Denon arteko zaintza; mila esker, denoi!

Tomasa Kerejeta Garmendiaren etxekoak 2022ko ots. 7a, 12:05

Duela astebete hil zen Tomasa Kerejeta Garmendiaren etxekoek honako gutun hau bidali dute Urola Kostako Hitzara, amaren gaixotasun prozesuan jasotako babesa eskertzeko.

Astebete pasatu da ama joan zitzaigula. Hainbeste eman digun gure amatxo. Alzheimerra zuela esan zigutenetik hiru urte pasatu dira, nahiz eta bai etxekook eta bai berak ere gaitzaren aztarnak bi-hiru urte aurretik sumatzen genituen. Gure ama gaixotasun horregatik bere gaitasunak galtzen eta apaltzen nola joan den egunez egun bizitzea gogorra izan da etxekoentzat, baina ez gara bakarrik egon. Aita, lau seme alabok eta gainerako familia oso lagunduta sentitu gara, eta bide honetan lagundu gaituzuen guztioi gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. 

Batetik, udaleko Gizarte Zerbitzuetatik gaixotasunaren momentu desberdinetan zer egin irtenbide desberdinak eskaini eta erraztu dizkiguzuenak (Mariro eta bere taldea). Gaixotasunak eraginda, gure amak zaintza behar desberdinak izan ditu, eta batzuetan, etxekook gure aldetik ahalegin guztiak egin arren, benetako ezina sentitu dugu. Momentu horietan, Mariro, asko lagundu digu zure aholkuak izateak.

Bestetik, gaixotasuna ulertzen eta gure beheraldietan animoari eusten lagundu digun AFAGIko (Gipuzkoako Altzeimerdunen Familien Elkarteari) taldeari. Zenbat aldiz izan ditugu Alaitz zure aholkuak eta animoak zer egin ez genekiela eta lur jota geundenean.

Hirugarrenik, amaren zaintzan zuzenean, gurekin batera aritu zareten pertsonei. Eskerrik asko, Begoña amaren gaixotasunaren lehen urratsetan emandako laguntzagatik. Mila esker, bihotzez, Lierni, goizetan zure umorearekin ama barrez jarri eta hainbesteko goxotasun eta alaitasuna emateagatik. Carolina, por cuidarla con tanto cariño y transmitirle siempre paz y sosiego. Gladys, por acompañarla en momentos a veces difíciles. Tailerretan berarekin izan zareten arduradunei eta lagunei, mila esker, eskulan, kantu eta ariketa fisikoak eginez gure amaren ongizatean laguntzeagatik. Azpeitiko eguneko zentroko langile guztiei, ama lan batzuetarako gai zela sentiarazteagatik eta zentroko egonaldian zuen artean hartu eta behar zuen laguntza errazteagatik.

Laugarrenik, esker mila, gure amaren lagun minei, amari emandako babes eta laguntasun guztiagatik, eta Urrestillako herritarrei, gure amak laguntza behar zuenean hor egoteagatik. Gure amak pertsonengan konfiantza handia zuen, eta gaixo zegoenean ere lasai ibiltzen zen Urrestilla inguruan, beti esaten zigun: "Laguntza behar badut, denak beti daude laguntzeko prest".

Eta azkenik, San Martin egoitzako lantalde guztiari –garbitzaileei, erizainei, laguntzaileei, sendagileei, psikologoari, zuzendaritzako taldeari, harrerako pertsonari–, bakoitzari zegokizuen lanean ama eta gu etxeko bezala hartzeagatik, beti goxotasunez eta maitasunez. Ama egoitzara eraman genuen azaroaren 25 hur egun gogorra izan zen guretzat. Etxean behar zuen zaintza profesionala emateko gai ez ginen, baina gure maitasun guztia ematen jarraitu nahi genuen. Zuekin denon arteko zaintza burutzeko gai izan gara. Zuek behar zuen laguntza profesionala goxotasunez, eta guk, etxekook, gure maitasuna eman diogu. Zuek hori ahalbidetzea ikaragarria izan da guretzat. Denbora guztian zuek izandako malgutasuna eta gertutasuna, eta azken bi egunetan 24 orduak bere ondoan egon ahal izana, oso garrantzitsuak izan dira guretzat. 

Gipuzkoan, eta Euskadin ere bai, zaintza behar duten gero eta adineko pertsona gehiago ditugu. Zaintza horrek alderdi desberdinak ditu: maitasuna, behar fisikoen zaintza, mediku zaintza... Eta horrek denon arteko elkarlana eskatzen du, etxekoena eta profesionalena. Gaixo edo mugatuta dagoen pertsonaren ongizatearentzat horiek uztartuta eman ahal izatea oso garrantzitsua dela uste dugu, eta zuek guztiok lagundu gaituzue horretan. Mila esker, denoi!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide