Panpa-belarraren mehatxua

Urola Bizirik natur taldea 2021ko ots. 4a, 12:26

Urola Bizirik natur taldeak panpa-belarren mehatxuari buruz idatzi du honako gutun honetan.

Badira hilabete batzuk Urola Bizirik natur Taldeko kideok bailarako hainbat gunetan panpa-belarra zabaltzen ari dela konturatu garela. Jakingo duzuenez, espezie hau –cortaderia selloana– Hegoamerikakoa da, Argentinako Panpakoa hain zuzen ere; hortik datorkio izena. Landarea Espezie Exotiko eta Inbaditzaileen Katalogoan sartuta dago. Horrek esan nahi du gure ekosistemarentzat kaltegarria dela. Adibidez, belardien kalitatea gutxitzen du, eta hori arazo larria izan daiteke baserritarrentzat. Katalogoan sartuta dauden beste espezie guztiekin gertatzen den bezala, debekatuta dago landare hori saltzea edo landatzea.

Bestalde, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren plumeroa kudeatzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko estrategia nazionalaren arabera, "arnas alergiaren kasuak areagotu egin dira" plumeroa loratzen den garaian, eta landare horrek eragin dezake hori; izan ere, data horietan, beste gramineoak polen gutxien duten unean izaten dira.

Gizakia izan da hedapenaren erruduna, lorazaintzan eta azpieguretako obratan eraikitako biribilguneak eta abar dotoretzeko erabili izan duelako, sor zitzakeen ondorioetan pentsatu gabe. Horregatik aurkitzen da hainbeste errepide ondoetan edo herrilanak egin diren guneetan. Hala ere, oso moldakorra denez, askotariko inguruneetan eta klimetan haz daiteke. Gainera, oso emankorra da, hazi asko ekoizten baititu.

Kantauri isurialdean eta beste eskualde batzuetan ere, landare hori arazo larri bihurtu da: Asturias, Kantabria, Bizkaia... Bertako erakundeek programa bereziak eratu behar izan dituzte landarearen inbasioari aurre egiteko, eta dirutza handia gastatzen ari dira.

Guzti horrengatik, eta arazoa zabaldu eta handitu aurretik, Urola Bizirik natur taldea inguruko panpa-belarrak kokatzeko mapa bat eratzen ari da, bailarako udalei horren berri emateko eta hartu beharreko neurriak era zehatz eta zuzen batean hartzen laguntzeko.

Landarearekin amaitzea ez da erraza, bere ezaugarri batzuk kontuan hartu behar direlako:

  • Hosto gogorrak ditu eta ebaki egin dezakete.
  • Mozten bada ere, berriro ernaberritzen da.
  • Sua erabiltzea saihestu behar da, ez baita horrekin suntsitzen. Aitzitik, inguruko landaretza naturala ezabatzen du, eta, beraz, panpa-belarra are hobeto garatzen da, lehiarik gabe geratzen delako.
  • Udan loratzen da, uztailetik urrira, eta landareak 100.000 ale sortu ditzake sasoi batean. Beraz, landarea handitu aurretik, loratu eta haziak sortzen hasi aurretik alegia, ezabatzea da egokiena. Eta landarea handia bada, hazi horiek biltzen dituzten mokorrak edo plumeroak moztu aurretik plastikozko poltsa batean sartu behar dira, haziak zabal ez daitezen.
  • Horiekin amaitzeko teknika egokiena errotik ateratzea da, sustraiak gelditzen ez direla ziurtatuz. Produktu kimikoak ere erabili ohi dira, baina inoiz ez ura egon daitekeen tokietan, oso produktu kaltegarriak baitira uretan bizi diren espezieetarako.
  • Beste teknika bat da sastraka moztu ondoren belarren aurkako sarez edo bestelako material opako edo beltz batez estaltzea. Horrela, argirik gabe eta gehiegi berotuta, ez da ale berririk ernaltzen.

Beraz, landare horien suntsipena errazteko asmoz, herri inguruan ikusten dituzuen panpa-belarren berri ematea eskertuko genuke, horretarako gure sare sozialak (Facebook eta Instagram) edo posta elektronikoa (urolabizirik@gmail.com) erabiliz, landareen kokapena zehaztuz eta, ahal bada, argazki bat bidaliz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide