Gutxi edo gehiago, istorio txiki zein handi bakoitzak izaten du bere alde ezkutua, kontatzen dugun bakoitzean zerbait argitara azaldu arren istorioko beste zerbait argilunean geratzen delako edota ezkutuan, besterik gabe. Kontakizunak izan ditzake, zer esanik ez, oker dauden zatiak ere, memoria gezurti handia izanik, berak nahi duena ahaztu edo faltsutu egiten baitu. Eta hori, zintzoki egia esateko asmoarekin ibiliz, eta ez egia-erdiak edo gezur apainduak kontatzeko asmoz. Dena dela, kontatzeak alde on nabarmena ere badu: norbaiti kontatzen diogu istorioa, eta entzuleak, eskubide osoarekin, esandakoaren akatsak aireratzeko aukera osoa du.
Urola Kostako Hitzan lau astetik behingo berriketa idatzian aritzeak baditu ahoz kontatzearen zenbait bertute, bide ematen baitu jendeak (kalean eta) orri horretan irakurritakoari buruz komentarioak eta iruzkinak egiteko, idatzian egon zitezkeen akatsak eta okerrak zuzen ditzadan eskatzeko, eta, zenbaitetan, iritzi-idatzian agertutakoaz gain, ilunpean egon zitezkeen ezkutukoren bat argitara ateratzeko. Idatzi batzuek aukera gehiago eskaintzen dute ideien joan-etorri horretarako, jakina, eta azkenekoa (Pagoetako gurutze beltzari buruzkoa) aberatsa izan da neurriz kanpo. Jendeak denetik komentatu dit: iritziak (erlijio-kutsu gehiegitxo ote zuen), jakin-minak (non ote dagoen gurutzea, nork egin ote zuen ekintza hori), akatsak dituela (data kontuetan ez dabilela oso fin), eta, ekarpen aberatsak, historia zahar batekin ezkutuko lotura eratzeko. Benetan eskertzekoak ekarpen horiek guztiak.
Beraz, banoa kontuarekin. Badirudi haizeteak botatako zuhaitzek eraitsi zutela Pagoetako gurutze-bideko seigarrena, Veronikarena; beraz, loturarik ez, antza, Buruntzan errotaflexarekin eraitsitakoarekin. Kontatu didate (aho txikiarekin) nor izan ziren beltzez pintatu zutenak, baina ez dut baimenik zabaltzekok eta isildu egingo naiz, ez bainaiz txutxu-mutxuekin albisteak osatzeko bezain kazetari. Baina, kontu horien guztien gainetik, egindako akats bat zuzendu beharrean nago. Aurreko idatzian diot: «Oker ez banago 1935ko ekainaren lehenengo igandean inauguratu zen gurutze-bidea». Bada, oker nengoen. Ez zen 1935. urtean inauguratu. Gurutzea bera bai, baina ez haraino heltzen den gurutze-bidea. Hori 1954. urtean jarri omen zuten.
Lehenengo aztarna zera esan zidatenean iritsi zitzaidan: Antoniano lanbide eskolako maestriako ikasleak marrazketa eta taila lanetan jardun zutela, gurutze horietako irudiak egiteko aurrelanetan. Gero, Pagoeta Mendizale Elkarteak 50 urte bete zituenean Imanol Epeldek idatzitako liburuaren orrialde baten argazkia bidali zidaten (eskerrik asko, Joantxo), eta hark argitu zidan gurutze-bide gogor horren ezkutuko historia: promesa batena.
Herritar talde batek egindako lan kolektiboa da bide hori, inola ere, baina pertsona bakar baten asmoak piztua. Antonianoko ikasleak ibili ziren lanean, baina ez haiek bakarrik. Hilario Epelderen gidaritzapean hainbat zizelkarik egin zituen buztinezko irudiak, gero haietatik moldeak atera eta haiekin gurutzetako irudiak zementuz egiteko. Bidartetarrek Kooperatiba Plazan zuten etxabe edo bebarru batean egin omen zituzten zementuzko hamalau gurutzeak. Gero, Aiara eraman eta Aiatik Pagoetako bideraino, 1954ko ekainaren lehen iganderako prest jartzeko.
Lanak lehenagotik hasiak ziren, ordea, aurreko udazkenetik. Inaxio Etxabe Bidarteren gogoa zen irudi haiek egin eta mendian ipintzea, baina haren aitak egindako promesa zela bitarteko. Izan ere, semea gudari ibili ondoren frankistek harrapatu eta batallon de trabajadores delakora bidali zuten gerra bizi-bizi zegoela oraindik. Aitaren promesa: Pagoetan hamalau gurutzeko bidea egingo zuela semea bizirik itzultzen bazen etxera. Eta halaxe egin ere. Hor agerian ezkutuko historia, jendearen ekarpenei esker.