Berrehun urtean zintzo asko herritarrei ordua adierazten pasatu eta gero, gure ezkila-dorreko kanpaia ABEEn (ERTE) jarri digute Errezilen, eta gizajoa berriketarako dagoela ohartu naiz:
–Edade puska bat ere bazeukeat, bai, eta hemendik aurrera gauetan atseden hartzeko moduan nauk –esaten zuen kable bat tira-tira eginda jarri ziotenean, iluntzeko hamarretatik goizeko zortzirak arte isilik egon dadin.
–Eta inguruetako baserritarrak zer? Hoiek hire danbatekoak aditzen eta kontatzen ohituta zeudek bada oheko tapaki azpitik! Sindikatu edo horrelako leku batera jo beharko diatek beren eskubideak errespeta ditzatela eskatuz…
–ERTEtik ateratzen banautek, ni lanerako prest nagok; herritarrak ere zerbaitetan aginpidea edukiko ditek eta.
–Arraioa, zer esatea nahi duk, hori beren kontua duk. Hi ere beste zahar asko bezalaxe sobratu egin haizela ematen dik. Gauza berriak eta kanpotik etortzen direnak, edo ekartzen dituztenak, bertako zaharrak baino gehiago balio dutela ematen dik.
–Pena duk, baina nik ezin diat ezer egin, lepotik lotu nitek, eta goizaldean danba eta danba lanean hasten naizenean lasaitu ederra hartzen diat, tiraka daukaten kate hau askatzen zaitenean.
–Bazekiat, bai, nola hagoan, besteen mende, beste asko bezalaxe, ez huan asko pentsatzen baina. Gauzak horrelaxe dituk kanpoko señoritoak etortzen direnean.
Lau eta erdietako danbatekoa emanaz, baietz esaten zidala pentsatu nuen. Bejondaiala, herorri galdetu gabe isildu hauen kanpai zaharra. Sentitzen diat, baina ez diat galtzen berriz ere hasiko haizen esperantzarik. Zer nahi duk gehiago esatea?
Luis Eizmendi Garmendia. Errezil.