Zientziak denerako eman omen dezake erantzuna, edo bide horretan jartzen omen gaitu behintzat. Baina nola lortzen du hori? Adibide batekin ilustratuko dizuet ikerlari batek galdera zehatzak erantzuteko izan ditzakeen moduak: homeopatia. Ez dut gai honekin inor haserretzeko asmorik. Gehienok zerbait entzun dugun gaia da, eta irakurleoi gertukoa suertatuko zaizuelakoan aukeratu dut, ez mania berezia diodan gaia delako. Gainera, zientziaren funtzionamendua erakusteko erabilgarria iruditzen zaidan gaia da.
Lehenik eta behin, edozein ikerketa zientifikotan galdera bat izan behar dugu. Galdera hori erantzuteko diseinatzen dira esperimentuak edo lortzen dira hainbat iturri ezberdinetan eskuragarri ditugun datuak. Galdera horiek oso espezifikoak izan daitezke ("nola erabili daiteke mahai bat egiteko material gutxiago baina indarrik galdu gabe?") edo oso zabalak ("zein da klima aldaketari aurre egiteko biderik eraginkorrena?"). Homeopatiaren kasuan galdera orokorrena planteatuko dugu: eraginkorra al da homeopatia? Galdera horri erantzuna topatzeko bi modu aurkeztuko ditut hemen: aurretik dugun ezagutza batu eta logika erabiliz erantzuna topatzen saiatzea, edo, intereseko ezaugarriak dituen kasuak eta ez dituenak konparatzea. Lehenengo hurbilketan mekanismoak ulertzen ditugu, eta horren arabera, ondorio bat atera dezakegu. Adibidez, ez dago esperimentu bat egin beharrik etxe garai batetik edalontzi bat botatzen badugu hori apurtu egingo dela jakiteko. Kasu horretan, aurretik dakigunarekin predikzio on bat egin dezakegu: edalontzia apurtu egingo da. Horretarako, ordea, frogatuak dauden mekanismo ezberdinak batu ditugu: grabitateak abiadura emendatuko dio edalontziari, lurra edalontzia baino gogorragoa da eta kristala hauskorra den material bat da. Eztabaidarako leku gutxi hemen.
Goazen orain homeopatiara. Kasu honetan sendabide honetan aurkezten diren bi ideia erabiliko ditut. Lehena, eragin kaltegarri bat duen sustantzia bat eragin kaltegarri horren sendabide bihurtu daitekeela da; bigarrena, berriz, sustantzia diluituagoek eragina indartsuagoa dutela da. Bi printzipio horiek kontraesanean daude fisika, kimika eta biologiako beste esparruetan aplikatzen diren ideiekin. Esparru horietan, sustantzia ezberdinek funtzio ezberdinak egiten dituzte, eta batzuk beste batzuekin elkartuz neutralizatu egiten dira. Bigarren printzipioaren inguruan, badakigu sustantzien kontzentrazio ezberdinek eragin nabarmen ezberdinak sortu ditzaketela. Adibidez, kutsadura ibaietan: apur batek "ongarritu" egin ditzake eta arrainen ugaritasuna emendatu, baina apur bat kutsadura maila altuagoarekin eragin kaltegarriak nabarmenak dira. Baina diluituagoa dagoen soluzio batek eragin indartsuagoa izatea, hori ez dator bat aipatutako diziplina horietako printzipioekin.
Horrela, bi printzipio horiek zientzian onartzen direnekin kontraesanean daude. Eta orduan? Horrekin, homeopatiak ez duela funtzionatzen esan al dezakegu? Oraindik beste bide bat erabili dezakegu, konparaketena. Badira hainbat galdera mekanismoen inguruko informazio partziala dugunez zergatia ulertzen ez duguna, baina, hala ere, fenomenoa oso frogatua dagoena. Minbiziak, adibidez. Minbizien inguruan «nola» sortzen direnaren inguruan oraindik asko dago jakiteko, baina sortzen duten kaltearen eta sendabideen inguruan aurrerapen handiak ari gara egiten etengabe. Kasu horietan, konparaketetan oinarritzen diren esperimentuak diseinatzen dira. Hau da, minbiziaren kasuan, tratamendu bat hartu dutenak hartu ez dutenekin konparatuz, ikus dezakegu tratamendu berriari esker hobekuntzarik sortzen den ala ez. Bi taldeen artean diferentziarik ez badago, tratamenduak ez duela balio ondorioztatuko dugu. Noski, kontua asko sinplifikatu dut lerro hauetan, tratamendu batzuk baldintza konkretu, gaixotasun zehatz edo populazioaren zati batean bakarrik erakutsi ahal dituztelako eraginak. Egoten da beti hor zer ikertua!
Eta hori nola erabili daiteke homeopatiaren eraginkortasuna frogatzeko? Berdin-berdin. Konpara ditzagun homeopatiako erremedioak hartu dituzten pertsonak hartu ez dituztenekin, eta ikus dezagun erantzuna ezberdina al den. Homeopatiaren kasuan, konparaketa hori erakusten duten artikulu sorta bat badago jadanik argitaratuta, eta antza, ondorio nagusia da homeopatiak eraginkortasunik ez duela. Homeopatiaren eragin apalak erakutsi dituzten lan batzuk badira, baina eragin ezaren aldeko lanak askoz gehiago dira. Ikerketa lan ezberdinen arteko ondorioen kontraesan horiek konparaketetan oinarritutako lanen ahulezia erakusten digute: ebidentzia ukaezina lortzeko konparaketa asko egin behar dira. Homeopatiari buruz hitz egiten dugunean, aurreko artikuluan aipatu nituen zientzia konplexu horietako baten aurrean gaude; osasun publikoa, alegia. Zentzu horretan, pertsonekin konparaketa esperimentuak egiteak bere zailtasunak ditu, are gehiago, ditugun datuak esperimentu baten barruan sortu ordez, konparaketak egiteko helburuarekin gerora jaso badira.
Horrelako bilketetan konparatzen ari garen pertsona talde horien artean homeopatia baino kontu gehiago aldatuko dira ia beti. Adibidez, homeopatia pilulak ematearekin batera, arrunta da tratamendu osoago bat "errezetatzea", ariketa fisiko, dieta eta beste hainbat lerrotan hobekuntzak bultzatuz. Horrela, talde batean homeopatia pilulak hartu dituztenak, baina, aldi berean, kirol gehiago egiten eta hobeto elikatzen hasi direnak baditugu, eta bestean, berriz, homeopatia pilularik ez, baina sedentario izaten eta gaizki elikatzen jarraitu dutenak baditugu, ez da harritzekoa aurreneko taldeak egoera hobea erakustea. Homeopatia pilulei esker izan al da hori? Nik ezetz esango nuke, eta zientziak ere hala erakusten du. Zuk zer diozu?