, Tapiaren eta Urkulluren azken aitzakia baino ez da aspalditik irudikatuta dituzten helburuak betetzeko: gure mendien industrializazioa. Ez da berria kontua. Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua izan ostean, EAJren Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria izatera iritsi zen Josu Jon Imazen garaian, antzeko proposamenak jarri zizkiguten mahai gainean. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko mendilerro nagusienetan haize-errota parke erraldoiak jartzeko egitasmoak lehentasunezkoak zirela agindu ziguten; gerora, ordea, gauzatu ezinezkoa zela frogatu zen Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialaren izenean.

Josu Jon Imaz jaunarentzat, baina, ez ziren suertatu hain beharrezkoak energia fosilak ordezkatzera etorriko ziren energia berriztagarriak: Petronorren aurkitu zuen beroa, goxo-goxo hartu zuten politikari ohia, nonbait, bere kargua Jaurlaritzan hain ondo betetzearen ordainez. Ate birakariak deitzen diote fenomeno horri Espainia aldean.

Tapiak edo Urkulluk antzeko bidea egin nahi ote duten pentsatzeko modukoa da. Pausoz-pauso ari dira errepikatzen duela hogei urteko gertaera haiek, gero eta lotsa gutxiagorekin, hori bai. Hasteko, Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala berritu aurretik, mendietan parke eolikoak eraikitzeko proposamenak ari zaizkigu iristen astea joan eta astea etorri. Orduan bezala, orain ere ez dakigu kokapen horien zergatia. Ez daukagu haize-korronteen mapa argirik, parkeak proposatzen dituzten leku horien justifikaziorik. Enpresa pribatuen ekimenak izanda, banaka aztertuko dituztela esanda lasaitu nahi gaituzte, inozoak garelakoan. Ez zenbat egin asmo dituzten, ezta zenbat eta zer nolako energia ordezkatzera datozen ere. Orduan bezala, gaur ere dena da balekoa. Zutoin eta pala, 200 metro baino luzera handiagoa hartzera iritsi daitezkeen metalezko errota erraldoiak garraiatzeko eta kokatzeko, sekulako pistatzarrak eraiki behar dira mendian. Irudikatzea ere zaila den txikizioa egiteko borondatea erakutsi dute plan orokorrik gabe, eta hori salagarria bada, beldurtzekoa dena da Tapia legea onartu izana hau guztia azkartzeko; Urkulluk eskatu bezala, parke eoliko hauek interes orokorrekoak izendatzen badira, ez baitute udalen baimenik beharko.

Argi erakutsi digute legea zein erraz moldatu daitekeen alderdi politikoen interesetarako. Demokraziaren izenean, noski.

Eztabaida ez da inoiz izan, energia eolikoa bai edo ez. Energia hori non eta nola ustiatu da kontua eta, eztabaidak, bai ala bai, publikoa izan beharko luke gure ingurune naturala suntsitzea baita ondorioa. Energia eolikoa behar dugu, gainerako energia berriztagarriekin batera; baina, horretarako ez dago zertan parke eoliko handiak eraiki, eta are gutxiago, mendietan.

Energia kontsumitu behar den lekuan ekoitzi behar da, besteak beste, garraioan eragiten diren kalteak eta galerak ekiditeko. Gure herrian badago teknologia eta ezagutza halako astakeriak saihesteko; energiak enpresa handien negozio izateari uztean dago aterabidea. Energia garbi bakarra ekoizten ez dena denez, ekoitzi dezagun behar duguna bakarrik eta ahalik eta kalte gutxien eraginda (lurzoru gutxien okupatuta). Txikitik, auzoz auzo, herriz herri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide