Ikasi gabeko lan eskubideez

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko eka. 10a, 10:28

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak, legez kanpoko kaleratzeak, aldi baterako kontratuak edota ordaindu gabeko praktika amaigabeak. Nekez aurkituko dugu horrelako egoera bizi edo ezagutu ez duen norbait. Egia esanda, oso ohiko bihurtu dira lan eremuko baldintza penagarriak, horiek normalizatzera ere heldu garelarik. Lan esparruko eskubideen ezagutza mugatuaren ondorio, agian. Nire buruari askotan galdetu diot: "Ba al dakigu zeintzuk diren gure lan eskubideak? Ba al dakigu lan esparruan zenbat eskubide urraketa ematen diren?". Eta, nik behintzat, nomina soil bat irakurtzeko orduan ditudan buruhausteak ikusita, ezetz esango nuke.

Pasa den maiatzaren 27an adostu zituzten Espainiako Estatuko alderdi politikoek, patronalak eta sindikatuek COVID19-aren ondoriozko aldi baterako erregulazioetarako laguntzen luzapenak irailaren 30era arte. Hala ere, pandemia erabat baretu arte egoera hori luzatzeko aukerak irekita daude, alderdi politikoen esanetan, lana eta babes soziala bermatzeko beharrezko neurriak direlako.

Gauzak horrela, enpresak langileen Gizarte Segurantzetako ordainketetatik salbuetsita geratuko dira, baina ordainetan ezin dituzte beren langileak kaleratu. Kaleratuko balituzte, enpresak jaso dituen dirulaguntzak bertan behera geratuko lirateke. Kontrapartida horrekin langileon babes soziala eta lana bermatzen dira agintari politikoen esanetan, nahiz eta "babes" horrek iraungitze data daukan.

Izan ere, pandemiaren baretzearekin batera, gobernuaren laguntzak nahiz kaleratze debekuak desagertuko dira. Horrek zer esan nahi du? Hainbat langile kaleratzeko arriskuan geratuko direla egun batetik bestera modu sistematikoan. Etorkizun iluna dugu aurretik. Langileon babesgabetasun egoerarentzako (aldi baterako kontratu zentzugabeak, ordu estra ordaindu gabeak, lan modalitate irregularrak, kaleratze ilegalak…) patronalak eta alderdi politikoek daukaten aterabide bakarra proletarizazioarena da; hau da, lan baldintzen, eta ondorioz, bizi baldintzen kaskartzea. Izan ere, enpresa askok eta askok pertsonalaren murrizketak edota soldaten kaskartzeak emango dituzte esponentzialki, kapitalaren ziklo produktiboaren ondorioak langileriak jasango ditu, pandemian eta pandemiaren ondoren.

Egoera honetan, langileriaren sektore kolpatuenetan desantolakuntza eta lan eskubideak ez ezagutzea dira nagusi: horrela, langileriak bere aurka diseinatuak izan diren legeen baitan irabazteko gutxi daukan arren, horiek ezagutzeko eta horiei probetxua ateratzeko biderik ez du, nekez errespetatzen direlako bere eskubideak.
Horrela ezagutzen ditugu geure inguruan, praktika kontratuekin "doan" lanean dabiltzan gazteak, beltzean barra atzean ari direnak edota "lagun" batek hala eskatuta ume zaintzen ari direnak. Nago harreman laboral hauen guztien atzean ere geure eskubideak ez ezagutzea eta gutxieneko diru sarreren urgentzia daudela. Geu asko konturatu gabe nahi dituztenak eta bi egin ohi dizkigute; eta horretarako, ez daukagu multinazional handietara jo beharrik, sarritan errazena izan arren etsaia etxetik kanpo bilatzea. Askotan, beheko tabernaria edota herriko enpresa txiki bateko jabea da langilearen egoera babesgabe hori aprobetxatzen duena.

Horregatik, lan zuzenbidea ikertzea eta lanpostuetan bizi ditugun injustiziei aurre egiten hastea beharrezkoa dugu, langileria bere bizi –eta lan– baldintzen aldeko borrokara batuz. Gatazka laboralen aurrean aterabideak bilatu behar ditugu, baina era berean, langileon arteko batasuna sustatu behar dugu, proiektuan parte hartuz ondoan baldintza berdinetan dagoenari laguntzeko, norbanakoen gaitasunak batuz kolektiboarenak biderkatzeko. Eta, beraz, poza ematen du gure eskualdean ere auzi laboralerako antolakuntza tresna berriak sortzen ikusteak, garai zailetan inoiz baino beharrezkoagoa baita gure eskubideak borrokatzea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide