Urte bat igaro da

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko mai. 13a, 09:51

Urte bat igaro da. Eta, egia esan, badugu zer kontatua. Ezagutu dugu osasun publikoaren egoera penagarria eta baita egoerari aurre egiteko botere politikoaren ezintasuna ere, osasuna merkantzia gisa erabiltzearen ondorio. Ezagutu ditugu lan forma ezberdinak: Internet bidezko erosketen gorakada, telelanaren bitartez lanaldien mugen lausotzea… Eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak, lan baldintza penagarriak eta langabezia. Baita poliziaren jazarpenak, kale militarizatuak eta isunak ere. Eta ezagutu dugu oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzea normalizatu duen gizarte bat, osasunaren izenean ematen diren neurri murriztaileak zalantzan nekez jarri dituena.

Koronabirusaren pandemia hasi zenean, oraindik presente zegoen 2008an lehertu zen krisia. Zorpetze geroz eta handiagoaren ondotik, inoiz helduko ez zen ekonomiaren hazkundearen promesa zetorren garaia zen hura. Eta orain, egiturazko krisi baten erdian, honi buelta eman nahian lanaren berregituraketa bizi dugu: kapital finantzarioaren indartze bitartez, Europako Funtsen zuzeneko edo zeharkako laguntzen bitartez, goi teknologiaren garapenaren bidez... Eta oraindik ere, langabezia ikaragarriaren eta eroste ahalmen geroz eta txikiagoaren aurrean, ekonomiaren hazkundearen promesarekin jarraitzen dute.

COVID-19ak eragin lazgarria izan du pertsonen bizitzetan eta jarduera ekonomikoan, baina hori garapen kapitalistaren ondorio gisa ulertu behar dugu. Azken urtean ezarri diren neurriek eta debekuek ez zuten osasun egoera egonkortzeko helburua, bestela ezin uler genezake gaur egungo egoera kritikoa. Malabareak egiten dabiltza pandemiaren aurkako asistentzia sanitariorako gastuen eta jarduera ekonomikoan duen eragin paralizatzailearen artean. Horrela, krisi ekonomiko baten erdian berregituraketa modu egokian eman ahal izateko neurri gisa ulertu behar ditugu. Burgesiak koronabirusaren gaixotasuna instrumentalizatu du gizartearen kontrol soziala ezarri eta lan produktiboaren berregituraketa zilegiztatzeko. Alabaina, ahaleginak ahalegin, Europaren gainbehera ezin estaliz dabiltza.

Bien bitartean, alarma egoera bertan behera gelditu den honetan, denetariko erreakzioak ikusten dira: Otegi neurri murriztaileekin aurrera jarraitu nahian, muineko arazoa burujabetza dela esaten; sindikatuak, kutsatzeen %70 lanean ematen dela salatzen duten une berean, neurri murriztaileak babesten; pandemiaren kudeaketaren arduradunak seinalatu beharrean gazteen jarrerak soilik salatzen dituzten moralistak… Argi dago: Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hartu dituzten neurri arbitrario horiek ez dira pandemia hobetzeko eraginkorrak, ez dira "osasun" neurri neutralak. Bestela, urte bat geroago zergatik daude oraindik ZIUak gainezka? Ez da jakin nahi kutsatzeak non eta nola ematen diren, eta, beraz, ez da aztertu nahi hartzen dituzten neurriak eraginkorrak diren edo ez. Gutxiago neurri horien bitartez gizartearen otzantzea eta kontrol soziala areagotzen bada. Edozein ordutan kalera irtetea, bilerak egitea, ondoko herrira joatea edota mobilizazioak antolatzea ukaezinak izan beharko luketen eskubideak dira. Eta orain, oinarrizko eskubide kolektibo horiek saldu dituzte beren burua ezkerrekotzat duten alderdiek ere.

Krisi egoerak arrakalak sortzen ditu, baina arrakala horietatik beharrezkoa dugu momentu historikoa ulertu eta baldintza subjektiboak sortzea. Klase zapaltzailearen arrastan ibiltzearen inertzia historikoarekin amaitzea dagokigu, eta horretarako baldintza dugu klase independentzia. Beraz, oztopoak oztopo, gure eskubide politikoak defendatu eta antolakuntza sustatzea dagokigu. Ezer gutxi dugunon esperantza bakarra dena aldatzearen hautua baita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide