Jakin dugu Zarauzko tren geltokia berritzera doazela, eta baita Iñurritzakoa ere, eta momentua egokia iruditzen zait berriro ere Iñurritzako geltokiaren izenaren kontua plazaratzeko. Eskatzeko geltokiari IÑURRITZA deitzea, eta ez SAN PELAIO. Arrazoia sinplea da: San Pelaio ermitaren izena da, eta Iñurritza auzoarena. Eta beraz horren alde egin dezan eskatu nahiko
nioke Zarauzko Udalari, jakinaraz diezaiola Eusko Trenbide Sareari (eta baita Lurraldebusi ere, autobusetako bere grabazioak alda ditzan) izen “ofiziala” zein den.
Izango da inor esango didana oker nabilela, auzoak izen hori ez duela sekula izan, ofizialki esan nahiko nuke, eta argudio historiko-linguistikoen zale batere ez naizenez, erantzungo nioke… bada hala ez bada izan, bada garaia! Bereizi ditzagun auzoa eta bertan dagoen eraikin bat edo santu bat.
Nik ez ditut behar beraz, baina, behar dituenarentzat, badira halaber oinarri historikoak-edo. Iñurritza da biotopoa, hainbat txartelek hala diote eta Gipuzkoako Natura alorreko erroldek. Izen horrekin historikoki paraje hori izendatzen zen (Euskaltzaindiaren toponimia datu-basean hala dator, paraje baten izen gisa), baina ezin da ukatu denborarekin auzoari ere izena eman diola, eta auzo horretako herritarrek hala erakutsi dutela euren jardunean. Auzo-elkartea Iñurritzakoa izan da, jai batzordea ere hala da, eta Iñurritza Elkarteak (auzoko zaharren soziedadeak) hala izena du eta hartzen duen eraikina “Escuelas Nacionales del barrio de Iñurritza” izan zen (eskerrik asko informazio eta argazkiengatik, Mitxel).
Udalak ere 1975ean inguruotan hirigintza alorreko plan partziala egin zuenean Plan Parcial Carmelitas-Iñurritza izendatu zuen, Karmelitak-Iñurritza eremua (oraintsu arte izan da horri buruzko erakusketa interesgarria Sanz Enean). Eta Udalak berak 1995ean egindako Zarauzko toponimoen planoan —nik dakidala toponimiaren alorrean Zarauzko Udalak ofizialki egindako
bakarra, baina akaso erratua naiz— San Pelaio izena dator eraikin bati deitzeko, Xabier Egañaren pintura ederrak dituen ermitari, eta inguruari, batez ere biotopoa dagoen inguruari, IÑURRITZA deitzen zaio.
Baina horrekin konforme ez eta Historia deitzen diogun horretara jo nahi duenak, ba hori ere aurkituko du. Herriaren sorreraren 750. urteurrena zela-eta Zarauzko Historiaz egindako liburuetan behin eta berriro aipatzen da, noski dokumentu historiko eta publikoetatik aterata, Iñurritza dela auzoaren izena. 1504ko dokumentu bat dator, padurak hartuta zeukan baina
jada lehortzen hasia zegoen gure auzoari buruz, “…alcaldes, con los jurados e prebostes e vecinos de la villa, trataron sorbe los daños que los ganados foragidos de los Iñurriças facen de noches e por días, en los maizales e labores del campo, rompiendo los setos de fazia Iñurriças…”. Esanguratsua da, halaber, 1808. urteko errolda bat, herrian zenbat baserri eta etxe eta bakoitzean zenbat bizilagun zeuzkana dakarrena. Herrigunea kalez kale zerrendatzen du (6 kale), eta gero hiru auzo: Urteta, Elkano eta, zerrendan aurrena, “Barrio de Yñurriza” (jakin-mina baduzue, auzoan orduan 25 baserri eta “Ermita de San Pelayo”). Alegia, XIX. mendean errolda egin zuenarentzat garbi zegoen San Pelaio ermita bat zela eta Iñurritza auzoan zegoela.
Eta horrela hainbat tokitan.
Bilduma horretako V. liburukian, Zarauzko Folkloreari buruzkoa dena, espreski jasoa dago Iñurritza auzoan egiten den “Mutil-Ardoa”.
Zarauzko herriaren historian hain laudatua eta famatua den Pascual Madoz iruindarrak ere lagunduko digu. Zarautz munduari ezagutarazi omen zion bere Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar liburuan, 12 orrialde eskainiz. XIX. mendeko geografia eta gida-turistiko modukoa izan zen horretan honelaxe dakar: “PASEOS. En la parte septentrional de la villa los zarauzanos hallan en sus ratos de ocio excelentes paseos naturales para invierno y verano. El camino que va de la población al barrio de Iñurriza, dist. unas 1.000 varas, es enteramente llano, tiene hermosas vistas hacia la mar y la montaña. Este paseo es estrecho y en el verano muy ahogado, porque le cierran en toda su
dirección los famoso maizales … “
Eta gehiago.
Anjel Lertxundiren Tretzak eta kordelak liburu zoragarrian kontatzen da nola San Pelaio ermita zaharra (itsasertzean zegoen, gaur egun erreka itsasoratzen den inguru horretan), itsasoak hainbatetan kaltetu eta halako batean “barrurago” berria eraikitzea erabaki omen zuten, eta erabaki San Pelaio ermita egitea… Iñurritzako zelaian.
Alegia, auzoa Iñurritza da, eta San Pelaio auzo horretan dagoen ermitaren izena.
Kontrako argudioak ere akaso inork ekarriko ditu, nik aurkitutakoak baino dokumentu potoloagoetan … baina nik uste izen bakoitzak zeri egiten dion erreferentzia argia dela. Eta iruditzen zait, beraz, geltokia berritu behar den honetan, historiaren pisua gora edo behera, momentu egokia izan daitekeela aldarrikapen hau egiteko, eta santuaren izena erabiltzeko dagokion tokian, eta toponimoarena dagokionean ere: ermita San pelaio eta auzoa Iñurritza. Auzokoek egoki ikusiko balute —niretzat hori da erabakigarria, erreferentzia historikoen eta jauntxoen gidaritzen beharrik ez dut—, erabaki behar duenak erabaki dezala, eta dagokionari abisua pasa diezaiola. Hurrengo batean, Zarautza trenez datorrenak entzun dezan, Oriotik atera dadinean: “Hurrengo geltokia: Iñurritza”.
Mikel Elorza
PD: (barrioko lagunak baditut eskaera hau sustengatzen dutela adierazi didatenak, baina noski, auzotarren iritzia funtsezkoa denez, sinadura-bilketa bat antolatu dut change.org webgunean, honako helbidean sina dezakezuna: http://chng.it/TxF4KVMtJc)