Lasai etzan naiz azkenean. Urte osoa gelditu gabe pasatzen dugun honetan, uda heltzea izaten da askoren arnas. Gelditu, atseden hartu eta berriro berdinera bueltatu. Oraingoz, honekin konformatu beharko. Eta urteak joan urteak etorri, bada niretzat pentsatzeko tarte bat ere. Pasatu den guztia perspektiban kokatu eta hemendik aurrerakoari nola heldu hausnartzeko unea. Eta aurtengo ikasturteari begira jarri naizenean, ilusio irribarre bat atera zait. Egia esan, ez urte bereziki ona izan delako inorentzat, baina, zalantzarik gabe, urte honek zerbaitetarako balio izan badu, batzuei maskarak kentzeko eta besteei pausoak indartzeko izan da.
PSOE eta Podemosek tronua lortzea ilusioz bizi zuten batzuek, baina denborak bakoitza bere lekuan uzten omen du. Eta hori da utzi digutena: argiaren eta gasaren prozioen igoera, etxegabetzeak, indar errepresiboen igoera, etxeratze aginduak eta inoiz helduko ez zaigun lan erreforma. Kapitalaren morrontza du bere baitan estatu burgesak. Alderdi guztiak daude bizi izan ditugun eskubide muga horien atzean, eta argi ikusi da oraingoan ere instituzio eta estatu burgeseko zirrikituetan sartzen diren alderdiek nahi edo ez nahi elikatzen dutena: kapitala bera. Eta, bide horretatik, langileon soka estutuz doa.
Baina atzera begiratu eta ikusten dut, alarma egoera ezarri zenean, ezjakintasunaren erdian egonda ere, nola bazen auzia kokatzea lortu zuenik. Pauso ausart horiek dira behar ditugunak: ezarritako arauek pobrezia, arbitrariotasuna eta kontrol soziala bultzatzen zituztela salatu zuen Gazte Koordinadora Sozialistak alarma egoera ezarri bezain laster. Horrekin batera, pertsonen osasuna eta oinarrizko eskubide eta beharrizanak lehenetsi behar zirela aldarrikatu zuen. Kaos horren erdian, ezin ulertu horren erdian, poza ematen du heldutasunez gaia tratatu eta egoera kokatzen dutenak daudela ikusteak. Eta bai asmatu ere.
Egoera horretan sortu zen gure eskualdeko Oinarrizko Elikagai eta Produktuen Biltegia ere. Burgesiak konfinamendua ezarri zigun garaian, kolpatuen dauden langileak gehien sufritzen ari ziren garaian, inoiz baino beharrezkoagoa baitzen antolakuntza. Lortutako eskubideak ezin dira saldu. Eta ordutik pasatu dira hilabeteak, baina ezer ez da gelditzen. Ikus dezakegu Itaia emakumeon antolakunde sozialistak bere jarduna nola hasi zuen irailean, emakume langileon interesen defentsan lerratuz. Ikasleak ere ez dira geldirik egon; Ikas plataformak deituta egin direnak herrian inoiz egin diren ikasle mobilizazio handienak izan direlakoan nago. Eta Gabonak pasatu ondoren ere, Urola Erdiko Kontseilu Sozialista sortu zen: langile klasearen antolakuntza propioa bultzatzeko ezinbesteko tresna, zalantzarik gabe. Horrek jada sortuak ditu aholkularitza juridikoa bezalako tresnak ere. Eta orain arte egin diren beste hainbeste ekimen, formakuntza edota mobilizaziorekin gogoratzen naiz. Eta horrek ateratzen dit irribarre hori.
Dena ukatzen diguten garaiotan, inoiz baino beharrezkoa da kaleak hartzea, inoiz baino beharrezkoagoa da lortu diren eskubideak defendatzea. Eta eskerrak geldirik ez garen egon, eskerrak debekuak debeku antolakuntza politikoa eta eskubide zibilak defendatu ditugun. Poztu egiten naiz inoiz egon den gizarte despolitizatuenean hainbeste jende lanean ikusten dudanean, herrian geroz eta tresna gehiago sortzen direla ikustean. Eta, badakit, oraindik ez dugu guztia irauliko, ez dugu nahi dugun hori guztia egun batetik bestera lortuko. Baina, lasai, hau hasi besterik ez da egin.