Zein da gure etorkizuna?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko urt. 20a, 09:00

Antolakuntza komunistaren aldeko mobilizazio bateko irudia. (Utzitakoa)

Ingurura begiratu eta egoera ez da erraza. Lanik aurkitu ezin duten lagunak ikusten ditut inguruan, praktika kontratuekin lanean dabiltzanak, soldata kaskarra eta lan kontratu gabe dauden gazteak edota gurasoen etxetik alde egin ezinda dauden ez hain gazteak. Gaur egungo gazteontzat ez da erraza aurrera begiratu eta etorriko dena aztertzea. Momentuan momentukoa bizitzera kondenatuta, ziurgabetasunak definitzen du gure egunerokoa.

Argi dago gazteon gaitasun ekonomikoak nabarmen egin duela behera azken urteotan, eta lan esparruan gazteok bizi dugun egoera guztiz salagarria da. Lan ezegonkorretara eta soldata baxuetara kondenatuta, gazteok epe luzera ezin begiratuta aurkitzen gara. Lan baldintza kaskarrak ez ezik, lana nahi duenak ere nekez bila dezake: 25 urtetik beherako gazteen langabezia tasa %27,7koa zen joan den irailean. Gainera, hori gutxi balitz, soldata kaskarrei bizitzaren garestitzea gehitu behar diegu. Langileoi oinarrizko produktuak garestitzen zaizkigu gure soldata berdin dagoen bitartean. Oinarrizkoa den guztia geroz eta garestiagoa da: elikagaiak, argia, dendetako eta tabernetako prezioak, etxebizitza… Besteak beste, ez zait arraroa egiten gazteon independizatzeko batez besteko adina Euskadin 30 urte baino handiagoa izatea gaur egun.

Baina hori guztia ez da kasualitatea. Azken urteetan eman diren kultur eta ekonomia aldaketak koronabirusaren testuinguruan gauzatu badira ere, oinarrian burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa dagoela ulertu behar dugu. Gizarte eredu hau krisian dago, eta, beraz, aldaketa sozialak eta ekonomikoak behar ditu. Hor kokatzen ditut azken urteetan gauzatu diren lan baldintzen kaskartzea edota lehenago aipatu dugun bizitzaren garestitzea: krisi egoeran, langileon bizi baldintzen beherakada ari gara ikusten. Eta, zoritxarrez, ziur naiz hori geratzeko etorri dela, pixkanaka-pixkanaka, bizi eredu pobreak finkatzen ari dira.

Egoera horren aurrean, bada parlamentuetara begiratzen duenik. Baina garbi esan behar dugu alderdi politikoek ezin diotela aurre egin gaur egungo ofentsiba ekonomikoari eta sozialari. Zorpetutako estatu burgesetan, bankari eta enpresari handiek hartzen dituzte erabaki ekonomikoak, eta horren ondorio argia da gaur egun dugun miseria ekonomikoa. Eta zein da alderdi politiko parlamentarioen lana? Miseria hori kudeatzea. Erreforma ezberdinak saltzen dizkiguten arren, inoiz ez dira betetzen. Horren adibide da Espainiako Estatua: inoizko ezkerreko gobernu aurrerakoienean argiaren prezioaren gorakada izugarria edota indar errepresiboen igoera. Dirua duenak agintzen du, eta politikari profesionalak beren txotxongilo besterik ez dira.

Egoera horretan, bi aukera daude: antolakuntza politikorako hautua edo bizi eredu pobre honen kondena. Politikari profesionalen eta instituzio burgesen fartsaren aurrean, gazteok beharrezkoa dugu antolakuntza iraultzailera batzea eta bizi dugun egoeraren aurrean etorkizun hobe baten alde borrokatzea. Eta zein da etorkizun hobe hori? Nire iritziz, gizarte eredu berri baten eraikuntza, sozialismoaren eraikuntza. Eta hori lortuko bada, ez da, inondik inora, parlamentuetan eta instituzioetan dagoen zirkoaren bidez izango. Pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen ari diren garai hauetan, gazteok politikoki antolatzen jarraitu behar dugu. Enpresen interesen alde lerratu beharrean, guztion eskubideen alde mobilizatzeko garaia da. Burgesiaren ofentsiba gelditu!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide