Elia.eus

Itziar Cortes 2021ko api. 16a, 10:40

Hemen irakurgai Itziar Cortes Elhuyarreko ingeniari zarauztarrak gaurko Urola Kostako Hitzan egin duen ekarpena, 'Elia.eus' webgunearen inguruan.

Martxoaren 22an aurkeztu genuen elia.eus webgune eraberritua, Elhuyarren itzultzaile automatikoa, aurrez itzultzailea.eus izenez ezagutzen genuena. Izenarekin batera, itxura ere aldatu diogu gure itzultzaile neuronalari, Elhuyarrek izan duen marka aldaketarekin sintonian. Horrez gain, begi hutsez ikusten ez diren bestelako aldaketak ere egin dizkiogu; esaterako, urte-hasieran baino 4 aldiz azkarrago itzultzen ditu gure itzultzaileak dokumentu formatudunak (Word, LibreOffice…).

Elia.eus webgunearen helburua da gizarteari punta-puntako teknologiak oinarri dituen itzultzaile eleaniztuna eskaintzea, eta Elhuyarren itzulpen automatikoaren alorrean egiten den lanaren erakusleihoa izaten jarraitzea. Lanean jarraitzen dugu.

Webgune berria ez ezik, mugikorretarako aplikazio berriak ere estreinatu ditugu, eta Play Store eta App Store dendetatik deskargatu daitezke. Dagoeneko milaka lagunek erabiltzen dute Elia euren mugikorretan instalatuta.

Itzultzaile automatiko neuronalarekin lanean hasi ginenean, eta lortzen genituen emaitzak ikusita, berehala ohartu ginen itzulpengintzaren alorrean ere eragina izango zuela teknologia horrek. Izan ere, itzulpengintza tradizionala (edo profesionala) baldintzatuta geldituko ote zen zalantza egiten genuen geuk ere. Nolabait, kezka genuen itzultzaile lanetan jarduten direnen kontrako teknologia garatzen ez ote ginen ari. Elhuyarren bertan itzulpen-zerbitzu bat daukagu, eta aitortuko dut itzulpen automatikoarekiko errezelo asko izan ditugula, baina, gaur egun, itzulpen zerbitzuko jarduna eta elia.eus guztiz bateragarriak dira.

Sarritan galdetu didate ez ote garen gure teilatura harriak botatzen ari, geroz eta itzulpen automatiko hobeak lortzeko teknologiak garatzen ditugulako. Erantzuna erraza da: makina batek sortutako itzulpen batek ez du pertsona batek egindakoaren kalitate bera, hau da, ezin dugu emaitza bera espero. Itzulpen beharraren arabera hautatu behar da prozedura, eta hautu hori egoki egiteko erantzukizuna erabiltzaileon esku dago. Ez da berdina norberak ele bitan idatzi beharreko txosten baterako itzulpen automatikoa erabiltzea, laguntza gisa, edo enpresa bateko produktuen katalogo bat itzultzeko erabiltzea. Kasu horretan, teknologiak ez du mugarik, ematen diozun edozein testu itzuliko baitu; baina erabil dezagun teknologia zentzuz, eta, behar denerako, erabil ditzagun itzulpen-zerbitzuak, tradizionalak, pertsonez osatutakoak.


Gaur-gaurkoz, euskarazko hizkuntza teknologien aldeko apustu argia egiten du Elhuyarrek, eta horren adibide bat besterik ez da elia.eus. Jarrai dezagun euskara aro digitalera ekartzeko proiektuetan lanean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide