Norbaitek esan dezake, arrazoi punttu batekin, parezer hori ez dela hitz egokia hor goiko izenburuan agertzeko. Izan ere, ospe txarreko hitza da parezer; alde batetik, gaztelaniaren kutsu nabarmena du, eta, bestetik, ikasigabekoen ahokoa ematen du, baztergarria. Gainera, badugu horren ordezko jatorra: iritzia. Zertara dator, beraz, izenburu hori? Ea gai naizen argitzeko nondik nora dabiltzan nire buruzpideak.
Hasteko, esango nuke gero eta zailagoa,dela bereiztea ondo pentsatutako norbaiten iritzia ahoa berotuta berriketan aritu diren beste hainbat parezeren artean. Esan nahi dut, niretzat behintzat, iritzia gauza serioa dela: adierazi nahi dugun hori aurretik ongi oinarritu behar da, behin eta berriro pentsatu. Iritzia eman aurretik, handik eta hemendik bildutako arrazoiak aztertu eta egiaztatu behar dira, gaia edo arazoa pisuzkoa denean, bereziki. Bestela ez da izango iritzia, izango da norbaiten parezera, arinkeria bat, oinarririk gabeko zerbait, hitzegite hutsagatik esana. Eta arriskua non dago? Iritziak eta parezerak denak batera hartu eta batzuei eta besteei neurri eta garrantzia bera ematean.
COVID-19aren inguruko ezin isilduzko kalakak erakusten digu horren adibide argia. Moteilak! Hori jardun beharra. Orain kutsatuak direla, hurrena txertoak, gaur Madrilen lurreratu ezin den hegazkina, bihar gerorako gorde diren txertoak, bigarren dosia dela eta ez dela. Eta zurrunbilo horretan, zenbat benetako iritzi? Eta zenbat parezer hutsal gizartean alarma eta ezinegona besterik sortzen ez dutenak?
Egungo medioek sekulako erraztasunak eskaintzen dituzte norberaren iritziak zabaltzeko, eta beldur naiz zabaltzen diren horiek, neurri handi batean, parezer hutsak direla, eta, horrela, batzuek hor dabilen bazka sortzen duten bitartean (irrati, telebista eta sare sozialetako parezer toxikoz edo hutsalez ari naiz), besteak kontsumitzen ari dira.
Pico de la Mirandolak (1463-1494) de omni re scibili entseina edo dibisa hartu omen zuen, «jakin daitezkeen gai guztiez» eztabaidatzeko jantzia zegoela adierazteko. Haren uste harroa! Eta zenbat jarraitzaile gaur egun! Tertuliano askori eta sareetako milaka sasijakintsuri esan geniezaioke Voltairek Mirandola jaunari esan ziona: et quibusdam alliis gehitzeko dibisari; hau da, jakin zitzazkeen kontuez gain, beste hainbatez ere hitz egiteko gai direla, pulamentu eta sakontasun gutxirekin edozertaz aritzeko, alegia.
Gure gizartetxo berri honetan tertulianoak ziren, hasieran, denetik zekiten jendea, baina gero, haiei entzunez, beharbada, edonor gai sentitu da edozer edonon esateko, eta jendea bere parezerak aho zabaletik isuriz hasi da, eta gure hedabideak mundura parezer txoroak gero eta sarriago zabaltzen.
Jakina, lehen taldeko barreiatzaile horien ondoan dira bigarrengoak ere, zakarbiltzaileak, edozer sinesteko gai direnak edota argi dagoen edozeri uko egiteko prest daudenak: lurra laua dela sinetsi, inoiz ez dela gizakia ilargira joan, txertoak gu denok menderatzeko jukutria direla, koronabirusa asmazioa, eta neguko elurra gezurrezkoa, plastikozkoa… Inolako zentzu kritikorik gabe edozer gauza irensteko gai: sarean meme birala bilakatu eta dantzan baldin badabil, hura egia biribila da, ikasitako iritziei uko egin behar badiegu ere. Edozein mozolok sarean behar adina zabaltzen duena onartzeko prest beti. Eta zentzurik gabeko hainbat astakeria hor biraka dabiltzan bitartean, eskuin muturreko jendea hori dena kapitalizatzen eta beren populismoari haizea ematen, jende izutua, zalantzatia edo bere iritzia osatzeko gai ez dena bereganatzeko. Ezinegona sortu, bazterrak nahastu, benetako ‘iritziak’ baztertu… beren uzta heldua jasotzeko. Horixe gertatzen dena. Horixe, behintzat, nire parezera.