Norberaren denbora antolatu ahal izatea da jubilatuta egoteak dakarren atseginetako bat. Beste bat, inguruko txoko ederrak bisitatzeko aukera. Pandemiak eraginda, herri-mugetatik kanpo ez joateko aginduak murriztu ditu, hilabete batzuetan, gure ibilerak (zer korri-errazak diren Zarautz herriko lurralde eskasak!), baina dagoeneko zabalik ditugu Aiakoak ere, eta Aia askoz zabalagoa da gure herri txikia baino, eta txoko ederrez betea, gainera. Eta txoko aipagarrietako bat Altzolako bailara da. Gertu egonik urruneko toki baten oihartzunak ditu Altzolak, eta antzinako lekua da gaurkoa izanik. Gainera, gure amona han jaioa zen, eta arbasoen lurrak eragiten du definitzen erraza ez den herrimina.
Paradoxa dirudi hurre egonik urrutiko lekua dela esatea, eta antzinako kutsua ezartzea gaurkoa den zerbaiti, baina auzo hori benetako errepiderik gabe egon zen aurreko mendean oso berandu arte, eta Gipuzkoaren lurralde "sakon" horietakoa izan da ia atzo arte. Gogoratzen dut amonarekin egindako aspaldiko bidaia bat, lokazti bat baino gehiago zituen gurdibide batetik orain baino handiago zen Altzola batera. Pascual Madozek dio, XIX. mendearen erdi aldera, 146 arima bizi zirela han, orain bizi direnak baino gehiago. Gainbeheran joan den auzoa da, beraz. Izan ere, ez zen erraza izango "han" bizitzea, erabat aldatzen ari zen gizarte batetik hain hurbil eta hain aparte, era berean. Duela gutxi, bisita azkar batean joanda, harrigarria egin zitzaidan auzoko kanposantura gerturatutakoan gaintxo hartatik iparraldera itsasoaren marra urdina ikustea, hain gertu, hain hurbil. Eta mingarria, berriz, kanposantuaren egoera.
Urte eta mende askotan Eliza Katolikoak eliza-barneetan edo eliza-atarietan lurperatu zituen fededunak. Horregatik deitzen zaio (zenbait lekutan, behintzat) zimiterio eliza-aurreari, elizari atxikitako aterpeari. Grekozko koimenterion hitzetik dator, itxuraz, eta lo-leku omen du esanahia. Metafora ederra beste mundu batean esnatuko diren hildakoen atseden-lekua adierazteko. Fedea suspertzeko, literatura. XVIII. mendean, ordea, pandemiaren bat bitarteko, hildakoak elizan eta eliza-atarietan lurperatzeko debekua zabaldu zen Espainiako Erresuman, eta horrela sortu ziren kanposantu berri asko; campus sanctus, elizaren eremutik aparte hildakoak lurperatzeko lekuak, fededunak lur sagaratuan, fedegabeak handik kanpoko sailtxo batean. Ordukoa izan daiteke Altzolakoa. Kontuak kontu, berezia da erabat, poligonala, hexagono baten irudikoa; bitxia. Ez dakit arkitektura aldetik balio berezirik duen, edo arte aldetik; beharbada bai, baina beste alde batetik begiratu nahi nioke nik: gure memoriaren euskarri den ondare den aldetik.
Altzolako kanposantuaren alde bat, harrizko pareta bat, eroria da dagoeneko; kanposantu barrua, sastrakak eta zuhaixkak hondatua dago; agian, azken lurperatuaren granitozko oroitarria, eraitsia; San Roman elizatik hilerrirako bidea, alferrik galdua. Laburrean esanda, utzikeria izugarria; gure arbasoek lagatako aztarna baztertuak larreko azienden oinpean. Penagarria. Penagarria bere zentzu betean, pena ematen duena. Fededunek, zaindu beharko luketelako beren fedeagatik; fedegabeok, herri-memoria eraikitzeko ondarea dugulako, eta sinetsi behar genukeelako horixe izango dela gure arrastoa: bizi izan ginela dioena. Beraz, Elizari, Altzolako auzoari, Aiako herriari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari… eta kanposantu horren alde lan egiteko prest gintezkeen boluntarioei dei egingo nieke hondamendirako amildegi ertzean dagoen kanposantu hori zaharberritzen ahalegintzeko. Ikusi, sentitu eta salbatzeko bidean jartzeko. Izan zirela eta bagarela agertzeko ekintza bat litzatekeelako.